Soka luzean

Gerorako bainua

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2023ko aza. 15a, 08:50
(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik 2023ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hasi da irakiten ura eta abian da erlojuaren atzerako kontaketa; azken potoen txanda da. Behin kontserba poto guztiak itxita eta izendatuta, amaitu dugu urte guztian hornituko gaituen egun osoko lana.

Sukaldea barazki kaxek estaltzen zuten gaur goizean, udaren azken ostikoen adierazgarri. Gure baratzean, jada, bukatu da tomatearen garaia, eta unean bertan kontsumitu ezin izan dugun tomatea, saltsa bilakatzen dugu. Saltsa ondo gozatu dadin, tipula eta piper mordo bat eransten zaio tomateari. Jarraian, su baxuan osagai guztiak prestatu eta nahastu egiten dira, poliki-poliki, tomate saltsa itxura hartu arte. Ondoren, kristalezko potoetan sartzen da egin berri den tomate saltsa. Eta bukatzeko, Maria bainuan murgiltzen dira kontserba potoak, tomate saltsa egoera onean mantendu ahal izateko denboran zehar.

Maria bainua erabilera askotarako tratamendu termikoa da; besteak beste, oso erabilia da etxean elikagai kontserbak egiteko. Kasu honetan, kontserba potoak denbora batez ur-borborretan murgilduta mantentzean datza Maria bainuak. Bi fase bereiz daitezke Maria bainuan: berotzea eta hoztea. Batetik, berotzean elikagai kontserba beraren hedapena dela eta, potoan egon daitekeen airea kanporatzen da; eta bestetik, beroa tarteko, mikroorganismoak deuseztatzen dira. Hoztean, aldiz, elikagaiak jatorrizko bolumena berreskuratzen dute, eta sorturiko hutsunea beteko duen airerik ezean, hutsa sortzen da. Hala, elikagai kontserbaren itxiera lortzen da.

Elikagaien biziraupena luzatzea erronka handia izan da urte askoan zehar, eta horretarako, kontserbaziorako metodo ezberdinak –deshidratazioa, izoztea, gazitzea, gozotzea, hutsean ontziratzea, lehortzea...– garatu izan dira. Gaur egun, ordea, elikagaiekin dugun harremana egunean egunekoagoa da. Behar dugunean erosi eta kontsumitu, erosi eta kontsumitu, erosi eta... elikagaiekiko dugun menpekotasunari gehiegi erreparatu gabe. Gerorako ikuspegia ahaztu samar den honetan, heldu diezaiogun bertako eta garaiko elikagaiak kontsumitzeari, kontserbatzeari eta zaintzeari. Gainontzean: dagoenean bon-bon eta ez dagoenean, egon.