Hussain Azaom: "Egunero oroitzen naiz nire herriaz; sorterri-mina dut"

Ainitze Agirrezabala

"Bizitza hobeago" baten bila duela hamar urte irten zuen Marokotik. Baina, krisia medio, lanik gabe dago.

 
Goiko bi argazkietan, Hussain Azaom semearen Damasoko harategian. 
Mustapha harakina, Mohamed bezeroa eta Hussain. 

Noiztik bizi zara Azpeitian?

Lau urte daramatzat Azpeitian. Izatez Tangerkoa naiz, baina bizitza hobe baten bila 1991. urtean atera nintzen handik. Azpeitira etorri aurretik Ermuan, Eibarren eta Azkoitian bizi izan naiz, baita Frantzian eta Holandan ere. Hasieran bakarrik irten nuen Marokotik, baina 2004ean familia ekarri nuen: emaztea eta hiru seme-alabak.

Lortu al duzu bizitza hobea egitea?

Eraikuntzan egin izan dut lana, baina ekonomia krisia medio, 2005ean lanik gabe geratu nintzen. Ordutik, sei hilabetez baino ez dut lana egin, Udaleko brigadan, erreka bazterrak garbitzen. Orain langabezian nago, eta semeari Damaso auzoan duen harategian laguntzen diot, familia bisitatu asmoz egun batzuk pasatzera sorterrira joana baita.

Zer botatzen duzu gehiena faltan?

Sorterri-mina dut. Ama, arrebak... Marokon ditut. Hango eta hemengo ohiturak ere oso ezberdinak dira. Hasieran dena gogorra egiten da, baina denborarekin ohitu egiten zara.

Zer moduz bizi zara Azpeitian?

Ahal den moduan. Alde guztietan daude pertsona onak eta txarrak, baina bai, baditut lagun azpeitiarrak. Bizi behar dudan leku horretan ondo jan, ondo bizi eta lasaitasuna badago, ni gustura. Arazorik gabe bizi nahi dut, ez dut besterik nahi.

Sorterrira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Ez dakit... Jaioterriaz egunero gogoratzen naiz, baina momentuz hemen gustura bizi gara. Bere garaian, Etxebeltz-Izarran babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko izena eman nuen, eta etxea egokitu zitzaidan zozketan, baina lanik gabe geratu nintzenez uko egin behar izan nuen. Modu horretako suertea bizitzan behin izaten da, baina pasatzen utzi behar izan nuen. Hor ez dago atzera bueltarik.

Azpeitian bizi diren gainontzeko marokoarrekin ba al duzu harremanik?

Bai, noski. Aljeriarrak, marokoarrak eta sahararrak Azkoitiko meskitan biltzen gara. Txilaba jantzi eta ostiral eguerdiro hara joaten naiz, errezatzera. Oso sinestunak gara; bizitza honetan zerbaitetan sinestu beharra dago