Zergatik musikariak ez?

Erabiltzailearen aurpegia 9e2ffbb76e5d4d0a813a2637fed54e 2014ko aza. 18a, 10:44

Interneten nabigatzen nenbilen batean, txiste bezala agertzen zen gertaera batek irribarrea eragin zidan. Bertan, gutun pare bat agertzen zen; hasierako gutun bat eta ondorengo erantzuna.

Honela zioen lehen gutunak:

"Agur bat. XXXX herriko jatetxe xume eta arrunt bat gara. Euren lana ezagutarazi eta euren diskoak saldu nahi dituzten musikarien bila gabiltz. Gure espazioa eskaini nahi dugu zure musika sustatu dezazun. Beti darabilgu publiko kantitate oso on bat, zeinekin zure musika bultzatu ahal izango duzun. Jazz, rock, chill out musika lasaia eta pop musika guztia. Erritmo nahasketak nahi ditugu. Hau ez da ohiko lanpostu bat, baina bisita batzuen ondoren harrera ona duela ikusten badugu, diru kopururen bat adostu genezake tarteka zure musikarekin gozatu dezagun. Zure lana sustatzeko interesik bai? Hemen duzu aukera. Erantzun lehenbailehen!".

Eta hau zen musikariren batek erantzuten ziona:

"Urte berri on! Etxe handi batean bizi den musikari bat naiz eta afalorduan nire lagunak etxera datozkidanean euren lana sustatu nahiko luketen ostalarien bila nabil. Hau ez da ohiko lan bat izango baina, ekitaldi berezi bezala, astero errepikatu genezake, ongi egiten baduzue. Janaria ongi egina ekartzea gustatuko litzaiguke, ongi prestatua eta, batez ere, produktu exotikoren bat izan dezala. Zuen jatetxea 'sustatu' nahi baduzue, jarri harremanetan lehenbailehen".

Grazia gehiegirik ez

Ja! Ederra erantzuna... Irribarrea irten zitzaidan jatetxeko arduradun 'gixajoak' gutun hura jasotzean jarriko zuen aurpegia imaginatzen nuen bitartean.

Irribarre egin dut, bai. Baina apur bat pentsatzen jarrita, grazia gehiegirik ez duelakoan nago, eta duela denbora pixkat Argia astekarian irakurri nuen elkarrizketa batetaz oroitu naiz. Elkarrizketatua Su ta Gar taldeko abeslaria zen eta hauts pixkat harrotu zuen elkarrizketa hark. Egia esan, beste batzuk esatera ausartuko ez ziren gauzak esan zituen bertan Aitorrek eta haren hitz batzuk gogoratu nahiko nituzke:

"Tailerrean hasten den edonor ogibidez hasten da eta, gutxiago edo gehiago, ordaindu egiten zaio. Musikan ez, musikan hastapenetan inork ez du zugatik ordaintzen (...) Zergatik eskatzen zaio doan lan egitea musika talde bati eta iturgin bati ez? Doan lan egiteko prest dagoen iturgin bakar bat ez dagoelako, baina doan jotzeko prest dauden taldeak ehunka".

Ados nago Aitorrek esandakoarekin eta gehiago esango nuke oraindik. Musikaz ez dakienarentzat: ekipoa mila eurotik gora nahi adina ordain dezakezu, edo alokairuan hartu ehun eurotik gora; ekipoaren zein musikarien garraioa autoz eta furgonetaz egiten da, erregaia behar mugitzeko; musikariek ez dituzte lan-orduak zenbatzen... ordainezina litzateke; ekipoak zenbait ukitu eta prestaketa behar izaten ditu lekura egokitu eta soinu duin bat lortzeko, eta lan hori musikariak egiten ez badu teknikariren bati ere ordaindu behar zaio.

Zergatik egiten digu grazia oraindik musikari batek bere lanarengatik kobratu nahi izateak?

Entzun musika!

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.