Patxi Azkargorta: "Frontoiak estalia behar du, baina alboak-eta libre dituela"

Ainitze Agirrezabala, Mailo Oiarzabal

Etxea eta lana frontoi atarian, eta pilotazale amorratua izanda, "beharko heldu" pilotari. Eta bidaltzen duten arte jarraitzeko pronto.

Patxi Azkargorta. 
 

Eguneroko siestarekin kunplitu ondoren hartu du etxean Uztarria Patxi Azkargortak. 85 betetzear, buruan armiarma sare gutxi du, eta hizketa gozo egitea atsegin duela antzematen zaio; pilota gustatzen zaion adina, ia-ia. 62 urte daramatza Azpeitian, baina ez du Bergarako hizkera galdu.

Pilotarako duzun zaletasuna Bergaratik al datorkizu?

Bai. Bergaran ere ibilitakoa naiz pilotan; jokatzen aurrena, eta txapelketak antolatzen gero. Afizionatuetan jokatzen nuen. Patxi Arriola nuen gehienean bikotekide. Deba bailarako herriartekoa jokatzen genuen.

Azpeitian nolatan sartu zinen pilotaren munduan?

Ezkondu eta 24 urterekin etorri nintzen. Tindatzailea nintzen, eta komertzial batek esan zidan Azpeitian ez zegoela tindategirik. Lekeition tindategi berri-berri bat itxi egin zuten; hura oso-osorik erosi eta Azpeitira ekarri nuen, hemen lokala bilatuta. Kasualitatea, frontoi aurre-aurrera etortzea eta, nahi gabe, beharko sartu. Orduan hasi nintzen pilota txapelketak antolatzen zituztenei laguntzen. Landeta aldean-edo bizi izan banintz, beharbada ez nuen horrenbesteko hartu-emanik izango pilotarekin. Baina aurrez aurre frontoia bertan izanda, erderaz esaten den bezala por cojones beharko heldu pilotari.

Garai hartan pilotak ba al zuen indarrik Azpeitian?

Bai, bazegoen zaletasuna. Nik jokatu ere egiten nuen: okindegi berriaren goian bizi zen batekin, Flakonekoa. Bailarako txapelketa, Cuenca del Urola, jokatzen genuen. Denera igoal izango ginen dozena bat bikote edo.

Ilunpe pilota elkarteko presidentea zara, sorreratik.

Esanda daukat nik ez dudala presidente izan behar, beste batzuek izan behar dutela, badaude-eta merezi dutenak. Baina, vitalicio esaten didate. Barre eginez esaten dut, bidaltzen ez nauten bitartean hortxe segituko dudala.

Ilunpek harrobiarekin lan handia egin du.

Bai. Mutikoekin lana egin behar da. Hor lan handia dago. Orain ez didate uzten lehen bezala horretan lana egiten. Beste batzuk ere badaude. Erakustaile onak daude, jende ona. Hor mutikoei bide bat erakutsi behar zaie. Beren erara erraz uzten badiezu, ba... Pixkat estutu egin behar izaten dira.

Hasierako garaietan pentsatzen al zenuen Azpeitiak Herriarteko Txapelketa irabaziko zuela?

Bai, Gipuzkoako txapeldunak izan ginen aurrenekoz 2004an [ 2008an bigarrenez eta 2010ean berriro ]. Akordatuko ez naiz ba! Herrian egundoko harrera egin ziguten, polita izan zen.

Bailaran Azkoitiari lekukoa hartu diozuela esan al daiteke?

Ni hona etorri nintzen garaian, alde handia zegoen batetik bestera. Hemen txapelketak ipini genituenean, azkoitiarrak etorri eta frist!, haiek eramaten zuten txapela. Orduan, hemengo mutikoak errealeko pilotarekin ibiltzen ziren. Izen hori antzinatik zetorren. Xubeldianeko dendan saltzen zituzten errealeko pilotak; garai batean, pilota klase hura erreala kostatzen zelako. Gero, bost duro kostatzen zen.

Errealeko pilota hura nolakoa zen?

Erabat eramaten zuten hemengo mutikoek. Bazegoen beste bat, baratoko pilota esaten zitzaiona. Hura pilota-pilota zen. Errealekoa dezente makalagoa zen, hasiberriak ziren mutikoentzat. Azkoitiarrak ohituta zeuden Kontzejupean-eta baratoko pilotarekin jokatzera. Eta, hona etortzen zirenean erraz irabazten zieten hemengoei.

