Ajeak eta pozak eskutik

Ainitze Agirrezabala

Bila joanda edo ezustean etorrita, ama oso gazterik izan diren hainbat herritarrek euren esperientzia kontatu diote Uztarriari.

Hiru belaunaldi: Lurdes Urdalleta, Ainara Astigarraga eta Manex eta Xuban anaia bikiak. 
Amaia Aldai eta Pedro Iriarte, Iraide alaba jaioberria besoetan dutela.  (Amaia Aldai)
Naroa Bengoetxea eta senarra Enaitz eta Maddi seme-alabekin.  (Naroa Bengoetxea)

Naturako miraririk handiena emakumearen barruan sortzen den haurtxoa dela esan daiteke. Bila joatetik ezustean etortzera badago aldea, eta oso gaztea bazara are handiagoa, baina guztiek diote umeak bizipozik handiena direla.

Amaia Aldai: "Laguntza eta babes handia izan dugu gurasoen aldetik"

"Turismoko bigarren ikasturtea ekainean bukatu eta abuztuan jakin nuen haurdun nengoela. Mutilarekin bi urte neramatzan, eta hura ere ikasten ari zen. Garbi genuen ez genuela ezkondu nahi, ez zitzaigun iruditzen ezkontzearekin ezer konpontzen genuenik. Lehen unean elkarri esan ez arren, inoiz pentsatzen duzu: Honekin alaba izan dudalako, derrigortuta nago bizitza osoan harekin izatera?. Pasatutakoa pasatu arren, gure harremanak garatzeko bere erritmoa segitu behar zuen. Egia esan, orain artean gauzak ondo joan zaizkigu.

Ume hura hazten lagunduko zidatela esan zidaten aitak eta amak, eta mutilaren gurasoek ere ahal zuten guztian lagundu ziguten. Hasierako sustoa pasatuta, egia esan, sekulako suertea izan dugu gurasoen aldetik, haien laguntzarik eta babesik gabe, gaur egun ez baikinateke gauden bezala egongo.

Haurdunaldia aurrera emateko urte sabatikoa hartu nuen. Ez ginen elkarrekin bizitzen jarri, bakoitzak bere etxean segitu genuen. Haurdunaldia eta erditzea oso onak izan nituen. Amak eta amaginarrebak lagundu zidaten ospitalera, baina Pedro klasean zegoen, eta hura ailegatzerako Iraide jaio zen. Alaba izanda gero, Pedro egunero etortzen zen gure etxera umea ikustera.

Martxoan ama izan eta urrian Turismoko azken urtea hasi nintzen egiten. Umea etxean amarekin utzi eta Donostiara ikastera joan nintzen aurreneko egun hura oso gogorra egin zitzaidan, baina nik garbi nuen ikasketak bukatu eta lana egin nahi nuela. Ikasketetan notarik onenak guraso izan eta gero atera genituen senarrak eta biok. Guraso izateak heldutasuna eta motibazioa eman zizkigun.

Badakit gaztaroko urterik garrantzitsuenetan beste edozein gaztek egiten zituen gauza guztiak egiterik ez genuela eduki. Egoera berri hark lagunengandik pixka bat urrundu egiten zaitu. Momentu batzuetan faltan botatzen dituzu, edo esaten duzu: Jo, ni hemen nago fardelak aldatzen eta biberoia ematen, baina ez dut inolako traumarik.

Egonkortasun pixka bat lortzean, Iraidek sei urte zituela, ezkondu eta elkarrekin bizitzen jarri ginen. Bederatzi urtera bigarrena eduki genuen. 19, 10 eta 2 urteko seme-alabak ditut, eta etxean diskurtso desberdinak ditugu: txikienak burukoa hartu duela, erdikoak etxeko lanak dituela egiteko eta zaharrenak arroparik ez duela. Ez aspertzeko lain".

