Baigerak batzordea berritu behar duela eta, deia egin die herritarrei

2023ko Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Eguneko irudi bat. (Baigera)

Baigerako Batzordea berritzeko jende berria bilatzea dagokio Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen elkarteari. Herritarrak haren parte izan daitezen animatzeko, honako gutun hau bidali dute.

Urte berria hemen da, eta asmo berriekin hasi gara Baigeran. Izan ere, urtero bezala, Baigerako Batzordea berritzeko jende berria bilatzea dagokigu. Batzordea berritzea eskatzen digu gure funtzionamendurako dugun estatutuak. Estatutuak dio bi edo lau urterako epealdian arituko direla batzordekideak. Eta zein da gure egoera? Bada, batzordea osatzen dugun zortzi kideetako bostek urte horiek denak gaindituta ditugula, eta ondo, gainera.

Baigerak 1.840 bazkide ditu, eta 55 urtetik 70era arteko adin tartea hartzen badugu, berriz, 432 bazkide. Potentzial handiko jende multzoa da gurea, eta hori guztia antolatu eta martxan jartzeak lan pixka bat eskatzen du. Hori da Baigerako Batzordearen eginkizuna, hain zuzen ere; urteko ekintzen egutegia osatu eta kurpila martxan jartzea.

Batzordea osatzen dugun taldeko bi sarreran egoten dira, jendea artatzen eta ekintzetarako zerrendak osatzen. Beste hiru  kudeaketa lanak egiten aritzen dira, ekintza horiek ahalik eta ondoen gauza daitezen. Horrez gain, diruzaina dugu, ditugun diru sarreren eta irteeren gastuak doitzeko. Zazpigarren kidea idazkaria da, eta haren eginkizuna aktak, gutunak, bestelako idatziak eta urteko memoria idaztea dira. Gainera, lehendakaria dugu, dena ondo joan dadin taldea koordinatu, gainbegiratu, udaleko arduradunekin kontaktuan egon, bilerak antolatu eta dena gainbegiratu eta bideratzeko.

Hori dena ahalik eta txukunen aurrera ateratzen saiatzen gara astean hiru egunetan pare bat ordu sartuta. Baina kontuan hartu behar dugu hori denon lana dela, eta bakoitzak aletxoa jarri behar duela batzuek urteak eta urteak pasatu behar izan ez ditzaten. Ideia berriak ekarriko dituen odol berria behar dugu, beharrezkoa dena mantendu eta ideia berriekin aire berriagoa eta eguneratuagoa emango diona Baigerari.

Badakizue, zerbait egiteko gogo pixka bat baduzue herriagatik, jubilatuen taldeagatik eta zeuen buruagatik, animatu, hurbildu Baigerara eta galdetu, argibide guztiak emango dizkizuegu eta. Komunitateagatik egiten den lanak dirurik ez dizue emango, baina  ez dudarik izan asebeteko zaituztela. Eta horrek asko balio du.