Uztaren fruituak

Nekane Zinkunegi

Pixkanaka-pixkanaka hobetzen doa Azpeitiko kultur mugimenduaren egoera eta hori Kultur Mahaiak egin duen lan eskergaren ondorio da.

Edu Arana, Enekoitz Esnaola, Amaia Aranaga eta Alex Silva, Kultur Mahaiaren Talde Eragileko kideak.  

Betidanik izan da Azpeitia kultur mugimendu handiko herria. Baina kultur talde askoren arazoek, euren arteko harreman ezaren ondorioz irauten zuten. Hortik etorri zen Kultur Mahaiaren sorrerarako ideia. Orain arte eman dituzten pausoez eta aurrera begirakoez hitz egin dugu Amaia Aranaga (Itsasi Euskal Kultur Taldeko kidea), Edu Arana (Izarraitz Txistulari Elkarteko kidea), Enekoitz Esnaola eta Alex Silva (Bide Ona Sanjuandegiko Kultur Elkarteko kidea), Mahaiaren Talde Eragileko kideekin.

Kultur Mahaiaren sorrera 2006ko otsailean kokatzen du Enekoitz Esnaolak: "Udalak antolatu zuen horri buruz hitz egiteko bilera bat". Baina "egungo funtzionamendua" beranduagokoa dela dio Alex Silvak. Esnaolak baieztatu duenez, oraingo egoerara heltzeko pauso asko eman behar izan dituzte: "2007 bukaera aldera arte bilerak noizean behin baino ez ziren izaten eta urte horretako abenduan erabaki zen 2008rako talde eragilea sortzea, bileren artean zeuden hutsuneak bete ahal izateko". Gaur egun, herriko kultur talde denek, udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen dute Kultur Mahaia. Horrez gain, juridikoki gauzatu beharreko kudeaketarako, kultur elkarte bezala ere erregistratuta daudela gogoratu du Edu Aranak. Hala bada, Kultur Mahaiaren zein talde eragilearen barne araudiak zehaztu, behar eta ardatz nagusiak zein ziren aztertzen eta ikusten hasi eta 2008ko azaroko batzarrean aurtengo plana eta barne funtzionamendua onartu zituzten. Gainera, talde eragileko kideak, Kultur Mahaiko taldeetako ordezkariak izaten dira; urtero erdiak aldatuko dira, txandakako sistema baliatuz eta denen parte-hartzea sustatuz. Horren harira, "talde eragileko partaide izateak lana dakar baina, erabat borondatezkoa denez, ilusio handiz eta pozik egiten dugu", azaldu du Alex Silvak.

Sortzeko garaian ager zitezkeen zailtasunen inguruan hitz egitean, Txistularien Elkarteko Aranak "mundu berri eta ezezagun" batean lan egin beharrak jendeari sortzen zion erreparoa aipatzen du: "Izan ere, Kultur Mahaiak, agian, ez dio bakoitzaren taldeari propio ekarpen ikusgarririk egiten eta, norberaren taldean lan egiteaz gain, gainerako taldeez kezkatzea eskatzen du". "Hasieran Udalaren gidaritzapean zegoen mahaia, borondatez osaturiko talde eragilearen eskuetan egotera igaro da eta gure artean adostasunez funtzionatzen dugu", gaineratu du Alex Silvak.

Taldeak "satelite eran" lehen

Amaia Aranagak Kultur Mahaiaren sorrerak eragindako onurez hitz egin du: "Lehen, elkarren existentziaren berririk ez zuten kultur taldeak zeuden Azpeitian, eta orain, gutxienez elkar ezagutzen dugu eta guztiok dugu batak zein besteak egiten dituen ekimenen berri". Guztiek azpimarratu nahi izan dute hori. Kultur Mahaiaren sorrerarako bileren aurretik eginiko zentsuan, 37 kultur talde zeudela ohartu ziren. "Satelite eran eta bakoitzak bere aldetik funtzionatzen zuen talde ugari zen", Edu Aranaren esanetan. Kultur mugimendu handia egon arren, azpiegitura ezaren eta komunikatzeko zailtasunen arazoek hor zirauten, eta talde guztiek amankomunean dituzten arazoei modu erosoan eta errazean erantzuteko aukera emango luke Kultur Mahaiak eta, Esnaolak adierazi duenez, Kultur Mahaiaren ezaugarri garrantzitsuena, "joera, filosofia, adin eta ezaugarri ezberdinetako jendearen bilgunea" izatea da .

