Uztaileko aferak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2014ko uzt. 17a, 12:04

Urteko gaurik motzeneko akelarrearen ostean dantzari gabiltza aker eta sorginak, ikasturteari bukaera ematen ikasleak, oporretarako egunak zenbatzen enplegudunak. Udak zer ekarriko, gozatu asmoz, zahar eta gazteak. Udazkenera arte eta urtean zehar bidelagun nahi genuke eguzkia eta umore ona. Ospakizun eta festa garaia baita uztaila herrian, geure egin ohi ditugu kaleak herritarrok.

Gaztetxearen bederatzigarren urteurrena ospatuko dugu uztailaren 19an. Bederatzi urte autogestioa oinarri, herria egiten, han eta hemen eragiten. Antolatuz borrokatzen, borrokatuz eraikitzen. Aurten ere, baltsak prestatu eta ibaia abordatuko dugu, sangriarekin topa eginez jolastu eta solasteko aitzakiarik ez da faltako, eta berrerabilitako materialarekin egindako batukadaren erritmoa lagun izango dugu. Zorionak Gaztetxeari, lortzeko borrokan aritu zirenei, urte guzti hauetan lanean jardundakooi, eta jarraituko duzuenoi. Zorionak beste eredu bat posible dela mahairatzeagatik, eta eskerrik asko!

Santio festak, preso eta errefuxiatuekiko elkartasun eguna, Ume Eguna eta San Inazio festa egun ofizialak. Herritarrok gara jaietako protagonistak, edo hala behar genuke izan. Haujijijai festa batzordeak eta Marea Arroxak urteak daramatza festak herritik eta herritarrontzat behar dutela aldarrikatzen. Festa herrikoiak, anitzak, ekologikoak, parekideak eta askeak. Herritar denak olatura batu asmo ditu Marea Arroxak, eta parte hartzea zein herritarren protagonismoa ditu ardatz nagusiak. Baina olatuaren inertziak, festak herritarrentzat izateak, herriaren bultzada behar du ezinbestean, herritik ateratzea. Izaera herrikoia ez baitio ekimen bati jendetsua izateak ematen, antolaketa ereduak baizik.

Orain arte bezala, aurrerantzean ere, batean zein bestean antolatzera gonbidatu nahi zaituztet, egunero egiten dugun herri honen subjektu aktibo izatera. Eraikiz, eraldatuz, gozatzera!

Uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.