Zeu horren pilotazalea izanda, pena al duzu bi semeak futbolariak atera direlako?

Bai eta ez. Haiek ere kirolariak izan dira, kirolaren bidetik ibili dira. Biak entrenatzaile nazionalak dira. Iñakik titulua badu Espainiako edozein talde entrenatzeko, eta Xabierrek zer esanik ez, mundiala ere bai. Beno, beraien afizioa hori da eta... Alaba, Irune, zen pilotaria. Neska koskorra zela, bere adineko mutilekin-eta aritzen zen pilotan. Eta ezkerrarekin, beti.

Kalkuluak botatzen hasita, zenbat ordu egin dituzu Frontoi Txikin?

Asko, bai, eta orain ere bai. Orain, gehien bat Keuttin [ Jesus Ruiz Argandoña ] eta Beobide aritzen dira. Neguan hotz egiten du han egoteko eta medikuak ere esana dit: Patxi, kontuz e! Hori toki hotza da. Semeek ere esaten didate. Pixka bat utzita nago. Garai batean hantxe egoten nintzen egunero, mutikoek nola jokatzen zuten ikusten. Eta, orain ere badatoz, e!

Ba al dituzu begiz jotako mutikoak?

Bai, eta pilotan oso poliki egiten dutenak. Orain, jarraituko duten martxa horretan? Hori beste kontu bat da.

Udaberrian sartuta, orain sarriago joango al zara frontoira?

Egunero ez dakit, baina joaten hasiko naiz, arratsaldetan. Keuttinek hala esaten dit: Patxi, oraindik eguraldi hotza e! Neuk esango dizut noiz.

Garai bateko Frontoi Txikiren zer oroitzapen dituzu?

Atzo balitz bezalaxe akordatzen naiz frontoi zaharrarekin. Ez zen estalia. Ezker pareta egiten zuen antzinako etxe batek, goian balkoi eta leihoak zituena. Atzean, Takolo Txikineko taberna zegoen. Orain galduta dago, baina Azpeitiko esaera zen; pilota makala aurrean harrapatutakoan, begira zegoen jendeak, pilotariari deiadar egiten zion: Kalera!. Pilota hura kaleraino ateratzeko, atzean kalea zegoelako.

Berria egindakoan majo aldatuko ziren kontuak, ezta?

Frontoiaren itxura guztiz aldatu zen. Orain, estalita, gauza ona du frontoi horrek. Nik beti esan izan dut frontoiak estalia izan behar duela euriarentzako, busti ez dadin; baina alboak-eta libre. Pilota poltsikoan duenak frontoia libre eduki dezala. Ez dadila baratero baten eskuetan egon, harek atea noiz irekiko zain. Nik Bergaran ezagutu dut hori. Barateruak frontoia irekitzen ez badu, kito! Eta euria egin arren, kantxa lehorra dagoenez, ba arazorik ez.

Egia al da dendan beti izaten zenituela pilotak, eskean joaten ziren mutikoei uzteko?

Bai. Patxi, pilotarik bai?. Eta nik: Zer, entrenamendua?. Hala uzten nizkien, gero bueltatu, esanda. Artilezko galtzetan sartuta, zintzilik, gordetzen nituen; kajoia, egurra, txarra da pilotarentzako.

Pilotarako afizioa bultzatzeko beste bide bat zen, ezta?

Orain ere, han pasatzerakoan, mutikoren bat pilotan ari bada, gelditu eta begira egoten naiz. Orain ere finala irabazi dute Azpeitiko mutikoek. Ibili egiten direlako. Hor ez dago sekreturik. Batzuk abilagoak dira beste batzuk baino, baina ibili gabekorik, ez. Ibili gabe ezin da txapelik atera; ibili egin behar da, segi, eta segi.

Azpeitian lehen baino gehiago ibiltzen al dira gazteak frontoian, ala gutxiago?

Orain ere dezente ibiltzen dira. Lehenengo, frontoia behar da. Gaurko egunean badakizu nola dauden Zumaian? Frontoi zaharra bota eta berririk egin ez.