Egun, Azpeitiko kultur mugimendua arlo gehienetara hedatuta dago. "Musika, antzerkia, dantza, argazkigintza... bezalako arloen presentzia indartsua izan da eta da", dio Aranagak, "baina Mahaia sortu aurretik talde bakoitzak bere erara lan egiten zuen". Horren aurrean, "taldeen arazo berak identifikatu eta aztertzera jo zuen Mahaiak eta, azpiegiturei dagokienez, San Agustin proiektua 2009rako ildo nagusi gisa hartuta lanean hasi ginen", kontatzen du Esnaolak.

San Agustin orain, Soreasu gero

Hain zuzen ere, San Agustin eta Soreasuko guneak dira Kultur Mahaiak azpiegituren arloan dituen proiektu nagusiak, aurrenari lehentasuna emanda. "Ekipamendu ezinhobeaz hornituta egongo da San Agustin eraikinak, eta herriko kultur talde guztiei aukera paregabea eskainiko die", dio Aranak. Modu egokian antolatu eta talde guztiek behar dutenean erabilgarri izango duten erabat gune dibertsifikagarria izango dela diote. Esnaolak aipatzen du urte honen amaieran irekiko dela ofizialki, baina udazken aldera zenbait ekimen bertan gauzatzeko prest egongo dela aurreikusten dutela.

San Agustingo ekipamendua hobetzeko Espainiako Gobernuak 300.000 euroko laguntza emango du —eraberritze obren gastu denak ere bere gain hartu ditu, Udalak eta biek duela hamar bat urte egindako akordioaren arabera—. Gainera, Udalak orain beste 50.000 euro jarri ditu; teloia, tarimak –eskenatokia luzatzeko, hegaletan txikiak jartzeko edo eskenatoki gainean txikiak ipintzeko– eta aulkiak erosteko baliatuko dute diru hori. San Agustinen beraren proiektuaz gain, kanpoko parke estalia ere martxan da eta abendu aldera amaituta izatea aurreikusten dute.

Soreasukoa, berriz, auditorio faltagatik eta talde bakoitzak gune kultural baten baitan bere lokal propioa izateko nahitik etorri zen. "Azken batean, San Agustin herriko kultur talde guztiek izango dute eskura, baina ez da inorena izango. Soreasun, berriz, ekimen publikoetarako lekua zein talde bakoitzak bere espazio propioa izateko aukera egongo da", esaten du Silvak

Kultur komunitatearen webgunea

Azpeitiko kultur taldeen arazoen artean beste puntu bat, komunikazioarena zen. Aranagak aipaturiko "barne komunikazioa eta taldeen arteko ezagutza" batetik, eta kanpora begirako komunikazioa eta entzutea, bestetik. Azken horri dagokionez, talde bakoitza egungo aurrerapen teknologikoek ematen dituzten aukerak era partikularrean baliatzen eta hor energia pila bat gastatzen hasi ordez, Azpeitiko kultur komunitatea bilduko lukeen hedabidea sortzea pentsatu zuten, eta hori irailerako martxan jarri nahi duten kultur webgunea izango da. Esnaolak honela definitu du: "Beste edozein kultur hedabidek eskaintzen dituen aukerak eskainiko dizkie herritarrei eta, horrez gain, Kultur Mahaiko taldeen arteko barne komunikaziorako baliatuko dugun tresna izango da". Kultur taldeen parte-hartzea lortzea da helburu nagusietakoa, eurak izan daitezen informazioaren emaileak. Honetarako, Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian diru laguntzak eskatuak dituzte.

Webguneak, besteak beste, ekimenak antolatzerako orduan bete beharreko fitxa-orriak eta ekimenak burutu osteko balorazio-orriak izango ditu. "Hala, edozeinek aurrez buruturiko jardueraren baten antzekoren bat antolatu nahi izanez gero, erreferentziak izango ditu eskuragarri", azaltzen du Silvak. Horrez gain, albisteen, bideoen, agendaren… txokoak ere egongo dira ikusgai. Eta, webguneaz gain, herrian panel elektronikoak jartzea, lehen Uztarriak ateratzen zuen eskuko agenda berreskuratzea edota hedabideetara deialdiak bide batetik luzatzea dira komunikaziorako baliatu asmo dituzten tresnak.