Ainhoa Arregi: "Atzera egiterik banu, ez nuke ezer aldatuko. Berriz egingo nuke"

"14 urterekin geratu nintzen haurdun, eta bikoteak eta biok umea edukitzea erabaki genuen. Hala, ezkondu egin ginen, Santio egunean, lau-bost hilabeteko nengoela. Komunioko argazkia dela dirudi. Ni baino hamar urte zaharragoa zen mutila, eta elkarrekin urtebete edo generaman. Abuztuaren 19an, ordea, sei hilabeteko, erditzea aurreratu zitzaidan eta hil egin zen alabatxoa. Kolpe latza izan zen, batetik umea galdu nuelako, eta bestetik, pasatu nuen guztia pasatu behar izan nuelako: eskola utzi, ezkondu, gizonaren gurasoen etxera bizitzera joan, kalean sortu zen zeresana jasan... Egoera hartara heldu nintzenez gero, ama izatea nahi nuen, eta segituan bila joan ginen. Hurrengo urteko abuztuaren 23an jaio zen semea. Bigarrena handik bost urtera izan genuen.

Erditu eta umea besoetan jarri zidaten unea ondo gogoan dut, ilusio handia egin zidan. Haurdunaldia oso ona izan nuen, erditzea, aldiz, oso gogorra, baina gero, umea hazteko oso ondo moldatu nintzen. Gainera, pertsona nahikoa optimista naiz, etortzen dena etortzen dela aurrera egitekoa. Noski, aldea dago, inguruak asko egiten du: gurasoek nola hartzen duten, bikoteak... Egia esan, egundoko suertea izan nuen, bai nire etxekoek, baita gizonaren etxekoek ere babes handia eman eta asko lagundu zigutelako. Halere, esan beharrik ez dago, kalean besteengatik erraz jarduten dugula, eta min handia egiten dugula. Nik anekdota pila ditut. Behin, denda batean sartu eta bi emakume han entzun nituen: Jakin al duzu herrian ume bat haurdun geratu dela? Gizagaixoa!. Eta, ni han, isilik. Pena dut, isilik geratu baino gehiago, ez naizela emakume haren aurpegiarekin gogoratzen. Honezkero, joan nintzen harengana, eta esan: Garai batean esan zenuen ume gizagaixo hark, ez bat, bi seme ditu; begiratu zer ume eder.

Bizitza dena aldatzen zaizu, baina umearengatik dena utzi beharra –lagunak, parrandak...– ez zitzaidan batere gogorra egin. Ume batek ematen duen bizipoza hain da handia... Gero, 20 urterekin aitaren enpresan lanean hasi eta etxe bat ere erosi genuen.

Semeek 25 eta 20 urte dituzte eta esan dezaket 40 urterekin nagoela bi semerekin baina libre, kakotx artean. Eta, esaten duzu, bai, gaztaroan zenbait gauza galduko nituen, baina irabazi ere bai. Gainera, koadrilan –neska eta mutil gara– oraindik ere kalera irteten dugu ostiralero, larunbatero eta igandero, eta alde horretatik ere zorte handia dut. Atzera egiterik banu ez nuke ezer aldatuko. Berriz egingo nuke. Askotan esaten dut, 40 urtek kontatzeko hainbeste eman didate, neure memorien liburu bat idatzi beharko nukeela".

Lurdes Urdalleta eta Ainara Astigarraga: "Bat seaskan, bestea lepoan eta hirugarrena sabelean nuen"

"Hilekorik ez zetorkidan, eta bigarren faltarekin amari esan eta ginekologoarengana joan ginen –adierazi du Lurdes Urdalletak–. Haurdun nengoela jakin genuenean amak kristoren negarrak egin zituen, sekulako disgustoa hartu zuen. Mutilarekin juntatu nintzen hurrengo aldian esan nion: Badugu ba hirugarren laguna ere. Susto ederra hartu zuen. Hark ere gurasoei esan zien, eta onena ezkondu eta umea ekartzea zela esan zuten. 17 urterekin ezkondu nintzen, gizonak 21 zituen, eta nire jaiotetxean jarri ginen bizitzen gurasoekin. Asko lagundu ziguten.

