Mailu Aizpuru: "Azkoitian oso ondo tratatu izan naute beti"

Ainitze Agirrezabala

23 urte daramatza Azkoitian "oso gustura" bizitzen, baina '-xe' azentua ez zaiola erantsi adierazi du.

Azpeitiko kalean ama Maritxurekin ateratako argazkia, bi urte zituela. 
Maren eta Lander bikien ama da. 
Ikasleekin egun batzuk pasatzera Linzara egindako irteeran. 

Ogixe ala ogiye?

Azkoitiar azentua ez zait erantsi. -Ye inondik inora galdu ez dudan gauza bat da.

Erraz joan zinen Azkoitira bizitzera?

Gaztetatik lagun oso onak izan ditut Azkoitian; mutila hangoa nuen, eta etxea zuen han. Balitz, aurretik Azkoitiarekin eta azkoitiarrekin kontakturik ez nuela, ba, igoal ez nintzatekeen joango. Baina, ez zitzaidan egin arrotza Azkoitira bizitzera joatea, duela 23 urte.

Azpeiti-Axkoiti xextran: mitoa ala errealitatea?

Mitotik asko du; pentsa zenbat bikote nahastu dauden. Bai azkoitiarrak Azpeitian bizi direnak, bai azpeitiarrak Azkoitian bizi direnak. Nik ez dut sekula pike hori bizi izan; oso modu naturalean bizi izan dut beti.

Azkoitian bizi zarenetik xanoago al zara?

Ez. Eta, ez dut uste azkoitiar bat Azpeitira etortzen denetik harroago izango denik. Hori topiko bat da. Hori da esatea bezala, azpeitiar guztiek zezenzaleak izan behar dutela.

Barriketatik edan al duzu urik?

Kar, kar, kar. Bai, edan izan dut.

Oteizaren frontoietan ibili al zara?

Ez.

Azkoitian duzun gustuko txoko bat?

Ez dut txoko berezirik. Gustuko jendea eta giro ona badut, lekuak ez dio axola.

Azpeitiarrek ez duten zer ezaugarri on dute azkoitiarrek?

Ezaugarria nongoa den baino, gehiago da pertsonaren arabera. Niretzako beste horiek oso estereotipoak dira. Oso kajoi itxiak. Nik leku guztietan ezagutu dut denetako jendea.

Orain serio: zer moduz bizi zara Azkoitian?

Azkoitian oso gustura bizi naiz eta oso ondo tratatu izan naute beti. Nire eguneroko azpeitiar dosia beteta daukat, lana Azpeitian egiten baitut, eta Azpeitiko lagunekin ere harremana ez dut galdu. San Sebastian bezperan afaltzera etorriko naiz... horrelako protokoloak baditut. Hil arte azpeitiarra izango naiz.

Anaitasuna ala Lagun Onak?

Ni futbolak oso urruti harrapatzen nau. Azkoitiarra edo azpeitiarra den alde batera lagata, pertsona horien gertutasunaren arabera hartzen dut baten edo bestearen aldeko joera.