Ez da normala!

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2014ko api. 16a, 11:38

Pentsatu al duzu inoiz esnatzen zarenetik oheratzen zarenera arte zenbat aldiz erabiltzen duzun normal hitza? Badirudi normala izatea eta normal jokatzea guztiz beharrezkotzat ditugula, originaltasuna nolabait miresten badugu ere, ezberdintasuna guztiz gaitzesten duen jendartean gaudelarik. Baina zer esan nahi du normala izateak, eta zergatik da hain normala normala izan nahi izatea?

Denok mintzo gara normala denaz eta ez denaz, baina zeren araberakoa den ez dago hain argi. Estereotipoei maskara kendu nahian dihardugu azken urteetan, horretarako besteak beste estatistikak baliatuz. Irrealak diren estereotipoak deseraiki behar ditugu, baina galdetu behar genuke horretarako bidea normalitatea edo aniztasunaren aberastasuna goraipatzea den. Estatistikek horretarakoxe balio baitute finean, normala zer den eta zer ez den esateko. Zu normalitatearen baitan edo kanpo zauden jakiteko.
 
Eta bai, normala denaren atzean ere norma dago, araua, normaltasuna hegemonikoa izatera iristeraino. Norma betetzen duena ona da; norma betetzen ez duena, aldiz, baztertua izango da. Ez dago normalitate bakar bat, inguruaren eta taldeen araberakoak izan ohi dira normalitateak. Maiz, integratuak sentitzeko eta taldearen partaide izateko behar dugu  normalak garela sinestea, geure izatea besteen begietatik epaitu ohi baitugu. Baina, aldi berean, normalitate berdinak kondenatzen gaitu sarritan.
 
Zorionez, denok ezberdinak gara, den-denak gara beharrezkoak baina inor ez da ezinbestekoa, inork ez du-eta normaltasuna guztiz betetzen. Ez dezagun ahaztu gurean ohikoa dena, bitxikeria dela albokoarentzat, eta guztiz kondenagarria kanpokoarentzat.
 
Geure nahiz besteen berezitasunak arazotzat hartu ordez aberastasun gisa ulertu eta sentituko bagenitu, bestelakoa litzateke bizitza.
 
Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.