Elizkaleko neska

Uztarria

Gitarrista, irakaslea, antzerkizalea, animalista... Amaia Garmendiaren liburuxka biografikoa kalean da.

Amaia Garmendia. 
Amaiak eta lagunek urtero irteten dute mozorrotuta astelehen karnabalean. Erromatarrez, bikingoz, mendizalez, Hare Krishnaz... jantzi izan dira. Argazkian, Amaia kabaret jantzita. 
Eba eta Amaia Gara egunkariko kontaktuen atalari esker ezagutu ziren, 2000. urtean. Handik bost urtera ezkondu ziren zibilez, Enparan dorretxean. Argazkian, ezkonberriak Sagasti Zaharren. 
Amaiaren anaia bikia, Mikel, apaiz egin eta urte asko daramatza Swazilandian bizitzen. Olatz ahizpa, berriz, moja sartu zen hemeretzi urterekin eta Nafarroako Done Mariako komentuan bizi da. 

Amaia Garmendiarena da Uztarria Komunikazio Taldeak pasa den urteko martxoan abiarazi zuen liburuxka biografikoen bildumako bosgarren zenbakia. Julian Bereziartua medikuarena izan zen lehena, Leo Etxeberria sindikalista eta euskaltzalearena bigarrena, Valentina Agirre emaginarena hirugarrena eta Santi Lazkano txirrindulari ohiarena laugarrena.

Geldirik egoten ez zekien haurra zen Amaia bere garaian. Heldu izatera iritsi zenean bihurrikeriak egiteari utzi zion, baina geldirik ez egote horrekin jarraitu zuen. Gitarrista, irakaslea, garbitzailea, antzerkizalea, animalista, danborradako zuzendaria, Elizkaleko festen antolatzailea, eta askoz ere gehiago da Amaia Garmendia azpeitiarra.

Xabier Otamendi kazetariak idatzi du biografia eta uztailaren 3an aurkeztu du Uztarriak. Aurrerapen txiki bat da jarraian irakur dezakezuena.

Garmendia-Altuna sendia

Aita-amak, biak, abertzaleak ziren. Aita preso egon zen 1936ko Gerra Zibilaren ondoren. Hori gutxi ez, eta heriotza zigorrera ere kondenatu zuten; ez behin bakarrik, zazpi aldiz zigortua izan baitzen heriotzara. Azkenean, ordea, ez zuten hil eta kartzelatik ere atera zuten halako batean. Ama ere abertzalea, beste emakume asko bezalaxe, Ondarretako kartzelara eraman zuten preso. Aita bezala, hura ere aske utzi zuten denborarekin.

Karmel eta Mari Karmen izan ziren Jose Mari eta Mariaren lehenengo seme alabak. Bikiak ziren, baina urte hartan bertan hil zen neska. Hurrengo urtean, Jexux Mari jaio zen. 2007an hil zen, gaixotasun luze baten ondoren. 1948an, neskatoa jaio zen, Olatz, hain zuzen. Hemeretzi urterekin moja sartzeko erabakia hartu zuen, eta halaxe jarraitzen du gaur egun, Done Mariako komentuan (Nafarroa). 1952an, Mikel hil zen, bost urte zituela, eta 1953an, Nerea bi urterekin.

1953an, bikiak jaio ziren berriro ere Garmendiatarrenean: Amaia eta Mikel, neska-mutilak. Mikelek apaiz izateko bokazioa zuen eta apaiztu egin zen. Urte asko daramatza Swazilandian (Afrika), hango biztanleei ahal duen heinean laguntzen. 1957an jaio zen Maite, eta 1959an, Miren. Amaia eta Karmel bezala, Azpeitian bizi dira biak. Miren izan zen Jose Mari eta Mariaren azkeneko haurra. 1973an hil zen ama, eta 1977an, berriz, aita.

Isokarrue

Ezaguna zen Amaiaren Isokarrue edo hiru gurpileko motorra, 1990eko hamarkadaren hasieran. "Zazpi urte inguruan izan nuen. Lanbretta bat izan nuen aurretik, eta hura saldu nuenean erabaki nuen Isokarroa erostea. Garbiketa lanerako oso erosoa zelako erosi nuen. Motoko karneta bakarrik dut, kotxekorik ez dut ateratzeko asmorik. Izorratu egin zitzaidan azkenerako, ordea, eta ordutik ibilgailurik gabe nabil. Garbiketa guztiak Alde Zaharrean egiten ditudanez, ez dut ibilgailu baten hainbesteko beharrik".

.1993 inguruan, Arantxa Mendizabalek eta biek Hego Euskal Herriari itzulia eman zioten, motorrean. Afari batean elkar ezagutu eta egin ziren lagunak, duela 30 urte. "Azpeititik, Done Mariara (Nafarroa) abiatu ginen. Ahizpa han nuen moja, eta bertan pasa genituen pare bat gau. Isokarroaren atzeko aldean ere egin genuen lo pare bat alditan. Bidaia hartako oroitzapen bikainak ditut".

"Aldapa behera nahiko azkar joaten zen makina, baina gora ezinean joaten zen. Ez zen orduko 60 kilometro baino gehiago harrapatzeko gauza. Kaleetatik pasatzerakoan, umeak animatzen hasten zitzaizkigun, motorra ezinean joaten zelako". Istorioa, ordea, ezin anekdotarik gabe borobildu. "Autobian sartzea erabaki genuen, Tolosa inguruan. Ez genekien debekatuta zegoenik, eta bat-batean polizia agertu zitzaigun. Han makina harekin ibiltzerik ez genuela esan ziguten eta isuna jarriko zigutela. Azkenean, aurpegi ona edo ikusi eta isuna barkatu ziguten".

Ebarekin lehen harremana

.2000. urtean ezagutu ziren Eba eta Amaia, Gara-ko kontaktuen atalari esker. Ebak tabernan lana egiten zuela, musika, zinema eta kirola gustatzen zitzaizkiola eta neska bat ezagutu nahiko lukeela zioen. "Hura irakurri eta deitzea erabaki nuen. Pixkanaka, hitz egiten hasi ginen, eta gehixeago ezagutzeko gogoa genuenez, 2000ko San Sebastian bezperan, Orkatz tabernan egin genuen zita".

"Gazte jendez beteta zegoen Orkatz, neu nintzen zaharrena, eta Eba sartu zenean segituan pentsatu nuen bera izango zela Zarauztik etorritako laguna. Elkarri begiratu eta Eba izan zen aurrea hartu zuena. Amaia? galdetu zidan, eta orduan nik, 'Zu Eba, ezta?'". Elkarrizketa sinple harekin hasi zen bien arteko harremana.

Danborrada amaitu eta parranda ederra bota zutela gogoratzen dute biek. "Hurrengo goizean Zuhatz taberna garbitzera joan beharra neukan eta Eba neurekin eraman nuen. Ongietorri ederra eman nion". Hala ere, horrek ez zuen Eba uxatu, egun bat pasatzera etorri eta astebete pasa baitzuen Amaiaren etxean. "Amak deitzen zion Ebari, baina ederki zegoela esaten zion alabak, lagun pila egin zituela eta oso gustura zegoela Azpeitian".

Denborarekin, elkarren etxera joaten hasi ziren; azpeitiarra Zarautzera eta zarauztarra Azpeitira. Harremana estutzen joan zela esan daiteke.