Azpeitian hainbeste urte eramanda, nola liteke Bergarako hizketa hori ez galtzea?

Umea nintzela etorri banintz, tira, baina 24 urte nituen ordurako. Zaila izaten da hori. Berehalaxe igartzen didate.

Zuk euskararekiko eduki izan duzu beti halako zera bat...

Pixkat bai. Bergaran ikastolan, garai hartako ikastolan, ibilitakoa naiz, gerra aurretik. Gipuzkoako aurrenetako ikastola izan zen hura. Behar bezalako aurrena, bere ikasmahai eta behar bezalako irakasle eta guzti zituena. Gure ikastolan, beste eskoletan erderaz ikasten zituzten liburu berberak genituen, baina haietaz gain, euskara ere ematen genuen. Egundoko mapa ederrak genituen. Pareta batean, Euskadiko mapa handi bat; eta, bestaldean, goitik behera jaitsi eta jasotzeko aukera ematen zutela, Hegoamerika, Ertamerika, Ipar Amerika, Europa, Afrika eta Asiako mapak geneuzkan, ederrak. Francoren tropak sartu zirenean, kanpora atera zituzten eta denak erretzen hantxe ikusi nituen. Negarrez joan nintzen etxera, haiek ikusita. Geure ikastola zen eta...

Azpeitiko Ikastolaren sorreran ere hortxe ibili zinen, ezta?

Bai, geuk ipini genuen. Sei-zazpi lagun elkartu ginen, ikastola sortzeko. Oso oroitzapen onak ditut. Jende ona zen, borondate onekoa. Ia egunero etxean afaldu ezinik, bateko eta besteko bilerak… Haiek bukatu eta etxera joaterako, las tantas, erderaz esaten den bezala. Baina gustura eta pozik. Lagun asko egiten da eta, gainera, garai hartan inguruko herri askotan ere hasi ziren ikastolak sortzen, eta denetara joaten ginen. Zumarragan, pasionistetan, hilean behin batzarra izaten zen; ikastola ia denetakoak joaten ginen hara, zeuden gorabeheretaz hitz egin, eta zer egin behar genuen jakiteko. Momentu txarrak ere izan ziren; Donostian eta, behe aldean, ikuskatzaileek ikastola batzuk itxi egin zituztela jakin genuen. Eta, noski, beldurrez, ikuskatzaileak noiz etorriko. Hari ere aurre egin behar zitzaion.

Kartzelan ere egon zinen, gerra ondoan.

Kartzelan bi urte egindakoa naiz, 22 urterekin. Paperak ipintzen harrapatu gintuzten. Eta sost, barrura. Ondarretako kartzela utzi eta Martutenekoa inauguratutakoa naiz ni. Kartzela zaharretik berrira trasteak eramaten ibili ginen. Bietan egon nintzen. Bost ginen, Bergarakoak. Autobusean eraman gintuzten, goardia zibilek. 20-30 lagun izango ginen, herri ezberdinetakoak. 1948ko maiatzaren 3a zen. Martutenetik irten nintzen egunean, ehun bat lagun nituen zain. Gero nire emaztea izango zena, Juli, hantxe zegoen. Oso polita izan zen. Gizon bat, gure oso laguna zena, barruan gurekin egondakoa, oiartzuarra, Gaztelumendi... Jakinaren gainean zegoen jendea. Ni asko ezagutzen ninduten, barruan denbora askoan egon nintzelako pekulioa eramaten. Kartzelan pekulioa esaten zaio diruari; aurrezki kutxa balitz bezala da.

Kartzelako bankaria zinen, orduan?

Bai, halako zerbait. ¿Oye, cuándo…?, galdetzen zidaten batzuk. ¿Qué, estás sin dinero?, nik. Nik ez neukan berez kargua, kargua nagusiak zeukan, uniformedunak; baina lanerako alfer samarrak zirenez, guri lagatzen ziguten. Kartzelan zeuden emakumeengana ere joaten ginen, ordaintzera, pasaeran horrela [ musuak botatzeko planta egiten du ] eginez!

Azpeitiak zer egingo du aurten Herriartekoan?

Ez dut esango irabazi egingo duenik, baina Gipuzkoakoan, hortxe-hortxe. Orain, Euskal Herrikoan ja...