Hasieran sustoa izan zena, bizipoza zen gero, eta ilaran beste bi etorri ziren atzetik: Ainara eta Maitane. Bat seaskan, bestea lepoan eta hirugarrena sabelean nuela hor ibili nintzen. 20 urterako hiru umerekin nengoen. 27, 26 eta 25 urteko seme-alabak ditut. Ikusten duzu lagunak juergara doazela, afaltzera, batera eta bestera, eta ni umearekin etxean. Bizimoduari beste era batera begiratzen diozu. Gerora, alabekin egin izan dut parranda, eta esaten ziguten: Ene! Zer ama gaztea duzuen! Ahizpak ematen duzue.

Batzuk ama izaten diren garaian egin naute ni amama, 40 urterekin. Alaba hain gazte bikien esperoan zegoela jakitean pentsatzen nuen, 'honek zeukak orain infernua!'".

Lurdesen alaba Ainara ere gazterik izan zen ama: "Urtebete-edo neraman bikotearekin, eta elkarrekin bizi ginen, –kontatu du Ainara Astigarragak–. Hilekorik jaisten ez eta mutilari esan nion: Uste dut hemen zeozer badatorrela bidean. Farmaziara joan zen Predictor-a erostera; ni bitartean etxean zain, urduri. Positibo eman zuen. Hasieran ezin nuen sinestu, baina gero ilusio handia egin zidan.

Lau hilabeteko nengoela egin zidaten lehen ekografia, eta ginekologoak hala zihoen: Begiratu pantailara, hemen bat ikusten da; hemen bestea. Eta, nik: Nola bat hemen eta bestea hor ikusten direla?. Bai, bi dituzu. Eskerrak etzanda nengoen, bestela atzeraka eroriko nintzen. Ibon, ama eta hirurok itxaron-gelan hitzik egin gabe egon ginen.

Izatez, familian oso urrun ditugu bikien kasuak. Ibonen aitaren lehengusuak eta nire aitonaren anaia-arrebak bikiak ziren. Horrek, ordea, zerikusirik ez duela esan zidan medikuak, familian aurrekaririk izan gabe ere bikiak jaio zitezkeela. Haurdun geratuko banintz berriro bikiak edo hirukiak edukitzeko arriskua dudala esan zidan. Hori jakinda, joan zaitez bada orain neska baten bila!

Haurdunaldia oso ona izan nuen; erditzea, berriz, oso txarra, gogorra. 10-15 minuturen aldearekin jaio ziren. Ama izatean asko hunkitu nintzen. Etxera bueltatzean aurreneko astea gogor xamarra egin zitzaidan, baina umeak ezagutuz joan ahala ondo moldatu nintzen. Ume onak izan dira".

Naroa Bengoetxea: "Gaur egun hirugarrena ekartzea ondo pentsatu beharrekoa da"

"Txikitatik garbi nuen ama gazterik izan nahi nuela. 2005eko irailean, 22 urterekin, ezkondu eta urte berriarekin batera txiki baten bila joango ginela erabaki genuen. Martxoan haurdun geratu eta abenduan jaio zen Enaitz. Bigarrena, Maddi, bi urte eta erdira jaio zen. Haurdunaldiak eta erditzeak zoragarriak izan ditut; horiengatik balitz zientoka ume eduki nitzake, baina gaur egun hirugarrena ekartzea ondo pentsatu beharrekoa da. Halere, 30 urtera arte ez dut aterik ixten. Handik gora daukadanarekin bizi eta gozatu nahi dut.

Tripa handiarekin ikusten nindutenean lagunek hala esaten zidaten: Ai ama, Naro! Haurdun al zaude? Ezkonduta, gizona eta etxearekin, eta ni oraindik ikasketak bukatzeko. Noski, gauza bat da bizitza honetan zer ilusio dituzun edo zer nahi duzun, eta bestea, bizitzak bide horretatik eramatea. Ni 16 urtetatik nenbilen mutilarekin –hura bost urte zaharragoa da– eta harremana hasieratik oso serioa zen. 18 urte betetzerako etxe bat egiten hasi ginen. Lanean ere oso gazterik hasi nintzen. Oso garbi nuen karrerarik ez nuela egin nahi, eta 16 urterekin DBH bukatu, merkataritzako modulua egin eta lanean hasi nintzen. Baina, egia esan, senarrak dirua soberan irabaziko balu, lana utzi eta etxean umeak hazten geratuko nintzateke; baina, halakorik ez dugunez, lanera joan behar.

