Sasi guztien gainetik...

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista | Iritzia | Artikulua
2012-06-28 10:24

Azpeitiko Bilgune Feministatik ere bat egiten dugu ekainak 28ko gay eta lesbianen harrotasun egunarekin. Izan ere gaur egungo jendarte eredu heterosexista eta patriarkalak ezartzen dizkigun arauei aurre egin eta etxean, kalean, ikastetxean zein lantokian praktika lesbianak izatea harro egoteko moduko zerbait dela iruditzen baizaigu.

Sexualitatea nola bizi behar dugun txikitatik barneratzen diguten zerbait da, praktika sexual batzuk onartzen dira beste batzuk errefusatzen diren bitartean. Noiz norekin eta nola izan harremanak erakusten digute gure sozializaziorako tresna desberdinen bidez; hezkuntza, komunikabideak, kultura, etab... Guzti honen aurrean praktika sexual lesbianak izateak arau hauste bat suposatzen du,  nolabait ezarrita dagoen horri aurre egitea, gure identitatea gutxiesten duten jarrera heterosexistei, begirada txarrei, txutxumutxuei, desabantaila sozialei,  etab.ei aurre egiteko indarrak ateratzea eta hain naturalizatuta dauden harreman ereduak zalantzan jartzea. Sexualitatea askatasunez bizitzeko apustu bat plazaratzeko eta gure sexualitatea zurruntzen duten arau hegemonikoak zalantzan jartzeko jarrera politiko bat ere bada lesbianismoa eta horregatik diogu harro gaudela lesbianak izateaz. 

Jendarte ireki, aurrerakoi eta aske batean bizi garenaren ideia faltsua salatu nahi dugu. Badirudi ezkontzeko eskubidea izateagatik harreman heterosexualak dituztenekiko “berdintasun” egoera batean gaudela. Baina komentario heterosexista eta homofoboak amaiezinak dira, oso protagonismo gutxi dugu telebista zein zinemetan botatzen dituzten pelikuletan, edo liburuetan... azken finean gure egunerokotasunean ditugun ereduetan...  Ondorioz Azpeitiko taberna edo plazetan ere ez ditugu ikusten bikote lesbianak edo homosexualak lasaitasun berdinarekin besarkatzen edo musukatzen, hainbat gazte herritik ateratzen dira, Londresera, Bartzelonara edo Madrilera, euren praktika sexualak lasaitasunez bizitzeko, lankideekin zure bizitza afektiboaz hitz egitea zailagoa da sexu berdineko pertsonekin harremanak izatean... Gure herrian transexualitatea erabat ikusezina da, ezkutatzera edo hemendik urruntzera behartuak sentitzen garelarik... Eta guzti hau ez da kasualitatez gertatzen, hau atzemateko zaila egiten zaigun modu batean ezarrita dagoen arau baten ondorioz gertatzen da, heterosexuala eta monogamoa izatea naturaltzat jotzen duen arau ikusezin horregatik hain zuzen ere.

Bestalde kapitalismoak ezartzen dituen botere harremanek ere eragin zuzena dute jendartean dugun posizioan... Ez da berdina gay ejekutibo bat izatea, edo etxeko langile lesbiana izatea edo sexu langile transexuala izatea jendartearen begietara... Botere posizio desberdinetan ezartzen direlarik batzuk eta besteak.

Zentzu honetan jendarte heterosexista, patriarkal eta kapitalistak ezartzen dituen botere harremanei aurka egiten jarraitzeko beste jarrera politiko bat da gure lesbianismoa kaleratzea, praktika sexual afektibo askeak eraikitzeko aldarrikapenak eginez eta ezarritako arau guztiak zalantzan jarriz.

Jendarte eredu honek baztertu nahi dituen kolektibo eta norbanakoak bertan gaudela, jendartearen erdigunean gaudela eta ez garela ezkutatuko aldarrikatu nahi dugu eta horretarako 2012ko ekainaren 28 honetan ere lesbianak hemen gaudela eta hala izateaz harro gaudela esan nahi dugu gure herriko plaza eta kaleetan!

Gaur, ekainak 28, bertso-triki-poteoa izango da 19:00etan, plazatik abiatuta! Sexualitate aske baten alde, denok kalera!

 

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia makolo | 2012-06-28 : 13:37

Bilgune feministaren aurka ezer ez dut, baiƱo bakarrik ezan munduko ;gizarte, talde politiko,nazio etabarretan .. beti egon direla eta egongo direla desberdintasunak azal koloreagatik,fisikoagatik,ideia politikoengatik ,hizkuntzarengatik,SEXUAGATIK ...eta batzuk izengo dira berean gehiengoa eta besteak gutxiengoa ,eta minoriak bere naturaltasunean bizitzen ikasi beharko lukeela ob-tzezioetan erori gabe ...........

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa