Kulturazek eta Bertanek elkarlanari ekingo diote berriro

COVID-19aren eraginez azken urtean zehar beren jarduera baldintzatuta egon ostean, hainbat ekintza berreskuratu dituzte hitzarmen baten bidez.

Badira urte batzuk Kulturaz Kooperatiba Elkarteak eta Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak elkarlanari ekin ziotela. Izan ere, 2018an bi entitateek indarrak batu eta elkarri laguntzeko konpromisoa hitzartu zuten.
 
Pandemiaren iritsiera eta honek kultura zein merkataritza arloan izandako eraginaren ondorioz, ezinezkoa izan da azken urtean elkarlana aurretiazko baldintzetan egitea. Orain, lan egiteko moduen berrien bidez, elkarteen jarduera egonkortu den honetan, berriro sinatu dute hitzarmena.
 
Horrela, ekarpen ekonomiko baten trukean, merkatari elkarteak Kulturazek antolaturiko ekintza guztietarako sarrerak izango ditu, saltokien zein bezeroen artean zozkatu ahal izango dituenak. Aldi berean, Bertaneko bazkide diren saltokiek Kulturaz Kooperatiba Elkartearen zerbitzuetan %10eko deskontua izango dute (zerbitzu teknikoan, luntx zerbitzuan, iragarki grabaketan, etab). Guztia biribiltzeko, Kulturaz Bertaneko bazkidea izango da, eta Bertan, berriz, Kulturazen babeslea. 
 
Akordioa indarrean sartu dadin, Jose Luis Otamendi Kulturaz Kooperatiba Elkarteko ordezkariak eta Karmele Zabaleta Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteko presidenteak sinatu dute hitzarmena.