"Euskara izadiarekin gehien lotuta dagoen hizkuntza da"

Arantxa Aldalur

Euskararen Jatorriaren I. Biltzarra Arantzazun eta II.a Donostian egin ostean, III.a Iruña Okan egin dute, aurten. Lehen bietan izan da Iriarte.

Pako Iriarte  (Arantxa Aldalur)
Sorgin taula  (Arantxa Aldalur)

Euskararen jatorria ezezagun zaigu oraindik. Batzuek euskara hizkuntza erabat isolatu eta Euskal Herrian bakarrik garatu denaren teoria defendatzen dute eta beste batzuek euskararen hedadura ia Europa osoan eta munduko beste eskualde askotan hedatu zenaren hipotesia defendatzen dute. Egia dena, historiaurreko euskararen egoera linguistikoaren inguruko ikerketak hasi besterik ez direla egin. Euskararen Jatorriaren Biltzarra iritzi ezberdinak mahai gainean jartzeko sortu zen eta hor dabil buru-belarri Pako Iriarte azpeitiarra.

Nola sortu zen Euskararen Jatorriaren Biltzarra? Zeinek osatzen duzue?

Norbanakoek eta talde ezberdinek osatzen dugu. Historia eta euskararen munduan lanean gabiltzanak gara guztiok. Mikoleta, Euzko Izaera, Bizi-Hitza eta Ena elkartetakoak, adibidez, eta euskaltzale, idazle, filologo eta abarrek osatzen dute taldea. Ikusten genuen historian zehar eta euskararen inguruan aurkitutako aztarnak, erakutsi dizkiguten “teoria ofizialetatik” urrun geratzen zirela eta ez zirela aztertzen behar bezala. Horrela, euskararen munduan pixka bat genbiltzanok sortu genuen Biltzarra.

Zer hipotesi defendatzen dituzue euskararen jatorriaren inguruan?

Bakoitzak bere hipotesiak ditu, baina Euskararen Jatorriaren Biltzarra ez da hipotesiak defendatzeko gunea, baizik eta topagune bat. Horren bidez dibulgazio lan bat ere sortu da euskararen jatorria.eu webgunean. Hemen euskararen jatorriari buruzko informazio, datu eta iritzi ezberdin ugari daude, baina ez zen dibulgazio lanerako sortua izan berez. Biltzar emankorrak izan dira ikuspuntu ezberdinak aztertzeko.

Teoria ofizialakzalantzan jarri dituzue. Zer arrazoi daude horretarako?

Polítika eta borrokan oinarritutako gizartea izan da gurea eta hizkuntza zapaltzea eragin du. Hizkuntza batek gordetzen dituen gauzak adierazteko, sistema ezberdinak eta hasierako jatorria bilatzen dira. Hemen gertatu dena zera da: jakintsu batek teoria bat ateratzen du, beste batzuk hura defendatzen dute eta listo! Hura sinesten dugu denok. Sistema guztiak horrela funtzionatzen du eta gauzak zabalagoak dira, baina ez da interesatzen eta baztertu egiten dira. Buru garbiketa bat egon da euskararen jatorria adieraztean.

Iruna Okan azaldu ziren aztarnetan zer ageri da?

Kalbario bat aurkitu zen, hiru gurutze eta hitz batzuk idatzita eta hitz horiek ia gaurko euskararen berdin-berdinak dira. Kuriosoa da eta ‘teoria ofizialak’ hankaz gora botatzen ditu.

Talde horren barruan zein da zure lana?

Lehen aipatutako taldeez gain, Patxi Alaña, Koldo Urrutia... elkartzen gara batzuetan. Taldearen barruan joera desberdin asko daude, batzuek asoziazio bat sortzea nahi dute ekimen berriak egiteko eta abar... Ni biltzarre- tan nire iritzia ematera mugatu naiz.

Zein da zure teoria euskararen jatorriari buruz?

Matematiketan zenbakiek balio duten bezala, hizkuntza batean hizkiek balio dute, eta orduan hizki horiekin fijatzen bagara, letrak eta fonemen joskurak batetik bestera eramaten gaituzte. Hori gaztelaniarekin ez da gertatzen, ezta beste hizkuntzekin ere. Zehaztasun handia du euskarak eta izadiarekin gehien lotuta dagoen hizkuntza da.

Adierazi gehiago. Sorgin Taula aurkeztu zenuen I. Biltzarrean. Zer da hori?

Euskaran bokalek eta kontsonanteek oso argi irudikatzen dute egoera, hau da, lotura dute beraien artean. Hitzari begira, argi eta garbi adierazten dituzte lekua, denbora edo sexua. Erroak esaten du. Nik Sorginen Taularekin irudikapen bat egin nahi izan dut. Ez dut egin nire ideiak inori inposatzeko asmoarekin. Izan ere, gaur egunean hala egiten da.

Nola ikusten duzu gaur eguneko euskara?

Ez dakit, Euskal Herriak orain arte gorde duena baserria izan da eta konturatzen zara gure aurreko belaunaldiek askoz ere euskara garbiago eta aberatsagoa egiten zutela eskolara joan gabe. Eta gaur egun, eskolarekin… Bandera bat bihurtu da askorentzat, gutxi balio baitu. Niretzat bizitza ulertzeko balio du.

Latina eta grekera euskararen alabak direla irakurri dut. Ados al zaude?

Niretzat latina ez da inoiz hitzegin. Eliza da inposatu duena. Hizkuntza menperatzen duenak pentsamenduak kontrolatzeko ahalmena izan du betidanik eta horrek eraman gaitu euskararen eta hizkuntzen inguruko manipulazioetara. Pixka bat fijatzen bagara, gaztelanian hitz pilo bat daude euskaratik hartuta. “Andar con zancos”, adibidez, zangoengatik ari da, edo “una pizca de sal”. Latinera jotzen badugu ez da aurkitzen pizca hitzarekin zerikusirik duen hitzik, euskaraz berriz nola esaten da, pixka.

Gizateriaren ondare izendatu beharko al litzateke euskara?

Politiko batek Gizateriaren Ondare izendatzea erabaki duelako, gauzak ez dira aldatzen, ez dut sinesten horretan. Hala egiten bada, zihurrenik, atzetik “interesen” bat dagoelako da.

Datuak

Jaio. 1958ko abenduaren 2an. Herria. Azpeitia. Bizi tokia. Azpeitia. Lanbidea. Suhiltzailea.