Joxe Mari Aranbarri: "Herritarren datuek azalduko dute non dauden beharrak, eta lehentasunak definitu beharko lituzkete"

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2014ko ira. 25a, 11:30

Baigera jubilatuen elkartea arduratuta dago herriko jubilatu eta pentsiodunen egoera ekonomikoaz, eta, oro har, haien bizi-kalitatearen duintasunaz. Hori dela eta, Udalarekin jarri zen harremanetan taldea, pobrezia azterketa bat egiteko eskatzeko. Orain, horretan dihardu Udalak, eta Baigerako arlo sozialak bere ikuspuntua eman du gaiaren inguruan.

Zergatik da premiazkoa azterketa egitea?

Baigera Jubilatuen Elkartea arduratuta zegoen Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen artean zegoen egoera prekarioaz. Gipuzkoako 2012ko Pobrezia Informea eginda zegoen, eta egileak Azpeitira etorri ziren hori azaltzera. Hala ere, zabalegia da txostena, eta ez du herriko errealitatea islatzen. Hori dela eta, Udalari eskatu genion gaiari eusteko, eta harrera ona izan du proposamenak, Udalak bere egin baitu kezka hori, eta azterketa egitea erabaki baitu.

Teknikoki, nolakoa izango da azterketa?

Udalak azterketa hau SIIS enpresarekin egitea erabaki du, eta inkesta bidez egingo du. Inkestak aurrez aurre eta etxez etxe egingo dira. SIIS enpresak azterketa honen fidagarritasuna %95ekoa izango dela dio. Horretarako, ia 500 inkesta egingo dira, eta hori salto handia da; izan ere, etxebizitza askotan sartuko dira, gutxi gorabehera, lautik batean.

Diagnostiko horrek aurkitu beharko luke, Azpeitiko 14.000 biztanleen artean, zein diren sektore ahulenak, zein ari den sufritzen gehien, non dauden diskriminazioak, non dauden beharrak eta abar. Baigeraren ikuspegitik bereziki garrantzitsua da hori ezagutzea jubilatu eta pentsiodunei dagokienez. Azterketak abiapuntua izan behar du, jarraipena eman behar zaiolako.

Bederatzi ataletan banatzen da inkesta:

  • Etxeko kideen eta etxearen datuak.
  • Etxeko kideen ikasketak, hizkuntzak.
  • Osasuna eta autonomia.
  • Jarduera, lana eta prestakuntza.
  • Diru sarrerak.
  • Etxeko gastuak eta egoera ekonomikoa.
  • Etxebizitzaren berezitasunak.
  • Gizarte harremanak eta partaidetza herrian zein politikan.
  • Pobreziari aurre egiteko neurriak.

Atal bakoitzaren inguruan zenbait galdera egingo dira, eta familiak edo etxeak zoriz aukeratuko dira. Beraz, azterketa beraren emaitzak fidagarriak izateko denon parte hartzea beharrezkoa iruditzen zaigu.

Baigerak zer garrantzi ematen dio azterketari?

Behar sozialak identifikatzen badira, horiek garrantzia izan behar lukete aurrekontuak egiterakoan. Herritarren datuek azalduko dute non dauden beharrak, eta lehentasunak definitu beharko lituzkete. Gure sailera etorrita, Azpeitiko 14.000 biztanletatik, 3.000 inguru dira 65 urtetik gorakoak. 3.000 horiei gehitu behar zaizkie adina baino lehen pentsioa kobratzen ari direnak, aurre-jubilatuak eta erreleboko kontratuak. Horiez gain, ezintasunen batengatik pentsio bat kobratzen ari direnak ere badaude. Ez dakiguna zera da, pentsiodunak eta jubilatuak elkartuta zenbat garen, agian, 4.000 edo 4.500 gara, ez dakigu. Emaitzek eman behar lukete hori.

Baigeraren ustez nolakoa da Azpeitiko jubilatu-pentsiodunen egoera?

