Euskarak batzen gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Auzoko 2014ko urr. 16a, 04:14

Zerk batzen ditu helduak eta haurrak? Zerk lotzen ditu gizonak eta emakumeak? Eta gure herri honetan, zerk korapilatzen ditu alferrak eta langileak? Zerk ehuntzen ditu harremanak berdinen eta desberdinen artean? Zerk batzen ditu Azpeitian jaiotako edo beste toki batzuetan sortutako herritarrak? Euskara da guztiok batzen gaituena.

Ideia horrekin egin nahi du lan Udalak eta Topaguneak martxan jarri duten Auzoko egitasmoak. Izan ere, jatorri desberdinetako azpeitiarrak gaude gaur herrian, eta eskura dugu harremanak saretzeko tresnarik baliotsuena: euskara. Guztiok gara desberdinak, baina berdinak izan gaitezke tabernara joaterakoan, arraina erosterakoan edo anbulatorioko ilaran itxaroterakoan. Desberdinak izatea zortea da; eta aniztasun hori partekatzeko tresna bat, hizkuntza bat, izatea altxorra da.

Auzoko egitasmoak euskaratik urrun bizi diren pertsonei eskua luzatu nahi die, haiek euskarari eta herriari bihotza ireki diezaioten. Euskara da kohesio hizkuntza gure herrian, Azpeitian, eta beste toki batzuetan sortutako azpeitiarrei ezin diegu ukatu beraiena ere baden hizkuntzara gerturatzeko aukera. Izan ere, euskarara gero eta gehiago gerturatu, orduan eta hurbilago egongo dira Azpeititik, plazatik eta elkarbizitzatik.

Herri bat izan nahi badugu, guztiak izan behar ditugu kontuan. Euskara da gure aukera, eta elkarbizitza gure etorkizuna. Aurki informazio gehiago Auzoko proiektuari buruz.