Baigerak Eskubide Sozialen Gutunari egindako ekarpena

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2014ko ots. 7a, 12:31

Gutun sozialaz hitz egiterakoan, gogoratu beharra dago non kokatzen garen. Krisialdiaren aitzakiarekin, lehengo mendean lortutako eskubide guztien atzerakada nabarmena ari gara sufritzen, hau da, pertsona eta kolektibo guztiek lortutako eskubideak hankaz gora ari dira ipintzen, doako hezkuntza eta osasun unibertsala, etxebizitza, pentsioak, lana eta babes sozial guztiak doaz murriztuz eta atzeraka.

Pentsiodunen artean ikusten eta bizitzen ari garena oso bitxia da. Gizarteko parte baten sostengu bihurtu gaituzte, hainbat eta hainbat familiatan pentsioa bihurtu delako errekurtso nagusi. Baliabide honen degradazioa kontrolatu dute denboran eta forman eta beti joera berean, honela bizi kalitatea galduz.

Sortu duten egoera laboral eta sozialarekin gizartearen atal handi bat kondenatuta dago txirotasunera, langabezian daudenak nagusiki. Gizarteko pertsona helduen etorkizuna ere txirotasun erlatibo eta absolutura eraman nahi dute.

Testuinguru honetan ez dugu ahaztu behar gizartearen betebeharra honako hau dela: "Bizilagun guztien eskubideak eta bizi baldintza duinak bermatzea, banaketa sistema egoki batekin".

Printzipio nagusi hau dela eta, herriz herri, arloz arlo eta gardentasun osoz aztertu behar litzateke gizartearen betebehar hau nola betetzen den edo zer mailatan ematen den, herri bakoitzak bere egoera zer nolakoa den jakin dezan.

Horretarako hasi gaitezen aztertzen eta hurbiltzen Azpeitiko errealitate orokorrera:

- Zenbat daude enplegurik gabe, nortzuk dira? Gizonezkoak? Emakumezkoak? Gazteak?Ezkonduak? Familiadunak? Enplegurik ezagutzen ez dutenak?

- Zenbat txirotasunean sartuta daudenak?

- Zenbat txirotasun larria sufritzen dutenak?

- Laguntzetatik bizi direnak?

- …

Adinekooi dagokigunean bereziki, azter dezagun pentsiodunen errealitatea:

- Alarguntasun pentsioa: lehengoa eta oraingoa.

- Menpekotasunaren egoera: arina, larria, oso larria.

- Bakarrik bizi diren pentsiodunak.

- Pentsio minimoarekin bizi direnak.

- Pertsona helduekiko behar bereziak: osasun zerbitzuak, etxebizitzak, egoitzak, kultur zerbitzuak…

Beste hainbat arlo, hala nola, etxebizitza, oinarrizko baliabideak, osasun kontuak, zerbitzu sozialak, babes politiko guztiak,… aztertu beharko lirateke.

Hau guztia esanda, diagnostikoa egin ondoren errealitatea ezagutzen dugunean, badakigu gure bizi kalitatearen ratioa edo neurria nolakoa den. Baina neurri bideak jorratu behar ditugu, egoera hau gero eta gordinagoa izan ez dadin.

Alternatibak badira eta tresnak ere bai, horien artean ardura garrantzitsua izan behar du udalak:

- Herritarren ongizatea helburu izanez.

- Ongizatea ziurtatuz.

- Bizi kalitatea hobetuz.

- Dauden tresnak hobetuz: oinarrizko zerbitzuetarako, menpekotasunarekiko, etxebizitza sozialekiko dauden baliabideak landuz, beste administrazioetako hainbat erakunderi (osakidetza, lanbide, diputazioa, euskal gobernua…). Zuhurtzia eta zuzentasuna eskatuz eta exijituz.

Errealitate hau guztia ezagutzeko, ezinbesteko jotzen dugu helduon egoerari buruzko diagnostikoa egitea.

Pentsionisten partetik, eragile sozial bezala, parte hartze zuzena eskatzen dugu, eskubide demokratikoen barne kokatzen dugulako parte hartze eskubide hau ere.

Berri gehiago baigera.net