'A book like this'

Erabiltzailearen aurpegia Ane Bastida 2014ko aza. 27a, 11:38

Hilabete honetan, azkenaldian asko entzuten ari naizen diskoari buruz idaztea pentsatu dut,  Angus eta Julia Stone-n A book like this izeneko lanari buruz, hain zuzen ere.

Angus eta Julia Stone australiar anai-arrebak dira. Musikarekiko bokazioa gurasoengandik etorri zaie. Haiek musikariak izanik, txikitatik bizi izan dira musikaz inguraturik eta. Abesti guztiak beraiek idatzi eta interpretatzen dituzte.

A book like this beraien lehen LPa izan zen. Hamalau abestiz osatutako lana, 2007ko irailean argitaratu zuten. Estilo aldetik folk minimalistan sartuko nuke, nahiz eta pop ukitu batzuk ere badituen. Anai-arrebon musikak antzekotasunak ditu Damien Ricen musika doinuekin, eta Juliaren ahotsak Lisa Hanniganen ahotsa gogorarazi dezake.

Disko hau entzutean izugarrizko lasaitasuna sentitzen dut, lasaitasun ez depresiboa. Hau da, abesti lasai eta delikatuak izan arren, ez ditu entzuleak deprimitzen edota goibeltzen, normalean horrelako doinuek lortzen dutena.

Gogokoen ditudan abestien artean The beast dago, diskoaren singlea izan zena. Gitarra eta perkusio doinu sinpleekin egindako abestia da, non pianoak protagonismo momentu txiki batzuk dituen. Kantu horretan Angus da abesten duena eta Juliak estribillo edo lelo uneak argitzen ditu, koruak eginez. Abestia entzun nuen lehen aldian, jenderik gabeko hondartza batek ematen duen lasaitasuna etorri zitzaidan burura.

Beste abesti bat goraipatzearren, Wasted aukeratuko nuke. Doinu aldetik aurrekoaren estruktura berdina jarraitzen du, gitarra eta perkusio base batekin, baina biolin doinu batzuez lagundurik. Honetan, gainera, Juliak abesten du eta Angusek koruak egiten dizkio. Amodiozko abestia da eta lelo nagusia "galduta nago zurekin" izango litzateke. Azkenik, Just a boy kanta, Angusek abestua eta aurrekoen estrukturari, piano doinuak sartzeaz gain, melodika solo bat gehitzen diona; hau ere amodiozkoa, neska batek mutil bati sortutako sentipenei buruz mintzatzen da. Ikaragarria da kargatu gabeko doinu sinpleez eginiko abestiok zenbat sentipen islada dezaketen.

Zuen esku, gozamen akustiko honi aukera bat ematea.

Fitxa

'A book like this' diskoa.
Egilea. Angus and Julia Stone.
Argitalpen urtea. 2007.
Estiloa. Folk akustikoa.
Ekoizleak. Frank Healy, Ian Pritchett, Angus and Julia Stone.
 
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.