Azpeitiko lurrinak

Xabier Otamendi

Mota guztietako usainak arnasten dira herrian. Uda partean dira nabarmenenak, baina, neguan ere ez da horiek usaintzeko aukerarik falta izaten.

Lapatx zabortegian zaborra estaltzeko makinak lanean.   (Gaizka Otamendi)
Piensos Bastida enpresako tximinia kea dariola, Urraki aldetik ateratako argazkian.  (Gaizka Otamendi)

Urrakitik behera, Lapatxen gainean dagoen bihurgune inguruan antzematen hasten dira Azpeitian hainbeste nabaritzen diren usainen nahasketak. Eguraldiak asko baldintzatzen du usainaren nondik norakoa, batez ere haizearen norabideak. Zabortegiaren auzoan bizi direnek erabat jasan behar izaten dute hark isurtzen duen kiratsa. Urte osoan zehar izan ohi da, baina bertako batek dioenez, "udan izaten da txarrena". Ez dela denbora guztian egoten usain txar hori diote: "Boladaka etortzen da, kanpora irten eta izugarrizko usaina egoten da askotan". Negu aldean, dirudienez, pentsu usainik ez dela gehiegi antzematen esaten dute, baina "gutxiago bada ere" zabortegikoa antzematen da. Oraindik ere ez dago talderik edo ezer sortuta auzoan, baina gaiaren inguruan batzuk hitz egiteko asmotan dira, jakinarazi dutenez.

Usainaren iturri nabarmenetako bat Lapatx zabortegia da. 1988an zabaldu zen zabortegi hori, eta 2009 bukaerarako itxita behar zuten arren, Gipuzkoako Diputazioak 2012ra arte irekita mantentzeko baimena eman zuen. Egunean 300 tona zabor sartzen dira Azpeitian, 180 bertako mankomunitatekoak, eta beste 120 Donostialdetik etortzen dira. San Markosko zabortegia itxi zutenean, hango mankomunitateko zaborrak Beasaingo, Zarauzko eta Azpeitiko zabortegira ekartzen hasi ziren. Konposta egiteko planta ere bertan jarri zen eta bai inguruko bizilagunek, eta baita Izaskun Zeziaga Udaleko Ingurugiro Saileko arduradunak dioen bezala, bi usain irteten dira Lapatxetik: zabortegiarena eta konpost plantarena.

Usain ezberdinak kontrolatzerakoan, "dagoen arazorik handiena, legedirik ez izatea da. Legerik ez badago, ezin dugu gauza handirik egin", dio Izaskun Zeziagak. Gaia oso gutxi landutakoa da, orain apur bat aztertzen dela dio, baina ez dagoela ezer idatzita. "Europa mailan ez dago ia ezer. Duela urte batzuk Katalunian hasi ziren zirriborro bat idazten, baina azkenean, ezerezean geratu zen. Holandan badago zerbait, baina gutxi. Eusko jaurlaritzak ere ez du zirriborrorik".

Osasunerako "ez dira kaltegarriak", baina "kontzentrazio txiki-txiki bat nahikoa da usain oso desatsegina sortzeko", dio Ingurugiro arduradunak. Gai oso konplexua da, izan ere, gutxi aztertu denez, teknikoki usainak ezabatzeko modu batzuk badauden arren, oso urriak dira, eta garestiak gainera. Zeziagak adierazi duenez, "kontaminazio atmosferikoari aurre egiteko badaude teknika eta erraminta nahiko eraginkorrak, baina, urte asko dira gai hori lantzen hasi zirela, usainaren gaiarekin gertatu ez den bezala".

"Inbertsio handia"

Jaxinto Zulaika, Piensos Bastidako Zuzendari Teknikoaren esanetan, "merkatuko teknologia onenak" dituzte enpresak sortutako kiratsak ezabatzeko. "Sortzen den usainaren %86a kentzea lortzen dugu". Orduan, diotenez, "zati txiki bat bakarrik" isurtzen dute, "guztia kentzerik ez" daukatelako. "Asko arduratzen" direla kiratsez aipatzen du: "Izan ere, hainbesteko inbertsioa egin izan ez bagenu, usaina are okerragoa izango litzateke".

Arazo hori konpontzen saiatzen diren enpresa ezberdinak daude, eta horietako batek, tximinia luze bat jarri beharko luketela esan zien Piensos Bastidakoei, baina legediak ez du hainbestekoa jartzen uzten. Bestalde, honela dio zuzendari teknikoak: "Usaina %100ean kentzeko, Camp Nouren neurri bikoitzeko filtroa jarri beharko genuela esan ziguten, eta guk ez daukagu hainbeste toki. Merkatuko punta-puntako teknologia daukagu arazo horri aurre egiteko, diru asko inbertitu dugu horretan".

Zulaikak ere legediaren falta gogorarazten du; izan ere, ez dagoela usainak neurtzeko sistemarik dio. "Guk usaina neurtzeko sistema subjektibo batzuk baditugu, kontzentradore batzuk, baina legez inork ezin digu ezer esan, ez dagoelako neurtzerik". Zarata neurtzeko, adibidez, badago sistema objektiboa, beraz, legedia jartzea posible da, baina usainarekin, oraingoz behintzat ez da horrelakorik gertatzen.