Atano III.aren lehendabizikoa

Iñaki Elorza

Aurreko alean aipatzen genuen Konfites azpeitiarra izan zela eskuz buruz buruko partidu ofizial bat galdu zuen lehen pelotaria (1940an). Oraingoan, Mariano Juaristi Atano III.ari egin behar diogu aipamena (Azkoitia, 1904-02-21). Lehendik ere garaipen ugari zituen, baina sortu berria zen Espainiako Pelota Federazioak antolaturiko Buruz-buruko Txapelketan Atano III.a izan zen lehen txapelduna, aurrez aipaturiko1940koan, hain zuzen ere.

Finala Donostiako Groseko pilotalekuan jokatu zen abuztuaren 11an. Atanok 36 urte zituen eta Iraetako Txikito (Francisco Larrañaga, Zestoa, 1913-09-14) zuen kontrarioa, 10 urte gutxiagorekin. Espainiako Gerra Zibila amaitu berria eta harmailetan Moscardo generala zela (Kirol Kontseiluko presidentea), eta kantxan epaile Juan Bautista Azkarate Mondragones, azkoitiarrak aise irabazi zuen lehen final hura, 22-8. Sakearekin 9 tanto egin zituen Atanok, eta Iraetakoak bakarra. Dirua 40-25i kantatu zuten hasieran eta Atano 0-2 galtzen hasi arren, berehala buelta eman eta 11-2 jarri zen aurretik eta 13-4; 15-5 eta 18-6 joanez, azkenean 22-8 amaitu zen neurketa. Sakearekin bina falta ere egin zituzten finalistek.

Sariak Moscardo generalak eman zituen eta Donostiako Udal Txistulari Bandak Espainiako ereserkia jo zuen. Ez zen hori txistularien azken ‘erakustaldia’ izan. Handik bi urtera Donostian Atano anaien artekoan (Mariano eta Joxemari) eta lau urtera, Bilboko Deportivon jokaturiko Atano III.a eta Feliperen artekoan, bateko eta besteko txistulari bandak behartu zituzten Espainiako ereserkia jotzera, ikusleek besoa altxatuta zuten bitartean. Agur Jaunak ere jo omen zuten.