Fernando Morillo. Iparrorratzik ez

Arantxa Aldalur

“Misterio ugari” du biziak; hala dio Fernando Morillo idazleak. Eta egunero ibiltzen da “misterio” horien bila, ezezagun dituen tokietan

  (Enok)
Mendian "galtzea" gustukoa du  (Argazkia, Fernando Morillok utzita)

Irakurle zale “amorratua” da Fernando Morillo idazlea txikitatik; zientzia eta fantasia liburuak “irentsi” egiten zituen umetan. “Orain pixka bat denetik irakurtzen dut. Azkenaldian komikiengatik eman dit, eta benetan originalak direnak aurkitu ditut. 80ko hamarkadako komiki batzuekin ari naiz, hura izan baitzen, komikien Urrezko Aroa, eta arau puskatzaileak dira benetan”.

Aitortzen du Nietzsche filosofoa dela bere idazlerik gustukoena. Filosofia ikasketak egin zituen Morillok berak, Leioan Fisika karrera alde batera utzita. “Barruak esan zidan aldatzeko karreraz, eta entzuten jakin nuen. Fisikako laugarren mailan nengoen ordurako eta banuen jarraitzea bukatu arte, baina inoiz ez zait damutu hartutako erabakia”. Mendizaletasun handia du, eta “galtzea” gustatzen zaio. “Edozein bidezidor hartu eta imaginazioa piztu” egiten zaio. “Oso despistatua naiz eta erraz galtzen naiz, baina galtzen naizenean oso sentsazio ederrak izaten ditut. Abentura izaten da! Eta ez derrigor mendian; trena hartu, beste hiriburu batera joan eta bertako kale ezezagunetan gira eta bueltaka ibiltzeak bizirik sentiarazten nau. Ez galtzeak ematen dit beldurra! Ezohikotasunak pozten dit eguna, eta horretarako bizia egunero zirikatzen dut”. Bere burua “bidaiaritzat” dauka eta “barrura eta kanpora” bidaiatzen du. “Berdin dio gela baten sartuta banago ere, buruak beti egan egin dezake. Liburu batek, hain gustuko ditudan Irlandako doinuak...; denek imaginazioa martxan jartzen didate eta, alde horretatik, oso bidaiaria naiz”.

“Teknika ezberdinak” ditu “burua kontrolatu eta gorputza lasaitzeko”. “Karatea, adibidez. Urte askotan ibili izan naiz eta niri asko balio izan dit, borroka fisikoa baino borroka mentala gehiago baita karatea. Gerriko beltza izatera iritsi nintzen. Orain gutxi egiten dut, neure kasaka, Internetetik jaisten ditut klaseak, tatami txiki bat jartzen dut eta hor ibiltzen naiz.

Jakin-minak asetzeko

Horrez gain, “frikien”gailu batzuk ere gustuko ditu. “Oso teknologi zalea naiz eta PDA, agenda elektronikoa eta ordenagailu portatilaz gain, begiak lasaitzeko betaurrekoak, gorputza goitik behera astintzen duen Chi makina dauzkat etxean”. “Jakin-minak” eman zuen idaztera, eta nabari da harekin hitz egitean biziari zukua ateratzen diola. “Biziak misterio asko ditu, ikusteko, ezagutzeko, jolas egiteko, eta hori da bilatzen dudana”.

“Ilusioak sortzeko asmoz”, prestidigitazioa ikasten hasi da. “Magia sortzea izugarri polita da, idazleon helburua ere hori da azken batean, baina magia egileek duten abilezia miresgarria da benetan, izugarri ederra iruditzen zait”. Mikroskopio eta teleskopio bat ere erosi berri ditu, “gauzen beste ikuspegi bat” ematen diotelako; orduak egiten ditu beraietatik begira.

Bizi izan zan

Bere liburuetako pasarteetan, sarritan eskenatoki bihurtzen ditu hilerriak. “Badut fijazioa hilerriekin, bertan dagoen bakea gustuko dut eta elizetan egoten dena ere bai. Hilerrietan ez dago gezurrik. Gauza asko ikus daitezke begirada batekin: ahanztura, maitasuna, pena...; dena agerian geratzen da leku horretan”. Bere hilarrian ‘bizi izan zan’ jartzea nahiko luke, “besterik gabe”; izan ere, “egia da”. “Egunero saiatzen naiz ahal den intentsoen bizitzen, eta biziak ez nazala eraman markatutako bideetatik. Zaila da sarritan, kontrako norabidea hartzen dudalako, baina nire bizia nik nahi dudan lekura ematea da lehenengo printzipioa”.

Ekainaren bukaera aldera motxila hartu eta berriro kanpora joateko asmoa du. “Berdin zait nora, baina beharra daukat autoa hartu eta urruntzeko pixka bat, non eta zeinekin bukatuko dudan jakin gabe.”

.34 urte ditu Morillok, eta “afizioz beteta” dabil. Bizi-bizirik dago, “begiak zabal, eguneroko bizian gertatzen diren zelebrekeriak ikusteko, halako ugari baitago” Gaur egun Hernanin bizi da.

Etengabeko lana

.1999. urtean argiratu zuen bere lehen liburua Morillok, eta harrezkero izena hartuz joan da euskal literaturan. Haur eta gazte literaturan murgildurik, Euskadi Saria irabazi zuen 2003an Izar Malkoak lanarekin, eta orain dela gutxi argitaratu du bere hemeretzigarren liburua.

Motzean

Film bat? Leolo.

Liburu bat? Pololoak, Patxi Gallegorena.

Musikari bat? Gatibu eta Mariza.

Asmakuntza bat? Internet.

Leku bat? Iratiko pagadia.

Une bat? Gauez pasieran.

Amets bat? Horrela jarraitzea bizitza osoan.