Sexu politikak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2012ko urr. 15a, 14:19

Horrelaxe deituko nituzke nik neuk : sexu politikak. Pentsatzen dut askok, izenburua irakurtzean, sexuaz hitz egingo dudala pentsatu duzuela. Hau da, hirurogeita bederatziaz, felazioaz eta kanpaia jotzeaz arituko naizela. Edo, agian, sexu harremanetan izan behar dugun politikaz. Harreman diktatorial edo dominatzailea, berdintasunezkoa, eskuzabaltasunezkoa… Hori ere ez da, bada, nire gaia.

Nonork pentsa dezake politika eta sexuaren artean izan daitekeen loturaz hitz egingo dudala. Ez dakit nola azaldu… “eusko gudariak” topera jarrita larrua jotzen dutenak edo “internazionala” abesten dutenak bikotekidearen arnasotsekin batera jo eta ke dabiltzanean… Hori ere ez da, ordea, gaur landuko dudan gaia. Eta ez dut hitz egingo, noski, politikarien artean dauden sexu harremanez ere.

Politikaz hitz egingo dut. Badakit nire artikuluaren hirugarren paragrafora heldu bazara, izenburuaren “sexu” hitzak eraginda izan dela. Eta orain, nik izenburuko bigarren hitzari heldu, eta testuari ekingo diot. Bada, bai!

Baina ez da kasualitatea. Orain, kanpainan gaudenez, ia egunero gure etxean politika-publizitatea jasotzen dugula. Nik erabili dudan formula bera erabiltzen dute politikariek. Izenburu, hitz eta irudi politekin jantzi beraien diskurtso eta panfletoak eta horrekin gure bozka nahi dute. Sexu hitza ez dute erabiltzen, baina askatasuna, burujabetasuna edo bakea moduko hitzekin erakartzen dute gure arreta.

Berdin dio zein koloretakoak diren, zein tokitan jaioak, nora begirako politika egingo duten, ezkertiarrak edo eskuindarrak diren… Beraien siglek ere ez dute ezer adierazten: EH Bildu, PSE-EE, PP, EAJ-PNV, EQUO… berdin dio. Denek gauza bera egiten baitute.

Beraien helburu bakarra da gure diruarekin bizitzeko aukera izatea lau urtez edo gehiagoz, gure herrietan egiten direnak beraien erara kudeatzea eta beraien lagunen artean banatzea… eta gu? Non gelditzen da gure iritzia? Gure helburuak? Gure nahiak?... Herritar xumeen iritzia lau urtetik behin hartzen dute kontuan. Lau urtetik behin galdetzen digute. Lau urtetik behin interesatzen dira gure gauzez.

Interesatu diot… agian gehiegizko konpromisoa eskatzen duen hitza da hori. Beraiei interesatzen zaien gauza bakarra: esandako egunean, kristalezko kutxaren barnean gure gutunazala sartzea, barnean beraien izena daraman txarteltxoarekin… eta kitto!

Zergatik diodan hori? Beno, badakit ez dela gauza berria. Politikan aspaldi erabiltzen gaituzte. Baina badirudi denen nahia eta zeregina ditxosozko krisi honetatik ateratzen laguntzea dela. Eta horretan ados nago, denen zeregina baita. Baina horretarako, diru publikoaren erabilera egokia eginez, gauzak errazagoak izango dira.

Hori horrela izanik, ez da izan alderdi politikorik bere erabakiak horretara begira hartu dituenik. Hau da, alderdien kanpainak diru publikotik ordaintzen dira,

kopuru handi bat behintzat. Milaka gutunazal, milaka zigilu, milaka zerrenda… Total, zertarako? Gizartearen ehunekorik handienak badaki nori emango dion bere bozka kanpaina hasi aurretik. Beraz, zergatik ez erabaki kanpaina bere horretan laga eta bertara bideratuko litzatekeen dirua gizartekintzara edo herritarrei laguntzeko programetara bideratu?

Ez dakit, ni ez naute konbentzitu. Agian, izenburuari erreparatuz, sexua praktikatzen pasatuko dut datorren hauteskunde eguna. Hori izango ote da sexu politika?

(Urola Kostako Hitzan argitaratua urriaren 4an)