Argia noiz ikusiko
Ainitze Agirrezabala
Ekonomia krisia medio, herriko hainbat familia aurrera egiteko estu eta larri dabiltza. Haietako hirukin hitz egin du Uztarriak.
|
Krisiaren atzamarra gogotik ari da astintzen bazterrak. Arazo korapilotsua da; askatzen zaila eta bihurria den mataza. Hainbatek krisia aurten gainditzen hasiko dela iragarri arren, ondorioak oraindik luzaroan igarriko direla uste dute eragile gehienek. Kontua ez dago gozoa. Lan munduan izaten ari den beherakadak herriko hainbat familia estu hartu ditu. Krisiaren eraginaz herriko hiru lagunekin hitz egin du Uztarriak.
J. Z.: "Inguruko enpresa guztiak pasatu ditut, curriculumak entregatuz"
Adina. 37 urte.
Zer egoeratan dago. Udalak hilean ematen duen 426 euroko laguntza jasotzen du.
"Gau asko lorik egin gabe pasatzen ditut. Zer izango den arrastorik gabe, ohera sartu eta kezka horrekin ezin izaten dut lorik egin. Goizeko laurak eta esna igoal, buruari bueltak ematen. Bederatzi urteko semea dut eta hamabi urteko alaba. Emazteak ez du lanik egiten eta langabezia-saria bukatu zitzaidanez, orain Udalak ematen duen subsidioa jasotzen dugu. Hilean 426 euro. Ezin da ailegatu. Hutsaren hurrengoa da hori. 2005eko martxoan hasi eta 2008ko otsaila arte Grumal taldeko hiru enpresatan –Seitu, Pemec eta Laguntzaile–, batetik bestera, egin nuen lana. Behin-behineko kontratu laburrak ziren, batere egonkortasunik eta segurantziarik gabe. Halere, Pemec-en azken kontratua urte betekoa egin zidaten, 2007ko martxotik 2008ko otsailera. Hurrena ja kontratu iraunkorra egingo zidatela esan zidaten. Orduan lan kontua oso ondo zegoen eta ilusioak egin nituen. 2007ko urrian, ordea, egunak jai hartzen hasi ginen. Egoerak hobera egingo zuela uste nuen, baina 2008ko otsailean kalera joan nintzen, eta iazko ekainean, udaletxetik lorazain lanerako deitu zidaten arte, langabezia-saria kobratu nuen. Udaletxekoa lau hilabeteko lana besterik ez zen. Etxearen hipoteka, argia, ura, gasa, telefonoa, umeen eskolak, etxepeko gastuak... kapritxorik batere egin gabe ere, oinarrizko gastuetarako beharrezkoa da etxean dirua sartzea. Fakturak ordaindu eta jatekoa ailegatzen bada, ondo. Nire emaztea eta seme-alabak amaginarrebaren etxera joaten dira bazkaltzera, egunero, eta afaria ere amaginarrebak ematen digu, geure etxean jateko. Bestela, herriko fruta-denda batean bada krisiaren kontrako eskaintza: dozena erdi arrautza, kilo bat patata eta ogi bat euro bat pasatxo kostatzen da. Tarteka, horixe erosten du emazteak eta patata-tortila jan eta kito. Udaletxean lanean ibili nintzen lau hilabeteetan zeozer aurreztu genuen eta, aurten, semeak komunioa zuela-eta ongi etorriko zirela genion. Ailegatu zen urtarrila, eta kolpetik ordaintzeko lau faktura etorri zitzaizkigun: gasa, kontribuzioa, kotxeko seguroa eta alabaren betaurrekoak. Guztira 1.100 euro, ordaintzeko. Aurreztuta genituen 1.000 euroak egun batean han joan ziren. Komunioko bazkaria etxean egitea erabaki genuen, baina nire amaginarrebari ilusioa egiten ziola eta, bazkaria berak ordainduko duela eta jatetxe batean egitekoak gara. Goizero jaiki, umeei gosaria eman eta Interneten eta egunkarietan begiratzen dut lan eskaintzarik baden. Hemen inguruko enpresa guztiak pasatu ditut, curriculumak entregatuz. Azken sei hilabetetan bost aldiz joan naiz Bastidara lan eskean. Kontua luzerako dago. Ekonomian aditua den bati aditu nion, hau lehengora bueltatzeko 2015a izango zela. Eta, zer egon behar dut horrela? Lanik egin gabe?”
Maria Rosario Aizpurua: "Irailetik aurrera izango denaz buruari bueltak ematen dizkiot"
Adina. 50 urte.
Zer egoeratan dago. Irailean bi urte egingo ditu langabezia-saria kobratzen.
