Pedro Mendoza. Eguraldian aditua.

Arantxa Aldalur

Hamar urte pasa daramatza Pedro Mendozak eguraldia aztertzen. Egunero begiratzen du Garai baserriko baratzean jarrita duen euri-neurgailua.

Pedro Mendoza.  (Arantxa Aldalur)
  (Arantxa Aldalur)

Eguraldia izango da seguruenik eguneroko solasaldietako gai nagusiena. Igogailuan, parkean edo okindegian ezagunen batekin topo egiten dugunean zerura begiratu eta euriaz kexatu izan ohi gara. Baina gutxi dira eguraldiaren gorabeherei adi-adi egoten direnak. Pedro Mendozak urteak daramatza afizioz eguraldia aztertu eta datuak jasotzen.

Noiz hasi zinen afizio honekin?

Orain hamabi bat urte hasi nintzen, baina serioxeago orain dela hamar urte.

Nondik datorkizu zaletasun hau?

Ni neu jaiotzez kalekoa naiz. Hemen baserria egin genuenean, sarritan komentatzen genituen etxekook eguraldi kontuak: euri asko egin du, gutxi egin du... baina inoiz ez ginen elkarrekin ados jartzen. Beti eztabaidan ibiltzen ginen, eta horrela erabaki genuen geure artean ikamikan ibiltzea baino hobe zela neurtzen hastea. Eta horrelaxe hasi ginen pixka bat. Orain etxeko denok begiratzen dugu euri-neurgailua eta datuak apuntatu egiten ditugu egunero. Nik ez badut egiten alabak egiten du goizean, lehenengo orduan.

Euria bakarrik kontrolatzen duzu ala eguraldia osotasunean?

Hemen badakizu zer dagoen –bista izugarriak ditu Garai baserriak Xoxote aldera–. Nahita nahiez begiratzen duzu zerura eta beti gogoratzen zara lehengo garaietako esaldi haiekin: Izarraitzi txapela –lainoa– erdi-erdian jartzen bazaio, euria seguru izaten da. Trumoia Nafarroa aldetik etortzen da...

Baratzean duzun probeta hori erabiltzen duzu...

Bai. Homologatua da eta metro karratuko zenbat euri egiten duen adierazten du. Gero egunero apuntatu eta datu batzuk ateratzen ditugu.

Telebistan eguraldia ikusten al duzu? Zein da fidagarriena zure ustez?

Gu Euskalmetetik ibiltzen gara. Han begiratzen dugu eta nahiko ondo asmatzen du sei bat eguneko aurrerapenarekin. Batzutan espero ez diren aldaketak izaten dira, hego haizearekin adibidez, baina nahiko aurreikuspen zehatzak egiten dira gaur egun. Zera gertatzen da, askotan telebistaz zenbat euri egin duen-eta datuak ematen dituztenean Gipuzkoa osoko datu bateratuak ematen dituztela, eta ez dauka askotan zerikusirik hemen edo Donostian egin duen euri kantitateak. Hala, Andoni Aizpururi aldian behin bidali izan dizkiot hemengo datuak. Zehatzagoak izateko.

Sinesten al duzu tenporetan?

Bizi osoa daramakit tenporei buruz iritzi ezberdinak entzuten, baina ez dakit zenbaterainoko zehaztasuna izan dezaketen. Asmatu zituenak ere zerbaitegatik egingo zuen, jakingo zuen zerbait...

Azken hamar urte hauetan nabaritzen al duzu eguraldiaren aldaketarik?

Asko aldatu da, baina ez hamar urtetan. Gu gazteak ginenean zirimiria hasten bazen, zortzi- hamar egunetan ez zen geratzen. Ez zegoen Euskalmeten beharrik hori jakiteko. Eta izotz kandelak egiten ziren nonahi negu partean. Orain fenomeno horiek ez dira ematen. Zirimiria hasten bada ere ez du irauten eta neguan ez du holako hotzik egiten, dirudienez. Eta aldaketa klimatikoari dagokionez, hori ezin da nabari hamar urtetan, prozesua oso makala delako, milaka urtetakoa. Nabarituko da Antartidan, hainbeste urtetan mantendu diren glaziarrak urtzen ari direlako, baina hemen ezin da esan nabari dela. Hori bai, eguraldi oso zakar edo bortitza dabilela esango nuke. Aurten lehenengo sei hilabeteetan euri gehiago egin du lehengo urte guztian baino, eta azken bi hilabeteak –uztaila eta abuztuaz ari da– oso lehorrak izan dira. Uztailean, adibidez, euri asko egin zuela ematen zuen baina ez zuen batere egin, eguraldi kaxkarra bai baina euri oso gutxi. Eta abuztua ohi den bezala oso lehorra izan da. Hurrengoan berriz, agian euri gehiegi egingo du... Aldaketa klimatikoa ematen ariko da, baina ezin da nabaritu.

Zeri begiratzen diozu Euskalmetez gain?

Ez dakit ba! Hor badaude teoria ezberdinak, euliekin-eta. Euliak behera begira badaude euria egingo duela, edo hegaztiak baserri aldera gerturatzen badira ere bai. Baina horiek aurreikuspen gutxikoak izaten dira. Teoria hauei zientzialari batek barre egiten zien eta baserritarrak galdetzen zion: eta zuk satelitea kenduz gero zer esango zenuke? Ezer ez ziurrenik. Esaldi zaharrak ere ugariak eta jakinduriazkoak dira. Nire emazteak asko ezagutzen ditu.

Zer da fidagarriagoa, satelitea ala hegaztiak etxera bueltatzen ikustea ?

Satelitekoa, noski. Animaliak naturatik gu baino askoz ere gertuago bizi dira, baina haiek adierazten dutena nahiko momentukoa izaten da. Sateliteen informazioa oso garrantzitsua da.

Etxean denak al zarete zaletuak?

Bai , emaztea ere bai. Hura gainera berez baserrikoa da eta badaki gai honetaz.

Zer espero da udazken eta negurako?

Hori ezin dut jakin. Nik aurreikuspen gutxi egiten ditut, ez naiz horretaz arduratzen. Oso zaila da hori jakitea. Horretan Pello Zabala eta beste aditu batzuk ibiltzen dira, tenporak eta bestelakoak aztertuz.

Datuak

Jaio. 1940eko apirilaren 12an.

Herria. Azpeitia .

Bizi tokia. Oñatz auzoa.

Lanbidea. Jubilatua.