Euskal Herri feminista eraikitzeko konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia \N 2014ko mar. 7a, 11:56
\ Martxoaren 8a dugu larunbatean, Emakumeon Eguna. Urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez ere, Emakumeon eskubideak ozen aldarrikatzeko eguna! \ \ Krisiaren itzalpean harro dabilzkigu kapitala eta patriarkatua, lotsarik gabe, mozorroa kenduta. Eta emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara. Inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea. \ \ Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan merkatuan gero eta biluziago, zaintzaren motxilan gero eta harri gehiago, umetokian bandera espainola ezarri eta gure gorputza gurea dela ukatu nahi digute eta gorputza indarkeria sexistak moretuta. Ez hori bakarrik, LOMCErekin hezkidetzaren bidean egindako lana ezabatu nahi du Espainiako Gobernuak. Berdintasunaren eta hezkidetzaren alde egindako lana alde batera utzi eta erlijio katolikoa jarri nahi du erdigunean. Elizak eta Estatuak eskua emanda sartu nahi dute eskoletan. \ Urte luzez borrokatu dugu gure eskubideen alde, ibilbide luze honetan mugimendu feministak eginiko lan handi eta indartsuaren ondorioz urrats asko ematea lortu dugu. Baina emakumeok eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunaren eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Emakumeok berriro ere sistema heteropatriarkalaren kaiolara lotu nahi gaituzte. \ \ Honengatik, inoiz baino larritasun handiagoarekin eredu berri bat eraiki behar dugu, parekidea izango dena, aniztasuna oinarri izango duena, herritarrak oinarri eta helburu izango dituena, harreman eredu justoagoak eraikiko dituena. Egoeraren irakurketa gordinak etsipenean erortzeko baino, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Elkarri eskua eman eta begirada morearekin egoerari aurre egin behar diogu. Emakumeon sare sendoak eraiki eta gure sarea esparru guztietara zabalduz. \ \ EHBilduk Euskal Herri feministaren helburua bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazten du. Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu, bide horretan lan egingo dugu erakunde publikoetan, elkarteetan, komunikabideetan eta kalean. Jakitun gara jendartea eraldatzeak gure buruak eraldatzea esan nahi duela, ez gara jendartetik isolatutako erakunde bat eta guk ere ikasi eta landu beharreko alderdi asko ditugu oraindik. Mugimendu feministak irekitzen duen bidea jarraituz eraldaketaren bidean lanean jarraituko dugu. \ \ Beraz, larunbat honetan emakumeon eskubideak defendatzeko eta feminismoa oinarri izango duen eredu berrri baten beharra dugula ozen aldarrikatzeko beharra dugu. \ \ Horregatik, Azpeitiko EHBilduk gure herrian aste honetan zehar deituriko ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatzen die herritarrei! \ \ Azpeitiko EHBildu