Diskoak, bira eta bira

Ainitze Agirrezabala

Azken urteetan, disko jartzaileak parrandetako protagonista bihurtu dira. Herrian ere ugaritzen doaz zaletasun hori duten gazteak.

Mikel Zubizarreta Dj Beba(DJ Beba)
Iñaki Etxaniz Dj Panda(DJ Beba)
Iraitz Olaizola Dj Referee(Dj Referee)

The Smiths taldeak Panic (Ikara) kantuarekin hang the dj (urkatu dj-a) esaldia ospetsu bihurtu zuenetik nahikoa euri egin du. "Erre diskoteka, urkatu Dj bedeinkatua, etengabe jartzen duten musikak ez baitit ezer esaten nire bizitzaz... Urkatu Dj-a, urkatu Dj-a, urkatu Dj-a...", zioen abestiaren letrak.

80ko hamarkadan Erresuma Batuan sortu zen taldeak Dj-aren irudiari egurra eman bazion ere, egun, Dj-ak parrandetako protagonista bilakatu dira. Areto, taberna eta diskoteketan ohikoa da disko-jartzaileak ikustea. Azken urteetan, Dj-aren irudia asko aldatzeaz gain, txanpiñoiak bezala zabaldu dira, plazetako erromerietan eta ezkontzetan giroa alaitzea lanbide zuten taldeei itzala egiteraino.

Mikel Zubizarretarentzat (Azpeitia, 1985) eta Iñaki Etxanizentzat (Azpeitia, 1985) musikak arnasa hartzeak bezainbeste garrantzia du euren bizitzan. Ofizioz ez, baina afizioz Djak dira. Dj Beba eta Dj Panda.

Umetatik dira lagunak Zubizarreta eta Etxaniz; beti elkarrekin, lotura estua dute oraindik ere, musika jartzeko zaletasuna baitute biek. "Musika elektronikoaren oso zaleak izan gara, betidanik", adierazu du Etxanizek. "Herrian gehiago ere badira, Aitzol Arregi Txol eta Oier Aramendi Dj Ulea, nolabait bidea zabaldu dutenak eta gure irakasle izan direnak. Beti haiek entzuten, diru pixkat inguratu eta aukera suertatu zitzaigunean, ekipoa erosi eta denborapasa bezala hasi ginen". Zubizarretaren esanetan, pasatu den hilean lau urte bete zituzten honetan hasi zirela. "Nik betidanik eduki dut gogoa musika pintxatzeko. Bost lagunen artean erosi genuen ekipoa, lokalerako, nahiz eta Panda eta biok aritu musika jartzen. Bi plater, mahai txiki bat eta binilo mordoska, hirurehundik gora, erosi genizkion Telle zestoarrari, bigarren eskuan. Garai bateko bakailaua zen, Exkerretegikoa".

Sekretua, tempo berean nahastea

Ostiral gauero jartzen dute musika Lokotx tabernan, eta "ahal duten guztietan" Desguaze Music lokaletik saioa eskaintzen dute Internetez, Live Stream webgunean duten kanaletik. Saio horiek ez ezik beste hainbatek ere betetzen dute bi Dj horien egutegia. "Pare bat aldiz ailegatu gara Pagoara pintxatzera, Txitxarron ere ibili izan gara, baina diskoteketan, esaten dena, gutxi. Bergaran Tartufon, Arrasaten Maritxu Kajoitan... Gainontzean, aretoak alokatu izan ditugu, 300-400 eurotan, festak antolatzeko".

Saio bakoitzaren aurretik zer kantu jarri aukeratzen dutela kontatu du Etxanizek: "Interneten bilatu eta jaisten ditugu debalde, oro har; nahi duguna bilatu ezean, berriz, erosi egin behar. Ez dira asko kostatzen, kantu bakoitza pare bat euro".

Behin aukeratutako kantak ordenagailuan gordeta, musika jartzeko garaian, disko huts batera pasatuz egiten dute. Zubizarretaren esanetan, "kaskoen alde batean jendea entzuten ari dena entzutendugu, eta bestean, nahastu nahi dugun kanta. Plater batean eta bestean dauden abestiak erritmo eta tempo berean nahastean dago sekretua". "Zaila da adierazten zer estilo lantzen dugun", dio Dj Panda-k. "Techno musikak aldaera asko ditu. Egun dagoen barietatearekin, denak nahastuz joan dira". "Ulertzeko: elektroa, minimala eta teknoa. 2003tik 2007ra bitartean entzuten zen musikarekin aritzen gara", azaldu du Bebak.

