Baloiaz gain

Eneritz Albizu (Donostia)

Baloiaz gain, bada beste mundu borobil bat David Zurutuza jokalari profesionalarentzat: bere munduan zein buruan, gure herriak badu tartetxo bat.

David Zurutuza, jokoan. 

Askotan ahaztu egiten zaigu futbolariak pertsonaia publikoak ez ezik, herritar arruntak direla; gu bezala semeak, lagunak, bikotekideak, bizilagunak edo lehengusuak izan daitezkeela.

Hori aitzakiatzat hartuta, David Zurutuza (Rochefort, Frantzia, 1986) Errealeko futbol jokalaria elkarrizketatu du Uztarriak; zelai barruan ezagutzen dugun arren, berari buruz zerbait gehiago jakiteko asmoz.

Zurutuza betidanik hara eta hona ibili izan den mutila da. Berak ondo dioen bezala, ez luke jakingo bere etxea zein izan den esaten, gauza bakarra du argi: "euskalduna" dela. "Txikitatik ikasi dut frantsesez zein euskaraz hitz egiten: amarekin frantsesez, aitarekin euskaraz". Hala ere, euskara da bere ama hizkuntza.

Denbora librean, lagunekin, neskarekin, familiarekin edo txakurrarekin egotea du gustukoen. "Futbolak denbora libre asko lagatzen digun arren, ezin dugu beti nahi duguna egin, eta askotan atsedena hartzea tokatzen zaigu". Atseden hartzeko, akziozko pelikulak ikustea edo Esne Beltza taldearen abestiak entzutea dira futbolariaren aukeretako batzuk.

Eta futbolaz gain?

Futbolean ez ezik, makina bat kiroletan aritua da elkarrizketatua; hori bai, inoiz baloiaz ahaztu gabe. Eskola kiroletan zein atletismoan ibiltzen zen, eta gaur egun, asko jolasten ez duen arren, "ping-pong-a praktikatzea gustuko" du.

Futbol zelaian, jarraitzaileek 17 zenbakiarekin ezagutzen duten mutil honek, ez luke zenbaki hori gustukoenetzat hartuko: "Beti gustatu izan zait 5 zenbakia, badakizu, txikitako kontuak".

Realak leku ezberdin ugari ezagutzea ahalbidetu dion arren, futbolariak argi dauka "konpainia onean leku txarrik ez" dagoela. Mendia eta hondartza biak atsegin ditu, azken aldian hondartzara gehiago jotzen duen arren.

Ikasketei dagokionez, Ingeniaritza ikasten jardundakoa da Zurutuza, "Matematika eta Fisika ziren nire ikasgai gustukoenak".

Gosaltzeko ez du buruhauste handirik izaten, zerealak dira eguneroko gosaria; hala ere, txikia zenetik ezergatik aldatuko ez lukeen jakia patata tortilla da.

Azpeitiari begira

Aita azpeitiarra izanik, familia bisitatzera txikia zenetik etorri izan izan da herrira futbolaria, "Zuen herrian, Hendaian ez bezala, kaleko bizitza dago eta asko gustatzen zitzaidan hara joan eta lehengusu zein lagunekin jolasten ibiltzea". Umetan ez ezik, oraindik ere etortzen dela eta herria gustuko duela adierazi du.

"Oraindik ondo gogoan ditut nire attittek [ Enrike Zurutuza, albaitaria eta euskaltzalea ] Azpeitiko baserritarrei buruz behin eta berriz kontatzen zizkidan istorioak, pasadizoak eta anekdotak".

Ziur aski, bere azken hitzekin erakutsi du berak ere baduela azpeitiar nortasuna. Azpeitiko leku bat hautatzeko eskatutakoan, Erdikalea erantzun du; eta Azpeitia entzun eta burura etortzen zaion lehen gauzaz galdetzean, "herri indartsutzat" deskribatzen du herria.