Miren Fernandez: "Jendearen aurrean biluztea dut helburu"

Xabier Otamendi

Duela gutxi, disko bat kaleratu du bakarlari gisa: Laztantzen nauen eskua. Emanaldia "oso intimista" dela adierazi du berak.

Miren Fernandez Frantzesena.  ( )

Hendaian bizi den azpeitiar zarauztartua. Hala erantzuten du nongoa den galdetutakoan Miren Fernandez abeslariak.

Azpeitian jaioa zara. Zer harreman duzu Azpeitiarekin?

Lau urtera arte egon nintzen Azpeitian. Gero, Valladolidera joan ginen, zortzi urtera arte, eta handik, Zarautzera. Egun, egia esan, gero eta gutxiago joaten naiz hara, baina, han daukat familia. Hori bai, festetan, batez ere saninazioetan, urtero joaten naiz.

Nolatan hasi zinen abesten?

Txiki-txikitan hasi nintzen. Nire amak ere abesten zuen Unai Hirukoan. Musika oso presente izan dut familian. Amaren anaia bat Egan taldeko bateria zen. Beste osaba, berriz, Jose Luis Frantzesena, Azpeitiko Bandako zuzendaria. Neu gogoratzen ez naizen arren, bi urterekin Loiola Herri Irratian abestu nuen. Baina, kantatzen-kantatzen, zortzi urterekin Zarautz-Txiki abesbatzan hasi nintzen. Gero, Zarauzko handien abesbatzan jarraitu nuen, eta aldi berean, neu nintzen gazteen zuzendaria. Ekain izeneko taldearekin ere ezkontzaz ezkontza ibiltzen ginen, eta ni nintzen abeslaria. Ekainen nenbilela Magisteritza Musikala ikasteari ekin nion. Baina, lehenagotik ere banituen ikasketa gehiago. Adibidez, pianoan zazpigarren mailara arte, armonia, musikaren historia eta kontserbatorioko gradu ertaineko ikasketak.

Telebistan asko ibilitakoa zara. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Aire Aire-n egin nuen telebistako lehen agerraldia. Jose Mari Iriondok aurkezten zuen saioan Benito Lertxundiren kanta bat abestea erabaki nuen. Dirudienez, berak ez zuen ikusi, baina, baten batek neska bat bere kanta abesten ikusi zuela komentatu zion, eta ni ezagutzeko gogoa sartu zitzaion. Handik hilabetera, Joxe Felipe Auzmendiren Telletxea-ra eraman ninduten. Gonbidatu bezala Benito Lertxundi eraman zuten, eta ni, beretzako sorpresa bezala eraman ninduten. Han hasi nintzen berekin hartu emana izaten, eta orain, harreman ona dugu. Handik, abeslarientzako txapelketa bat zuzentzen zuen Izar Bila programara joan nintzen. Hogei parte-hartzaile ginen, eta gehienek kanpoko abestiak kantatzen zituzten, ingelesez gehienbat. Ni nintzen Xabier Leteren kantak abesten zituen bakarra. Jendeari hori gustatu egiten zitzaiola uste dut, programa ETB1ekoa zela kontuan hartuta. Finalera iritsi nintzen, baina Marife Nogalesek irabazi zuen. Txapelketa amaitzean, bi finalistoi Sorginen Laratza saioan abesteko aukera eskaini ziguten. Bost urte pasatu genituen astero programan abesten. Ni orduan ez nintzen hortik bakarrik bizi, eskolan ere lana egiten nuen irakasle, baina, lanaldi herenean nengoen. Askotan duo bezala Xabier Euzkitzerekin ere abestu nuen.

Jende ezagunak letrak egin dizkizu diskorako.

Kantak egitea oso erlatiboa da, sortzaile bakoitzak bere sistema baitu. Batzuk lehenengo letra sortu eta gero doinua jartzen diote. Nik alderantziz egiten dut, eta hori beste pertsona batzuk egin izan didate. Behin, Euzkitzek berak eskatu zidan doinua sortzeko, gero berak letra idazteko. Bestetan alderantziz izaten da. Hau da, neuk eskatzen diet beraiei, neuk sortua daukadan doinu bati letra jartzeko. Adibidez, Pako Aristirekin gelditu nintzen behin, eta bi kanten letrak egin zizkidan. Asier Serranok ere egin izan dizkit hiru edo lau, eta baita Andoni Egaņak ere. Horiek idatzitako letrekin egindako kantak dira diskoko abesti guztiak.

Honakoa diozu zure emanaldiagatik zure web orrian: "Ordubeteko emanaldi intimista, kontzertu lasai batean gozatzeko modukoa...". Zer esan nahi duzu?

Diskoko kanta gehienak oso intimistak dira. Idazle ezberdinek idatzitako abestiak diren arren, beti ere niri gertatu zaidan zerbaiten inguruko letrak dira. Beraiekin geratzen nintzen eta nire sentipen eta gertaturikoak kontatzen nizkien letra zeren inguruan idatzi azaltzeko. Emanaldia oso intimista da, nire tripak ateratzen ditut, amodiozko kontu etabarrekin. Helburua zera litzateke: jendearen aurrean biluztea.

Prefosta taldea ere izan zenuen lehenago.

Sorginen Laratza bukatu zenean, bost urtean bertsioak kantatzen ibili eta gero, Azpeitiko Udalak saninazioetan kontzertua ematea proposatu zidan. Aurretik ere bi urte jarraian proposatu zidan, baina jakina, nik ez neukan talderik, programan bakarrik abesten bainuen; beraz, ez nintzen joan. Hirugarren aldiz eskatu zidatenean, beraz, aukera pasatzen ez uzteagatik taldea sortzea erabaki genuen ezagutzen ginen inguruko musikari batzuk. Pianista batekin eta beste sei musikagilerekin osatu genuen. Euskal kantarien abestiekin egindako bertsioak abesten genituen. Izena Prefosta jartzea erabaki genuen. Horrekin arrankatu genuen, baina helburua zen pixkanaka Prefosta difuminatzen joatea, eta denborarekin neu bakarlari gisa gelditzea. Hori izan da prozesua, pixkanaka-pixkanaka Prefosta uzten joan gara, eta nire kantekin eta bakarlari gisa aritzeko apustua egin dugu.

Taldekide berberak jarraitzen al duzue?

Beste hirurekin nago, eta horietako bi Prefostatik datoz. Hirugarrena, kontrabaxua, berria da. Lau gaude taldean, izan ere, egungo krisiarekin oso zaila da talde bat aurrera ateratzea. Imajinatu, zazpiko talde bat ekonomikoki kostu izugarria izango litzateke. Etorkizunean gauzak hobetuko balira, ba... joango ginateke pixkanaka aurreko talde berdinarekin joaten, gustatuko litzaidake.

Etorkizunerako proiekturik?

Ahalik eta kontzertu gehiena ematea.

Azpeitian noizko kontzertua?

Ba, seguruenik emango dugu. Eguna jartzeko dago oraindik baina... Ilusio handia daukagu Azpeitian kontzertua emateko. Udaberri honetan-edo aukera izatea nahiko genuke.