Binilo digitalekin aritzen badira ere, "kontrolatzailearen erabilera modan" dagoela diote. "Orain, diskoteka gutxitan ikus daiteke platoekin pintxatzen. Richie Hawitin Dj ospetsuak jarritako moda da. Botoi bat zapaldu eta erritmoa bilatzea eta dena berak egiten du. Baina, horrek guretzat ez du graziarik".

Sormen propioa

Gustuko Dj-ren batek halako lekutan jotzen zuela eta, hartu hegazkina eta bidaiatu izan dute. "Horrelakoak egin ditugu", dio Bebak. "Londresen izan nintzen Anthony Rother ikusten; Zuricheko jaialdian; Brasilgo Wimbi Beach diskotekan... Iaz, esaterako, Monegroetara joan ginen, eta kasualitatez, Doctor Electrolux Dj-a entzun nuen, hunkitu eta lantzen nuen musika estiloaren txipa aldatu zidan. Ordura arte, minimala egiten nuen, eta harrezkero elektroa egiten dut".

Etxaniz Alemaniara joan zen, hiru eguneko jai batera. "Gustuko ditugun hainbat Dj-k pintxatzen zutela jakin, eta koadrilan joan ginen, astebeterako. Halere, niretzako Dj izarra Ima Chill Out da, eta Txol ere bai".

Besteren musika jartzeaz haratago joan nahi izan du Zubizarretak: "Nik beti gehiago nahi izaten dut, eta neure musika propioa sortu dut, Bebatronik izenean. Baditut kantu batzuk, baina beste munduko ezer ere ez. Soinu batzuk oinarri dituen programa bat dut, eta sormen lana egiten dut. Dj Amsia azkoitiarrak ikastarotxo bat eman zidan eta hor ari naiz, baina bide luzea da. Zeozer ondo egin nahi bada, ordu asko sartu behar dira". "Ari da, ari da...", bota du Pandak. "Hasieran kanta bat bazen zeharo astuna! Kanta bukatzerako nazkatu! Baina orain zaratak eta aldaketak hobeto sartzen ditu". www.missclood.com orrian entzun daitezke Desguaze Music Record eta Bebatronic-en saioak.

Musika-jartzaile bezala Azpeitian zaletasun handia dagoela diote. "Ez dakit moda kontua den, baina ikaragarri gara", dio Bebak. Pandaren esanetan, "garai batean ez bezala orain tabernetan –Korralen, Lokotxen, Pikuan, Negudan– entzuten da musika elektronikoa eta jendeari gustatu egiten zaio. Lehenago, jendeak musika elektronikoa beste era batera ikusten zuen. Erotzen zuen musika bezala, eta diskoteketako giroarekin lotzen zen. Orain, naturaltasunez hartzen da". Bebak gaineratu duenez, "Azpeitian musika elektronikoa jartzen Negudako Juanillo zena hasi zen. Gero, Txol, Binzo, Ulea... izan dira bidea zabaldu dutenak. Festatxo batzuk ere antolatu ziren Gaztetxean, Txarrantxan... Eta, eskertzekoa da, Lokotxen, Negudan, Korralen… saioak antolatzeko ematen diguten aukera".

Musika pintxatzeko beharra egunerokoa ez badute ere, ez dago egunik musika entzuten ez dutenik. Bebak adierazi duenez, "pintxatu ez, baina egunero dut musika entzuteko beharra. Berdin zait zer, Eskorbuto, Cicatriz...". "Nik egunero sesio bat entzuten dut", gaineratu du Pandak. "Musika horrekin lo hartzea dagoenik pentsatzea zaila da, baina gauean, oheratzean, entzuten dut".

Musikaren munduak eman dienaz galdetuta, "ezagutu ditugun lagunak", diote. "Egiten duguna jendeari hainbeste gustatzen zaiola ikusteak ere bete egiten zaitu. Horrekin jada helburua bete dut nik. Ohitzen ari naiz, baina niretzako txarrena, jendearen aurrean musika jartzen egote hori da. Beba ondoan badut, lasaiago aritzen naiz", dio Pandak. Bebaren esanetan, handik edo hemendik pintxatzera joateko deiak jasotzeak "asko pozten" ditu. "Okerrena, berriz, pintxatzeko materiala hondatzen edo huts egiten hastean izaten da. Neure buruarekin haserretu egiten naiz".