Badakigu pentsiodun asko daudela hilean 1.000 eurora iristen ez direnak, ia erabat. Gainera, badakigu pentsiodun bat baino gehiago bizi dela gutxienekoarekin. Alarguntasunaren ondoren, gaur egun, badaude 400 euro pasatxoko pentsioekin bizi direnak. Diputazioak egin duen azterketan jakin dugu, pobreziaren marra 840 eurotan dagoela.

Bestalde, gutxieneko soldata 620 eurokoa da; eta, beraz, pobreziaren mugaren azpitik dago. Badakigu, lanean ari den gaztea ere txirotasunean bizi dela, baina 840 euro azpitik kobratzen duten pentsionistak ere txiroak dira. Gazteen egoerak ere eragin handia izan du. Asko langabezian daude, etxearen hipotekak ordaindu ezinik, gurasoen etxera joan direnak, haien laguntza eskatzen dutenak...

Txirotasun era asko daude, energetikoa, kulturala… mota askotakoak, baina pentsa dezagun lan produktiboa, tailerretako lana egin ez duten emakumeengan, pentsioa senarraren bidez jasotzen dutenengan edo alargundu ondoren ia ezer gabe gelditu direnengan. Horien egoera zein da? Hori identifikatu beharra dago.

Azpeitiko herriak barneratuta al du arazo hau? 

Errekurtsoen banaketak ez du gizarte osoaren babesik, laguntza jasotzen duena markatuta dago. Guk orain arte intuizioz funtzionatu izan dugu, baina hori errealitatearekin kontrastatu behar dugu. Gipuzkoako azterketak adierazi zigun zenbait laguntza ez direla iristen, herritarrek ez dakitelako tokatzen zaionik edo lotsatu egiten direlako.

Hilero pentsioa jasotzea, ordea, normaltzat hartzen dugu. Zergatik ez dago maila berean onartuta gizartean, behar duenari behar duen hori eman egin behar zaiola? Gizarte bezala, hori zuzendu egin behar dugu. Erakundeek beharra duten guztiei eman egin beharko liekete, nolabait, dagokien laguntza.

Guk badakigu, lege naturala delako, 70 eta 75 urte bitartean hasten dela pertsona goitik beheraka abiadura bizian, eta hor sortzen direla menpekotasun gogorrenak. 70 eta 75 urtetik aurrera lautik edo bostetik bat beste batzuen menpe egongo gara, graduak gorabehera. Denok nahi dugu adin horietara iristea, bizi-iraupena luzatzea eta bizi-kalitateari eustea, baina bestetik horrek “kostu handia” duela esaten ari zaizkigu, horretarako eskubiderik ez bagenu bezala.

Lehen esandako zenbakien arabera, Azpeitian, agian, bost jubilatu-pentsiodunetatik bat egon daiteke menpekotasunen batekin. Gero, horiei erasaten dieten murrizketekin zer gertatzen da?

Menpekotasun fisikoa ez den beste menpekotasun bat ere badago: seme-alabak lanik gabe uztea, errekurtso gabe uztea, soldata minimoekin lanean, beraien proiektua aurrera atera ezinda, gurasoei laguntza eskatzen… Eta, horrez gain, askotan, jubilatuoi tokatzen zaigu gure seme-alaben egoera prekarioaren zama hartzea, haien umeak zaintzeaz gainera.

Eta azterketaren ondoren zer?

Azterketak dena ezin digu eman, eta badakigu zer ez digun emango. Ez digu esango zer baliabide izango ditugun gure bizitza duinago izateko. Hori faltako zaigu; eta, beraz, horrek izan beharko luke hurrengo pausoa: zein dira Azpeitian dauzkagun errekurtsoak?

Azpeitiko azterketa hau udal mailan egiten den lehen ahalegina baldin bada, beste udalek ere gauza bera egin beharko lukete. Posible al da hori udalerri guztietan egitea eta herritar guztiak kontziente eta partaide izatea, herriko diskriminazioak, beharrak identifikatzeko orduan? Ate bat izan daiteke.