Lanean, jairik jai

Ainitze Agirrezabala

Festetan batzuk gozatuko badute, beste hainbatek lana egin behar izaten dute. Jairik jai, tiobiboekin egiten dute lan Sanz eta Soriano familiek.

Jose Luis eta Juan Pablo Sanz aita-semeak. 
David Soriano eta haren aita Jose Antonio zutik eta behean, makurtuta, William Kit txakurrarekin.  

Herriz-herri, festarik festa, feriaz-feria, barrakak muntatuz eta desmuntatuz, txikien gozamenerako lanean, eguneroko bizitza karabanan eginez... Halakoa da ferianteen bizibidea, aurrera egiteko sosak aterako badituzte. Aitona-amonengandik seme-alabengana datorren negozioa da, familiako tradizioa. Tiobibo zaleentzat Azpeitia hitzordu garrantzitsua da: Sanjuandegiko jaiak aurrena, Saninazioak hurrena.

Soriano familiak autotxokeekin egiten du lana eta Azpeitira 1982an etorri ziren aurrenekoz. Geroztik, hutsik egin gabe, urtero etorri dira. Sanz sendiak umeentzako tiobiboak ditu eta azken 50 urteetan Azpeitira zintzo etorri dira. Lehenago, ordea, aitona-amonak txurroak saltzetik bizi ziren eta Azpeitira etortzen ziren, 1936an aurrenekoz. Urte guzti hauetan, Azpeitiko ume asko nola kozkortu diren ikusi dute. Umetan karruselean eta autotxoketan ibiltzen ziren neska eta mutil haiek orain beraien umeekin etortzen zaizkie.

"Bizitza gogorra"

Jaio zenetik gaur arteko urteak feriaz-feria eman ditu Sanz familiako aita Jose Luisek. Une honetan sei barraka badituzte ere, bera jaio zenerako, 1950ean, bere gurasoek txurro postua zuten. "Gero, aitak autotxokeen pista erosi zuen eta haurtzaro osoa alde batetik bestera pasa nuen". 22 urterekin gurasoei errelebua hartu eta tiobibo bat erosi zuen. "Gora eta behera mugitzen ziren hegazkintxo batzuk ziren, umeentzat. Garai bateko Uztarri tabernaren aurrealdean muntatzen genituen". Zumarragara tiobiboekin joan zen batean, hango tabernan lanean ari zen zerbitzariarekin, gero bere emazte izango zenarekin, maitemindu zen. Gurasoen tabernako lana utzi, ezkondu eta senarraren bideari jarraitzea erabaki zuen Ana Maria Nuñezek. "Bi semeren ama naiz eta ez dut haiek umeak zireneko garaietaz hitz egin nahi". Zentzu horretan, ferianteen bizitza gogorra dela dio Nuñezek: "Umeek aste osoa kolegioan pasatzen zuten eta igandetan ez nintzen haiek eskolara eramatera ere joaten. Ikaragarrizko pena ematen zidan bi txikiak han uzteak. Gaur egun ez nuke halakorik egingo. Baina, orduan gazteak ginen, negozioa aurrera atera beharra genuen, ume txikiak...".

Pablo Sanz, semeetan gazteena, ezkondu berria da. Bere emazteak Legazpiko dietetika zentro batean lana egiten badu ere, feria denboraldian egunero karabanara erretiratzen da. "Gurasoekin erdibana 65 metro karratuko karabana dut. Gurpildun etxea da, hiru logela, sukaldea, egongela eta bainugelarekin". Makina bat bider aholkatu izan zien amak semeei eskolan saiatu eta ofizioren bat ikasteko, etorkizun hobea izan zezaten. Amaren esanetan seme zaharrenari bizimodu honek "graziarik ez" dio egiten. "Gazteen honi, berriz, ikaragarri gustatzen zaio mundu hau. Feriante izateko ikasketak utzi zituenean ez kezkatzeko esan zigun irakasleak: lasai! Utz iezaiozu semeari hogei langileko enpresa eta ikusiko duzu nola aterako duen aurrera!".

Urtero ibilbide bera jarraitzen dute: Zumaia, Legazpia, Mutriku... Zarautzen uztailean eta abuztuan egoten dira eta Arrasaten urtarriletik otsailera. "Azpeitira urtero oso gustura etorri ohi gara. Jende jatorra dago, herrian ondo hartuak gara, estimatuak", dio Pablo Sanzek. Beste herriekin alderatuta, barraken inguruan antolamendurik onena duen udala Azpeitiakoa dela dio: "Hemen feriante guztiei dokumentazioa eskatzeaz arduratzen dira. Jende profesionala nahi dute".

