Loiolan eserita

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2014ko aza. 20a, 10:00

Ikusmiran, paseoan dabiltzanei irribarre eginez, lasterka ari direnen inbidiaz, patinetan dabiltzanen eskapadei adi, autobusak ekarri eta eramaten dituen girien kuriositatez, liburutegira doazen ikasleak aurre-atze, gitarra doinuren bat tarteka... zenbat arratsalde entretenigarri Loiolan eserita.

Behinola, 2006. urtean PSE-EE, EAJ eta Batasuna ere eseri  ziren Loiolan. Ezin uka Loiolak, ordurako zein geroztik, herri honentzat duen esangura. Ziurrenik ikusmiran zeudenen ezkutuan, baina bertan izan ziren Euskal Herriaren historian gordeta geratu diren negoziaketa politikoak.
 
Hala nola, joan den irailaren 21ean prentsaurrekoa egin zuten Loiolan hurrengo egunean Madrilen euren militantzia politikoagatik epaituak izango ziren 28 gaztek.
 
Gazteetako batzuek Madrilera hurbildu ordez Loiolan geratzeko hautua egina zutela adierazi zuten bertan, aske gune bat osatu asmoz, elkartasunetik konpromisorako saltoan herritarrak gazte haien inguruan Loiolan esertzera deituz.
 
Irainak, mehatxuak, kolpeak, bortizkeria, atxiloketak, batetik; elkartasuna, konpromisoa, maitasuna, erresistentzia, desobedientzia, atxilotuak, bestetik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile den Angela Murilloren aginduz, Eusko Jaurlaritzak bidalita Ertzaintza ikusi ahal izan genuen alde batean; legea desobedituz, epaiketa politiko horien zilegitasun ezak bultzatuta Madrilen aurkeztu ez ziren gazteak eta elkartasunez eurekin eseri ziren herritarrak, beste aldean.
Beste behin, herri honen historiak gordeko duen pasarte baten testigu, protagonista, partaide, konplize eta idazle izan ginen, Loiolan eserita.
 
Luma geure eskuetan hartuz, esertzeko, altxatzeko, mugitzeko, iraultzeko elkar hartuz, gogor eta tinko helduz, idatziko dugu guk geurea den historia.
 
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.