Kamera adarrean

Xabier Otamendi

Azpeitiko sokamuturraren errepasoa egin du Enekoitz Esnaola kazetariak. Jendeak ikusten duena eta ez duena erakutsi nahi izan du.

Enekoitz Esnaola kazetariak Azpeitiko sokamuturrari buruz egin duen dokumentaleko irudi bat. 
Enekoitz Esnaola.  (Olatz Prat)

Elkarrizketaz elkarrizketa dabil Enekoitz Esnaola kazetaria (Azpeitia, 1970). Inguruko hedabide gehienek elkarrizketatu nahi izan dute. Azpeitiko sokamuturrari buruzko dokumentala egitea bururatu zitzaion, eta horrek, ikusmin handia piztu du antza. Kamera aurrean soltura hartua daukala antzeman daiteke grabatu dituen elkarrizketetan.

Idatzizko lana egitera dago ohituta kazetaria, baina oraingo honetan ikus entzunekoari heldu dio. "Ni idaztera ohituta nago, hau oso ezberdina da, gidoia nahiko azkar egin nuela esan liteke, idatzi beharrekoa baitzen, baina bideo zatiak ikusi eta aukeratzeak ordu asko eskatzen ditu". Lara Madinabeitia gasteiztarrarekin ibili da lanean, berak hartu du irudi berriak grabatzearen eta edizioaren ardura. Kamera arruntarekin ordu batzuk grabatu ditu, baina horrez gain, bestelako teknikak ere erabili dituzte. Makina bat esames piztu baitzuen sokamutilaren buruan eta zezenaren adarrean kamera bana agertu zirenean.

Irailean hasi zen proiektua indarra hartzen, Esnaolari dokumental hori egitearen ideia bururatu eta Zezen Beltz elkarteari proposamena luzatu zionean. Taldekoei gustatu egin zitzaien ideia eta martxan hasi ziren. "Hasi ginenean garbi neukan inauteri aurretik aurkeztu behar genuela, jendea sokamuturrerako eta festarako gogoarekin zegoenerako, alegia". Horregatik, inauterien aurreko astebukaeran aurkeztu zuten, otsailaren 26an, Sanagustinen, eta dagoeneko salgai dago dokumentala DVD formatuan 10 euroren truke.

Sokamuturraren idatzizko dokumentazio asko dago, eta hala gogorarazten du Esnaolak ere. "Neu artikulu batzuk idatzita nago, Uztarriak ere atera izan ditu, sokamutilei elkarrizketak ere egin izan zaizkie, Azpeitiko festen liburuan sokamuturrari zuzendutako atal bat dago. Idatzizko lana badago; ikus entzunekoa, ordea, ez hainbeste, ez behintzat dokumentatuta. Lan honekin ekarpen handia egin zitekeela ikusi nuen".

Kaitok eta Madrazok grabatutako bideo irudiak ere erabili ditu, eta horiek bere garaian egin zuten lana azpimarratzen du behin eta berriz, "haiengatik izan ez balitz bideo gutxi izango bailirateke Azpeitiko sokamuturraren inguruan". Horiez gain, argazki asko aurkitu ditu eta baita jendeak besterik gabe grabatutako zenbait bideo. Horien artean, baita Botijo zezen ezagunarena ere.

Ezkutuko lana

Dokumentalaren helburua, alde batetik, Azpeitian zezenak daukan garrantzia erakustean datza: "Ganaduzaleek diotenez, Azpeitian bezalako indarrik ez dauka sokamuturrak, edozein egunetan jende piloa egoten delako". Beste alde batetik, jendeak ikusten ez duena azaleratu eta erakustea nahi izan du. Hor sartuko luke sokamutilen eta ganaduzaleen lana.

Herritarrei sokamutilen borondatea eta esfortzua erakutsi nahi izan die dokumentalean. "Borondatez jarduten dute, ez dute ezer kobratzen eta gainera festetan aritzen dira, baina, beraientzat apenas egoten da festarik". Esfortzu fisiko handia eskatzen du guzti horrek, eta karnabaletan "beti zezena" ibiltzen dela gogoratzen du; izan ere, 72 orduko luzera daukate hemen, eta horietako 14tan zezena izaten da kaleetan batera eta bestera. Horrek dedikazio handia eskatzen du. "Lehen zazpi izaten ziren, orain bederatzi lagun dira, eta agian, parrandaren bat egiteko aukera izaten dute. Nik garrantzia handia ematen diot horri, herriaren alde egiten duten lan horri".

Soka ere mutilek beraiek prestatzen dute pazientzia handiarekin. Kalamuarekin egindakoa da, eta Filipinetatik ekartzen dute, Murtziako (Espainia) eta Donostiako bi denden bitartez. Soka lodia eta fina erosten dira urtero, eta biak uztartzen dituzte praka txuriek. Beraz, zezena ez dagoenean ere lana egin behar izaten dute.

Ez litzateke sokamuturrik izango animaliarik gabe, eta kaleetan lau ordu eta erdian sei zezen egoteak urte osoko lana eta bizi osoko dedikazioa eskatzen du. Hori ere erakutsi du dokumentalean Esnaola kazetariak. "Gaur egun ganadutik bizitzea ez da erraza, ganaduzaleek ezinezkoa dela esaten dute. Egunero jaten eman behar zaie, garbitu egin behar dira, gastu ikaragarria suposatzen du horrek. Horregatik ematen diot garrantzia handia horri ere, hori mantentzea lortu dutelako, konpromiso handia erakutsiz".

"Idiskoa aspaldi desagertuta litzateke Azpeitian sokamuturrik izango ez balitz". Hala diote ganaduzaleek. Azpeitian adar bakarreko animalia ekarrita kexa gutxi izaten omen dira idiskoa baldin bada. Gainontzeko herrietan larbehia ateratzen dute, baina Azpeitirako txikitxo gelditzen dira horiek. Esnaola konturatuta dago horrekin eta azken urteetan "apenas" ateratzen dela larbehirik dio.

Helburu horiez gain, badu bestelakorik ere dokumentalaren egileak. "Aurrera begira, transmisio lan bat beteko dela deritzot. 2011n egindako lana da honakoa, baina, norberak bere seme-alabei edo bilobei erakusteko hor egongo da. Orain aterako dugu, baina, hemendik hamar urtera ateratzea ere posible litzateke".

Sokamuturra txikitatik

"Gure etxean beti bizi izan da sokamuturra. Gogoratzen naiz umea nintzenean Elizkalean, amonaren etxeko leihotik begira egoten nintzela, beti hara joaten nintzen zezena inguru horretara iritsi aurretik". Denborarekin zaletasuna areagotzen joan zitzaion eta egun sokamuturra dagoen bakoitzean Enekoitz kalean ikustea oso arrunta da. Txikitan ikasi zuen ohitura eta zaletasun horrek fruituak eman dituela ikus daiteke, beraz, azken hilabeteotan egin duen lana kontuan hartuta, besteak beste.

Sokamuturrak dituen hutsuneez galdetuta, bat nabarmentzen du gehienbat. "Elizkalean, erditik aurrera, ez dute karrerarik apenas irekitzen. Sokamutilek asko aipatzen dute hori". Karrerek babes handia ematen diete sokako zezenean dabiltzanei, eta horrez gain jolaserako aukera gehiago ere ematen du. Horregatik, karrerak irekita mantentzeak edertu egiten du sokamuturra.