Parrandazalea izan naiz, baina 13 urtetatik 18ra primeran pasatu dut, egin beharreko dena egin dut, eta atzera egin beharko banu berdina egingo nuke. Ez dut batere damurik, eta gizonak ere beste horrenbeste. Momentu batzuetan lotu egiten zaituela? Jakina! Ezin zara astebururo irten, baina irteten zaren horietan gehiago dakizu gozatzen. Ezkontza bat dugula, edo afari bat, ba, umeak gurasoekin utzi eta nobiotan bezala egiten dugu parranda. Gainera, ez da izan, bat-batean etorri zaigun zerbait, eta buelta nola eman jakin ez dugun zerbait; bila joan ginen. Gazterik izan nahi genuen guraso. Ni 20 urterekin izan ninduen amak, eta ama-alaba harreman hori horrela bizi izan dudanez, iruditzen zitzaidan neuk ere bide horretatik jo behar nuela.

Erditu eta umea ikusteak sekulako zirrara eragiten du. Egundoko miraria da. Umetxo hura zure barruan sortu dela ikusteak oilo-ipurdia jartzen dizu. Hain txikiak izanda lehenengoarekin beldur pixka bat ematen dizu, nola heldu eta bat eta beste... baina ia bigarrena bera bakarrik hazten da".

Jara Aranbarri: "Ez zen ezustean etorri, bila joan ginen"

"21 urterekin geratu nintzen haurdun eta 22rekin izan nuen alaba, Aisha. Mutilak 19 urte zituen aita izan zenean. Ez zen ezustean etorri, bila joan ginen. Elkarrekin denbora gutxi generaman, hilabete batzuk, eta Enparan kalean jarri ginen bizitzen, alokairuan.

Aishak urtea egin zuenean berriro haurdun nengoela jakin nuen. Ilan ezustean etorri zen. Nik ez nuen nahi horren azkar, bestela lehenengoarekin ez duzu berdin gozatzen. Bi haurdunaldiak eta erditzeak oso onak izan ditut, baina erditu ondoren gaizki pasatu nuen. Lehenengoarekin, epidurala gaizki jarri zidaten, gorputz erdia mugitu ezinda geratu zitzaidan eta hilabete ingresatuta egon behar izan nuen. Bigarrenarekin ez zidaten epiduralik jarri, baina umetokian infekzioa izan nuen eta bularra ematen nionez, Ilanek neumonia harrapatu zuen. Biok ingresatuta egon ginen, eta alaba zaharrena amak zaintzen zidan.

Mutila, Mulay Driss, jaiotzez marokiarra da, baina bi urte zituenetik Euskal Herrian bizi da. Kulturalki oso desberdinak gara, eta gauza askotan ez gara bat etortzen. Hasieran bere aitak gure artekoa ez zuen onartzen, baina orain hobeto konpontzen gara. Driss neska marokiar batekin ezkontzeko hitz emanda zegoen, eta aitak ezin zuen onartu semeak ezkon-hitza haustea eta, gainera, ezkondu gabe neska europar batekin umea izatea. Mutilaren aitak askotan esan digu ezkontzeko, baina hori bikotean hitz egin eta erabaki beharreko zerbait da. Esaterako, nire alabek txerrikirik ez dute jaten, baina haien kulturan Gabonak, karnabalak... ospatu ez arren, gure alabek ospatzen dituzte. Drissek sekula ez dit eskatu buruan beloa jartzeko, eta nire alabak hazten direnean nahiago nuke painolorik jarrito ez balute. Mantentzeko modua izanez gero, marokiarrek lau emazte eduki ditzakete, baina nik hori ez nuke onartuko. Haiena kultura oso matxista da, baina nik egundoko suertea dut Driss txikitatik hemen hazi delako eta lagunartea ere hemengoa duelako. Gutako bat izango balitz bezala da.

Gazteena zeharo bihurria da, atzetik ibili behar beti. Bestea ez, bestea magalean eseri eta lasai-lasai egoten da. Oraingoz ez, baina aurrerago beste ume bat edo bi eduki nahiko genituzke. Horretan mutila eta biok bat gatoz".