Txikiak bizi-bizi

Mailo Oiarzabal

Herriko dendariek krisiari muzin egin eta indarrak metatzea erabaki dute. Elkarte berria sortu dute: Bertan. Bertan erosteko gonbita.

Elkarte berriaren sorreran lanean aritu den taldeko hamabi kideetatik zortzi, logotipoa aukeratu zuten bileran. 

Txiki askok, bat eginez gero, handi bat sor dezakete. Indar handiagoa, bultzada nabarmenagoa, jardun eraginkorragoa. Txiki asko elkartu berri dira gurean, dendari txikiak, hain zuzen ere, guztien ahalegin bateratuarekin herriko merkataritza sektoreari bultzada berria eman eta, bide batez, "herriari bizi pixka bat" emateko. Azken hitz horiek Joxe Luis Legarda-Ereñorenak dira. Bera izendatu dute Bertan izenarekin bataiatu eta lehen pausoak ematen hasi den Azpeitiko dendarien elkarte berriaren lehendakari.

Merkataritza txikiarena sektore garrantzitsua da edozein herritan, baita Azpeitian ere. Komertzio aukera zabala, anitza eta erakargarria denean, errazago dirudi jendea dendetara eta, bide batez, kaleetara inguratzea. Saltoki edota herri handiagoen konpetentziak eta erosketa ohituretan emandako aldaketek, ordea, zaildu egin dute aspaldiko urteetan herrietako dendari txikien jarduna. Ideia eta asmo berriak garatu behar erosleak erakartzeko, eta bide hori jorratzeari ekitea erabaki dute Azpeitiko hainbat merkatarik.

Batetik bi, bitik bat

Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartea ez da herriko saltoki txikiek elkartu eta sektorearen alde lan egiteko abiaturiko lehen esperientzia. Gure inguruko merkatarien lehen indar batuketa 1980 hamarkadan gauzatu zen UEMEren (Urola Erdiko Merkatarien Elkartea) sorrerarekin. Elkarte hartan Azpeitiko eta Azkoitiko saltokiak elkartu ziren. 1990ean, berriz, Alde Zaharra izeneko elkartea sortu zuten Azpeitiko zonalde horretako dendari eta tabernariek.

Kontu bat eta bestea dela, bi elkarte horiek indarra galtzen joan ziren. "Ja ez ziren martxan ari", Bertan elkarte berriaren talde eragileko kide Irati Gurrutxagak azaltzen duenez. Gauzak horrela, Udala izan zen aurten bertan, uda aurretik, merkatariengana zuzentzea erabaki zuena. "Udaletik gutuna jaso genuen dendari guztiok, elkarte bat osatzearen beharra ikusten zutela azalduz. Dendarion aldetik ondo ikusi zen ekimena", dio Gurrutxagak.

Horrelaxe hasi zen elkarte berri eta bateratua, oraingo honetan Azpeitiko saltokiz osatua, sortzearen aldeko mugimendua.

Erantzun ona

Udalak gutunak bidali eta hilabete gutxiren buruan, martxan da Bertan elkartea. Azpeitiko merkataritza sektoreak asmo berriak gogo onez hartu ditu nonbait. Kopuru zehatza ematea hain erraza ez den arren —berriak ireki eta beste batzuk itxi, gorabeherak denbora tarte txikian gertatzen dira—, gaur egun Azpeitian 300 inguru dira denda eta establezimendu txikiak, eta elkarte berriak martxan jartzerako 122 bazkide egitea lortu du.

Bertan-eko batzorde eragileko kideak "oso gustura" daude elkarte berria eratzeko bazkidetza kanpainan jaso duten erantzunarekin. "Ehun bat bazkide elkartzea jarri genuen helburu bezala eta, beraz, izan dugun harrerarekin oso gustura" daudela nabarmentzen du Irati Gurrutxagak. Erreferentzia modura, UEMEn Azpeitiko eta Azkoitiko 69 merkatari zeuden 2007an, oraindik Azkoitian ere elkarte berria sortzeko zegoela. Hasiera honetan lortu duten bazkide kopuruak gora egiteko itxaropena ere badute Azpeitiko merkatarien talde eragilekoek: "Oraindik jende gehiago sartzea ere espero dugu, ateak irekita ditugu". Tabernaririk ez da sartu elkartean, beraiek beste elkarte bat daukatelako.

Mugimendua

Azpeitia mailan dendarien sektorea dinamizatzea, "mugimendu bat egotea". Hori da Bertan-en elkartu diren merkatariek nahi dutena. "Zaila da, baina hori da nahi duguna", berresten du Irati Gurrutxagak. Berarekin batera talde eragilean elkartu diren gainontzekoek bezala —hamabi dira guztira, Alde Zaharra, erdigunea eta Sanjuandegi modu parekidean ordezkatuz—, Gurrutxagak ere badaki horretarako, aipatzen duten mugimendu hori sortzeko, lana egin beharko dutela, ekintza eta egitasmo berriak aurrera eramateko. Hasteko, Gabonetako kanpainari begira txartel batzuk banatuko dituzte bezeroen artean. Txartel batzuek saria izango dute eta besteek ez; sariak, berriz, diru-kopuru ezberdinetako deskontu-baleak izango dira, elkarte berriko bazkie diren saltokietan erabiltzeko baliagarriak. Aurrera begira berriz, bezeroak erakartzeko neurri gisa, fidelizazio txartela ateratzeko asmoa daukate, Azkoitian eta beste herri batzuetan egin dutenaren antzera. "Erosketetan deskontua izateko eta, gainera, gero opariekin trukatzeko puntuak pilatzeko" balioko luke txartel horrek, Joxe Luis Legarda-Ereñok azaltzen duenez.

Dendarien berezko problematika eta buruhausteez gain, hitzetik hortzera dabilen krisiari ere aurre egitea egokituko zaie Bertan-eko saltokiei ibilbidearen hasiera honetan. Dendari batzuk kontu horietaz gehiegi jarduteko gogorik ez badute ere, beste batzuk aitortzen dute beraiei ere iritsi zaizkiela ekonomiaren eta lanaren beherakadaren ondorioak. Uste dute Gabonak izan daitezkeela krisiaren eraginaren zenbaterainokoak neurtzeko termometro ona, azaroa beti izaten omen delako "hilabete bajua". Krisiarekin ala krisirik gabe, azpeitiarrek herrian bertan kontsumitzeko ahalaginean hasi da Bertan.