Krisia, alde guztietan bezala, Azpeitian ere nabari dela diote. "Hemen, hala ere, oso ondo egiten dugu lana. Udalak diru-laguntzak ematen dituenez, tiket bakoitza 1,50 euro kostatzen da. Espainiako edozein lekutan 2,50 kostatzen da. Bezeroen artean okerrenak gurasoak direla dio: "Behin ama bat etorri zitzaigun bere semeak gure tiobiboetan hortza puskatu zuela modu txarrean kexatuz; bitartean, kalean erorita puskatu zuen".

Erreleboa ziurtatuta

"Bolantea eskuetan" zuela jaio zela dio Jose Antonio Sorianok. 55 urte bete ditu aurten, baina Soriano familiak 57 urte daramatza autotxokeekin lanean. Azpeitira aurrenekoz, 1982an etorri ziren eta geroztik ez dute hutsik egin. "83ko uholdeak ere ezagutu genituen", dio. Azpeitiarrak "oso atseginak" direla eta herria bera urte guzti hauetan asko aldatu dela dio. "Bizi-kalitatea asko hobetu dela nabarmena da. Kalean mutil gazteek gidatzen dituzten BMW-ak ikusi besterik ez dago".

Bi alaba eta semea ditu Jose Antonio Sorianok, "baina neskek ez dute negozio honetaz ezer jakin nahi". Nolanahi ere, momentuz sorianotarren ofizioa ez da galduko. Erreleboa ziurtatuta dute. "Lau urte nituenetik garbi nuen honetatik bizi nahi nuela", adierazi du David Soriano semeak. "Hamahiru urterako trailerrarekin maniobrak egiten uzten zidan aitak". Aitaren esanetan, bi alabek egin duten gisan, nahiago luke semeak ere ofizioren bat ikasi balu. "Baina umetatik hain garbi zuen... Bera honetan gustura bada, gu ere bai".

Haurtzaro "gogorra" izan duela dio semeak, eguneroko bizitza ezin baitzuen gurasoekin, familian egin: "Amonarekin bizi nintzen Nageran. Gauero, ohera joatean, negar egiten nuen. Ostiralero aita etortzen zitzaidan bila eta feriara eramaten ninduen, igande gauerarte". Ume bat festarik-festa eurekin ibiltzea "ezinezkoa" zela dio aitak.

Jose Antonio Sorianoren emazteak gurasoen okindegian egiten zuen lana, Nagerako festetan bere senarra izango zena ezagutu zuen arte. "Ezagutu, 18 urterekin ezkondu eta festaz-festa etorri zen nirekin. Hasieran gogorra egin zitzaion. Umeak amonarekin uztean ere gaizki pasatzen zuen".

Sorianotarrek jarraitzen duten ibilbilbidea Espainiara ere zabaltzen da: Errioxara, Valentziara, Huescara... Krisia nabaritzen dela diote, "leku batzuetan gehiago, besteetan baino". Inguru hauetan lana egiterako orduan eguraldiak zeresan handia duela dio Jose Antonio Sorianok: "Eguraldi eguzkitsurik ez dugu nahi, jendea hondartzara joaten baita. Euria ere ez. Onena zerua lainotua". Autotxoketan buelta bat euro eta erdi kostatzen da. "Huescan, esaterako, 3 euro kostatzen da, eta ez dute protestatzen. 1950ean tike bakoitzak bi pezeta balio zuen".

Urte guzti hauetan makina bat pasadizoren lekuko ere izan da Soriano familia, Jose Antoniok kontatzen duenez: "Saninazio batzutan, parrandazale batzuek auto bat pistatik atera eta Berdura plaza atzeraino eraman zuten bultzaka. Goizeko 05:00ak aldera udaltzaingotik deitu zidaten abisua emateko. Gruan ekarri zidaten bueltan".

Bikoteen kabia

Etxerik eta autorik eduki ezean, goizeko ordu txikitan bikote askoren txoko bilakatu izan dira tiobiboak eta autotxokeak. “Bakioko jaietan, barraka itxi eta kale buelta bat ematera atera ginen emaztea eta biok. Bueltan, pistako autotxoke batean bikote bat harrapatu genuen, erritmo bizian”, dio Jose Antonio Sorianok.

Sanztarren karrusela ere bikote bat baino gehiagorentzat aproposa izan da zirriak eginez goxo egoteko. “Behin baino gehiagotan sartu izan dira bikoteak gauez, tiobiboa estaltzen duen oihal artetik. Zaldiko maldikoen gainean oparitxoak-eta guzti bilatu izan ditugu. Dena sakon garbitu eta kitto!”, adierazi du Juan Pablo Sanzek.