Dakitena gazteagoei erakusteko ere prest daude. "Pintxatzen ari garela gazteak gerturatzen zaizkigu, probatzeko zera hori izaten dute", dio Pandak. Bebaren esanetan, "lotsatu egiten dira, baina esaten diegu lasai azaltzeko lokalera, erakutsiko diegula-eta".

Referee, ezkontzetako Dj-a

Musika zaletasuna "betidanik" izan badu ere, diskoak jartzeko mundu horretan Oier Aramendi Dj Ulea-ren bidez "sartu" zela kontatu du Iraitz Olaizola Dj Referee-ek. "Elkarrekin ikasten genuen Zarautzen, eta bi plater, mahaitxo bat eta binilo batzuk saltzeko zeuzkala komentatu zigun lagun bati eta bioi. Animatu egin nintzen, ekipoa erosi eta etxeko ganbaran hasi nintzen, duela sei bat urte. Denborarekin, eskua hartzen joan ahala, ekipoa hobetu dut, eta orain sei plater ditut. Ideia bat egitearren: Seat Panda batekin hasi nintzen; gero, Ford Scort bat izatera pasatu nintzen, eta orain BMWa dut".

Luze baino lehen atera zen, ordea, ganbara zulotik kalera, diskoak jartzera: "Koadrilako baten amak taberna du Sanjuandegin eta auzoko festetan musika jarriko nuen eskatu zidan, eta aurrenekoz han aritu nintzen. Gero, garai hartan bertan, osaba batek ezkondu egin behar zuen, eta bere bodan musika jartzen ausartuko nintzen esan zidan. Probatu egin nuen, gustatu egin zitzaidan eta horrela hasi nintzen". Geroztik, Inoxen, Sanagustinen eta beste hainbat tabernetan jarri izan du musika, baina, normalean, ezkontzetan, kinto-afarietan eta enpresa-bazkarietan aritzen da musika jartzen. "Ekainean jaunartze batean ariko naiz, baina hori ez da ohikoena".

Halakoetan, parrandako musika, patxanga jartzen du. "Ezkontzera doazen hainbat bikotek nire gain uzten dute errepertorioa; beste batzuek 40 kantuko zerrenda bat ematen didate... denetik dago. Behin, senargaia Realzalea zela eta ereserkia jartzeko eskatu zidaten. Gonbidatu bat etorri eta Athleticekoa jarriko nuen esan zidan. Nik ezetz esaten jakin ez eta Realekoa bukatzean Athleticekoa jarri nuen. Jarri orduko, senargaia etorri eta anplifikadorearen entxufea atera zuen".

Neska-lagunarekin Iurretan, Bizkaian, bizi bada ere, Azpeitia inguruan sortzen zaio lanik gehiena. "Webgune bat ere sortu nuen, nire jarduna ezagutara emateko asmotan, eta egia esan laguntzen du jendearengana heltzen. Halere, ahoz ahokoaren bidez-eta, batez ere Azpeiti inguruko ezagunek deitzen didate. Egia esan krisiaren eragina nabari dut, baina onerako. Joxeinak-eta [ Etxeberria ] kobratzen dutenaren erdia eskatzen dut nik, eta beraz, garai zail hauetan niregana jende gehiagok jotzen du". Dj lanetan aritzeaz gain, autobuseko txoferra ere bada Olaizola.

Bestek deitu zain egon beharrean, behin baino gehiagotan eskaini izan du bere burua, esaterako, ikastolen aldeko festan musika jartzeko. "Duela bi urte Nafarroa Oinezen aritu nintzen diskoak jartzen. Iaz, Azpeitian ospatu zen Kilometroak jaia, eta han aritzeko ere saiatu nintzen, baina ez zidaten kasurik egin. Estilo horretako musikarik ez zutela nahi esan izan balute, tira! Baina, herrikoari ezetz esan, eta kanpotik bi Dj ekarri zituzten. Ez dakit haiek zenbat kobratuko zuten, baina ni debalde egiteko prest nengoen".

Autore eskubideak...

Disko-jartzaile bezala arazoak saihesteko SGAEn erregistratzea "beharrezkoa" dela dioen arren, "lapurreta hutsa" dela iruditzen zaio: "Autobuseko txoferra ere banaiz, eta irratia ipintzeagatik SGAEri ordaindu beharra ez da normala. Atera kontuak, idazle batek bere liburu baten autore eskubideengatik, urtean bi euro besterik ez du kobratzen!".