Harreman berriak eraikitzera!

Haizea Egiguren (Bilgune Feministako kidea)

Aurtengoan ere martxoaren 8a guztion ahotan ibiliko da, zer esanik ez alderdi politikoen kasuan. Hurrengo eguneko boto bila, beraien burua zuritu asmoz. Bada, ez! Nazkatuta gaude martxoaren 8a gora eta martxoaren 8a behera ibiltzeaz bazter guztietan. Badirudi egun horretan bakarrik izaten direla eskubide urraketak, eta urteko gainerako egunetan berdintasunean bizi garela.

Sistema patriarkalak ederki dauka pentsatuta zein mekanismo erabili behar dituen, bizi dugun jendarte eredua mantendu ahal izateko. Emakumeei eta gizonei berdintasun faltsuaren diskurtsoa zainetaraino barneratzea lortu du. Aldiz, egoera bestelakoa da: emakumeok ez gara gure eskubideen jabe eta onartuak ditugun asko urratuak ditugu. Mugimendu feministak urteetan egindako borrokaren ondorioz, hainbat lorpen eskuratu ditugu (boto eskubidea, hezkuntza jasotzeko eskubidea, eremu publikorako sarbidea...). Hala eta guztiz ere, hainbat oinarrizko eskubide —abortatzekoa, kasu—, berriro galtzeko zorian daude. Nola uler daiteke abortoa praktikatu duten hainbat emakumeren atxiloketa? Egoera larria da benetan, gure gorputzaren jabetza ere ukatu digute.

Mila arrazoi ditugu borrokan jarraitzeko. Euskal Herri parekidea eraiki behar dugu, Euskal Herri feminista. Horretarako lehen harria jartzeko aukera dugu apirilaren 11n eta 12an egingo ditugun IV. Jardunaldi Feministetan. Geure egoeraz eta bizipenaz, feminismoaren pentsaeraz eta ibilbideaz, geure ikuspuntutik eztabaidatzeko aukera paregabea izango dugu. Animatu, neskak!

Besterik gabe, norbanako bakoitza bere buruko edukiak birziklatzera animatzen dugu eta, nola ez, feminismotik harreman berriak eraikitzera!