Soka luzean

Hotzari bero

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2023ko abe. 25a, 10:23
(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik 2023ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Barruraino sartu zait hotza. Etxeko azken eskailerak jauzi batean igo ditut. Hankadun tipula bat dirudit; hotza inongo zirrikituetatik sar ez dadin, arropa geruza pila batek estaltzen bainaute. Izara lodiz eta mantaz jantzitako ohea poltsa beroak epeltzen du, ez naiz udaberrira arte hemendik aterako.

Bero eza, edo hotza, urtearen azken eta lehen hilabeteen ezaugarri bereizgarrienetako bat da. Ingurunearen tenperatura baxua hotzarekin lotzen da, baina hotza subjektiboa ere bada, bakoitzaren pertzepzioen emaitza. Orokorrean, hotzetik ihesi gabiltza; izan ere, desatsegina izateaz gain, gorputzaren tenperaturaren muturreko jaitsierak horren funtzionamendua kalte dezake.

Beraz, hotzaren presentzian garrantzitsua da gorputzeko tenperatura bero mantentzea. Hortaz arduratzen da termoerregulazioa, gorputzaren tenperatura orekatzea helburua duen prozesuen multzoa. Animalion gehiengoak barne tenperatura erregulatzeko mekanismoak ditugu, gainontzeko izaki bizidunek ez bezala. Animalia ezberdinei erreparatu besterik ez dago hotzaren aurka garatu dituzten estrategiez jabetzeko. Hala ere, aipatu beharra dago animaliaren bero galera gehien baldintzatuko duten aldagaiak gorputzaren bolumena eta morfologia direla.

Tamaina handiko animalia batek, alderaketan, gorputz txikiagoko batek baino kontaktu azalera gutxiago dauka ingurunearekin; ondorioz, bero gutxiago galtzen duenez, hotzari aurre egiteko gaitasun handiagoa dauka. Modu berean, forma luzanga duen animalia batek, bero gehiago galduko du esfera itxurako batek baino, gorputza errazago hoztea eraginez. Esan gabe doa, karraskari txikiak bizi direla Artikoan, eta gameluak basamortuan; gehiago baitira, animaliek barne tenperatura erregulatzeko garatu dituzten egokitzapenak.

Migraziorako, hibernaziorako eta isolamendurako geruzez –ilez, lumez, gantzez...– gorputza estaltzea, besteak beste, hotzak barneko tenperatura ez asaldatzeko egokitzapenak dira animalion artean. Lumak oraindik ez, baina hankadun tipularena da hotza berotzeko daukadan estrategia arrakastatsuenetako bat. Zuena zein da?