"Irailean bi urte beteko dira lanik gabe geratu nintzela. Egurra lantzen duen enpresa batean egiten nuen lana, altzari osagarriak ekoizten. Eraikuntza krisia medio, lana jaisten joan zen eta tailerrean egoera oso beltza zegoen. Profesional batek horrela esan zidan: Zuen sektorea [ egurrarena ] ez dago koman; koma sakonean dago". Enpresa uzteko zortzi bat boluntario eskatu zituzten eta alde egitea erabaki nuen. Hasieran, ongi etorri zitzaidan. Aita gaixo nuen eta hura zaindu ahal izan nuen. Aita hil zen eta, noski, ia bi urte egitera noa langabezian. Langabezia-saria kobratzen ari naiz, baina irailetik aurrera izango denaz buruari buelta asko ematen dizkiot. Prestazioa bukatzean, subsidiorik badagokidan informatzera udaletxera joan naiz. Lasai egoteko esan didate. Baina, dirudi pixka bat arrazista bilakatzen ari garela. Ikusten duzu etorkinei-eta laguntzak ematen dizkietela eta uste dut, berekoikeriaz, lehenengo etxea garbitu, orraztu, behar dela, eta, gero, kanpora lagundu. Ni hamabost urterako hasi nintzen lanean eta, bat-batean krisiak harrapatzea... Duela 25 urteko krisiak ere harrapatu ninduen, baina ez da berdina. 50 urte ditut, bananduta nago, bakarrik bizi naiz eta etxean nik ez badut dirurik sartzen, inork ez du sartzen. Adinari dagokionean pixka bat ukituta harrapatzen zaitu, osasun aldetik ere bai. Hernia bat ez baduzu, meniskotik operatuta zaude. 25 urterekin harrapatzen bazaitu edozer lani heltzen diozu. Umeak zaintzen edo etxe-garbitzaile hasteko ez dut eragozpenik, baina 29 urtez kotizatuta, gizarte-segurantzan kotizatzen jarraitzea interesatzen zaizu. Itxuraz pertsona lasaia ematen dut, baina oso gogorra da pasatzen ari naizena. Buruari buelta asko ematen dizkiot eta segurtasunik ez dudanez beti beldurrez nago. Telefonoa dela, ura, gasa, argia... eta bizi egin behar duzu. Lehen, mila eta zeozer kobratzen nuen, orain 900 euro eta, irailetik aurrera igoal ezer gabe geratuko naiz. Justu-justu graduatua dut eta duela hamabost urte geriatriako ikastaro bat egin nuen. Geldirik ez nago, ahal dudan heinean, saiatu egiten naiz. Interneta erabiltzeko ikastaroa ari naiz egiten eta frantseseko eskoletan ere banabil, pixka bat birziklatu asmoz. Kontua penagarri ikusten dut. Geriatrikoetara-eta curriculumak bidaltzen ditut, baina esperientzia eskatzen dute eta urteetan berniz tailer batean arituta, zer nahi dute ba? Erdikalean negozio bat jartzea ere pentsatu nuen, kulero denda bat bada ere. Baina, esaten duzu, zer jarri?. Herria hilda eta dena asmatuta dago. Askotan, arpa jotzeagatik, Erdikalean sex-shop-a edo gozoki denda ireki behar dudala esaten dut".
Carlos Garcia: "Lana eginda ondo banatzen genituen gastuak; orain, ezin da"
Adina. 48 urte.
Zer egoeratan dago. Hilean 700 euroko prestazioa kobratzen du.
"2001eko martxoan etorri ginen emaztea eta hiru seme-alabak Argentinatik Azpeitira. Han egoera ez zen horren txarra. Gure kontura egiten genuen lana, okindegi txiki bat genuen. Bizi ginen auzunean, ordea, segurtasunik ez zegoen. Gaztetxoek kalea dute eskola eta gure seme-alabentzako ez genuen halakorik nahi. Aurreneko urteak ondo joan zitzaizkigun. Etorri eta maiatzean lanerako deitu zidaten. Altzari fabrika batean urtebete egin nuen, baina kontua okertzen hasi zen eta enpresa itxi zuten. Itxi aurretik alde egin nuen, ordea, hiru hilabete kobratu gabe baineramatzan. Nik jakin ez, eta lanari uko egiteagatik, langabezia-saririk gabe geratu nintzen. Gure kasaka egin nahi genuen aurrera, baina gizarte laguntzailearengana laguntza eske joateko aholkatu ziguten. Lana berehala bilatuko nuela uste nuen, baina kosta zitzaidan. Marmoles Ebaki enpresan hasi nintzen. Bost urte egin nituen. 2007an krisiaren etorrerarekin lana asko jaitsi zen. Egun asko ezer egin gabe eta estutu egiten nintzen. Tailerra garbitzen pasatzen nuen denbora eta alde guztietatik distiratzen zuen. Saiatu zen ni han mantentzen, baina ezingo nuela han lanean jarraitu esan zidan. Ulertu nuen. Geroztik, langabezia-saria kobratu dut eta gauzak asko okertu direnez, ETT bidez hilabete batzutan Tablas 21 tailerrean egin dut lana eta beste lau hilabetez, Talleres Azpeitian, lanik ez eta kaleratu ninduten arte. Gero, Donostiako Vicesa segurtasun enpresan hasi nintzen, baina apirila erdian lanik gabe geratu naiz. Semea lan bila dabil. Goi mailako informatikako zikloa hasi zen Donostian ikasten, baina ikasketak ordaindu ezin dizkiogunez, utzi egin behar izan du. Alaba bat ile-apaintzaile izateko ari da ikasten eta bestea DBHko 2. maila ari da egiten. Emazteak garbiketa enpresa batean egiten zuen lana, baina hura ere kalean geratu da. Inoiz ez gara horren estu ibili. Andreak langabezia-saria 300 euro kobratzen du hilean, baina bi hilabete eta bukatu egingo zaio. Nik hilean 700 euroko prestazioa jasotzen dut. Biok lana eginda gastuak ondo banatzen genituen; orain, ezinezkoa da. Burua jaten dut. 48 urte ditut eta lanerako hartzeraz jende gaztea eta koalifikatua hartuko dute. Ea zortea dugun eta lana bilatzen dudan. Duela urte eta erdi, gainera, alabatxo bat izan genuen. Bizi dugun une zail hauetan etxeko bizipoza da".