Egutegiko irizpide bateratuak

Herriko kultur egutegi bateratua osatzea ere nahi dute Kultur Mahaitik. Horren helburu nagusia, kultur jardueren oreka bilatzea eta zentzuzko kultur eskaintza bideratzea litzateke. Hau da, datei dagokienez, ez dadila kultur ekitaldiz jositako hilabete bat egon eta hurrengorako ezer ez antolatu; edota, espazioari dagokionez, kultur jarduera guztiak herriko plazan burutu ordez, Perez Arregi baliatzea tarteka; komunikazio hizkuntza euskara izan dadila; beti arlo bereko kultur eskaintza ez izatea... Bestalde, kultur jarduera orok funtzio batzuk bete beharko ditu: antolatzaileez gain egon daitekeen jendea parte hartzera bultzatzeko modukoa izatea, esaterako.

Adibideon artean, Edu Aranak honakoa planteatzen du: "Soreasu eta San Agustin obretan dauden artean, Betharramdarretako aretoa edo pilotalekua baliatu beharra dago. Eta burutu nahi den ekintzaren arabera pilotalekuak ez du balio izaten, edo Betharramdarren aretoa jende aldetik txikiegi gera daiteke". Hala bada, ekimenen arteko era bateko zein besteko oreka bilatzeko, uztail honetako batzarrean planteaturiko irizpideak onartuta geratu dira.

Udala, eragile garrantzitsu

Esan bezala, Kultur Mahaia sortzeko lehen bilera Udalak deituta gauzatu zen eta, gaur egun, talde eragileko partaide da Udala bera ere. Izan diren udal gobernu aldaketen eraginaz galdetuta, ez dela Kultur Mahaian aldaketarik izan aipatzen dute talde eragileko lagunek. Lauak ados daude Udala, herritarron hurbileko erakundea izateaz gain, herriko kultur mugimenduko eragile garrantzitsu bat dela esaterakoan. Kultur Mahaia bilgune plural eran definitzen dute eta horren adibide da Esnaolaren adierazpena: "Udal gobernu aldaketarekin, oraingo Udaleko Kultura batzordeburua talde eragilean sartu zen eta lehengoak ere bertan jarraitzen du".

Kultur Mahaiak izan duen bilakaeraz eta beronen egitekoaz ere hitz egin dute. Amaia Aranagaren hitzetan, "herriko kultur talde guztiak dira Mahaiko partaide eta, ondorioz, guztien beharrei erantzuten die Mahaiak". Hala ere, Kultur Mahaiaren egitekoa ez dela talde bakoitzaren kultur jardueren antolaketan sartzea azpimarratu nahi izan dute. "Guk ez dugu erabakitzen talde bakoitzak bere ekimenak noiz, non eta nola antolatu behar dituen", esan du Esnaolak. Eta Edu Aranak honakoa gehitu du: "Guk arazo orokorrei eta komunei irtenbidea emateko dihardugu lanean, talde bakoitzak bere kasa egin behar duen lan hori aurreztu eta elkarlanean moldatu ahal izateko". Adibide bezala, talde guztien datuak biltzen dituen zerrenda osatu izana aipatzen du Silvak: "Berez ez da beste munduko ezer baina, lehen kultur talde bateko norbaitek beste talderen batekin kontaktatu nahi bazuen, izugarrizko konplexutasunak zituen; eta orain, osaturik dugun zerrenda horri esker, badaki une bakoitzean nora jo behar duen".

"Hankak lurrean"

Hala ere, Kultur Mahaiak urtean behin Kulturaldia antolatu nahi du. Talde eragileko kideek nabarmentzen dutenez, herrian kulturako arloren batean egon daitezkeen hutsuneak betetzeko herriko taldeen jarduna ez bada nahikoa, orduan hartuko du Kultur Mahaiak ekimenen batzuen antolaketa bere gain.

Hemendik aurrera "inflexio puntua San Agustinen irekiera" izango dela dio Aranak. Izan ere, 2008a eta 2009aren orain arteko zatia ereite lanerako izan dute; barne funtzionamendua zehaztu, ardatzak eta ildo nagusiak ezarri eta oinarriak finkatzeko aukera eman dien lana, hain zuzen. Hemendik aurrera, lan horren emaitzak ikusi ahal izango direla adierazi dute.

Hala, herritarrek ere izango dute Kultur Mahaiak egin duenaren berri eta beronen lanaren lorpenez gozatzeko aukera ere bai. Beraz, epe laburrerako ikuspegiarekin jokatzeko asmoz daude, "hankak lurrean izanda", "aipaturikoak abian jarri" eta nahikoa omen dute, oraingoz.

Gero ere denborak markatuko die ibilbidearen norabidea.