Damien Rice: 'O'

Erabiltzailearen aurpegia Ane Bastida 2014ko ira. 12a, 12:53

Ane Bastidak abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako musika kritika da hurrengoa. Damien Rice-n 'O' diskoa du hizpide.

Hilabete honetan, Damien Rice handiaren maisulanarekin nator: O diskoa, 2002ko otsailean argitaratu zuena. Disko hau lagun mina zuen Mic Christopher-i eskainia dago, 2001ean buruko zauri baten ondorioz hil zenari.
 
Damien Rice irlandarra da eta diskoko abesti guztiek folk irlandarraren kutsua dute. Disko intimoa, sentimenduz betea eta oso landua da, detaile txiki askokoa. Berak ekoiztea erabaki zuen eta, ondorioz, antzematen da mimo handiarekin egindako eta xehetasun guztietan erreparatutako lan bat dela. Ekoizlana berak egiteko erabakia hartu zuen, beste norbaitek eginez gero ondorengo lanetan eskua sartu eta horiek baldintzatuko zituztelako beldurragatik. Diskoa ekoizteaz gain, berak grabatu zituen baxua, gitarra, klarinetea, perkusioa, bateria eta ahotsak.
 
Nire abestirik gustukoena The blower’s Daughter da. Ricen abesti ezagunenetako bat da eta Closer filmean agertzen da. Film hori ikusi nuenean abestia gustatu zitzaidan, eta norena zen begiratzean ezagutu nuen Damien Ricen musika.
 
Abestia, nahiko tristea da. Gainera, txeloaren doinuak izugarrizko indarra ematen dio, ileak tente jartzerainokoa. Amaieran, ustekabean, Lisa Hanniganen ahotsak segundo gutxiko agerpena egiten du, kantuak behar zuen emakume ukitu goxoa erantsiz eta, era horretan, abestia bera oraindik eta ikusgarriagoa eginez.
 
The blower’s Daughter hau, musika garaikidearen arloan, historiako abesti onenetariko bat bezala kontsideratzen dute hainbat adituk. Esaten da abesti hau era zaharrean grabatua izan zela, hau da, sesio bakarrean, horrela bere benetakotasunaren punturik ez galtzeko.
Bi disko besterik ez ditu argitaratu Damien Ricek eta bietan izugarrizko garrantzia eta pisua hartzen du bere bikotekidea zen Lisa Hanniganek. Bien arteko harremana bukatu zenetik, musika alde batera utzi zuen Ricek eta, 2006an 9 izeneko bere bigarren lana kaleratu ondoren, ez du ezer berririk egin. Kolaborazio txikiren bat egin du beste batzuen diskoetan, baina bererik ez du gehiago kaleratu.
 
O diskoak bi hidden track edo ezkutuko abesti ere baditu. Ea aurkitzen dituzuen!