Soreasu, herritarrekin eta herritarren beharren arabera

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2014ko uzt. 24a, 11:34

Azken asteotan EAJk medioetan Soreasuren inguruko mezuak zabaldu ditu beste batzuen artean. Soreasu eraikinaren miseriak, denon erantzukizun gisa saldu nahi ditu EAJk; arduradun zuzenak eta bakarrak eurak direnean.

Denok babestu omen genuen "proiektua" omen da. Hala diote, hala ez denean. Guk, 2006. urtean, kulturgune baten beharra onartuta, herriko diagnosia egin eta horren arabera eraikitzeko 5.3 milioko aurrekontu bati eman genion baiezkoa. Eta ez, gainerako alderdioi eta batez ere, herriko kultur eragileei bizkar emanda, diagnosirik egin gabe eta beharrak aztertu gabe obra faraoniko bat egiteari. Azterketa teknikoak behar bezela egin gabe eta presaka egin ziren lanak eta horrek hasierako aurrekontuen gorakada inportante bat suposau zuen. Haseran onartutako aurrekontua bikoiztu egin zen gerora, 10 milioitik gorako kosteetara helduz. Azken hiru urteetan eurorik ez inbertitzearen salaketa egin digute. Eurorik ez dela inbertitu? Eta nola deitzen dira bada urtero aurrekontuetatik zorra ordaintzeko bideratzen diren milaka euroak? Oraindik orain, Azpeitiak bizi duen egoera ekonomiko latz honetan herritarrek inoiz behar eta eskatu ez zuten azpiegitura erraldoi baten zorra ordaintzen dihardugu.

Azpeitiar guztiok dakigu Soreasu zer den. Kudeaketa txarraren ondorioa hain zuzen ere. Hasieratik presaka egindako proiektu teknikoaren ondorioa. Kultur taldeekin nahiz herriko eragileekin prozesurik abiatu eta garatu gabe egindako proiektua. Desajustea desajustearen atzetik suposatu zuen proiektua. Amaitu ere egin gabe, presaka inauguratu zen zine areto soila milaka Tona porlanen artean.  Eta egun, kultur beharrei erantzuteko herriko beharrekin sintonian ez doan azpiegitura.

EAJrentzan Soreasu hormigoia da. Guretzat, Soreasu auzoa eta auzokideak dira, eta hauen guztien bizi maila duina. Soreasu utzikeriaren erreinua izan da hamarkadetan. Abandonoaren auzoa. Guri, Soreasuri bere osotasunean irtenbidea aurkitzea dagokigu. Auzotarrekin auzoaren biziberritzea.

 Egindako astakeria hor dago. Hala ere, ahal den neurrian, eraikinari irtenbide duinena eman behar zaio. Eta horretarako konpromisoa dugu.  Azken aldian erabaki batzuk hartu diren arren (2014ko inbertsioa, herriko bestelako eragileentzako, Elkar-Ekin kasu, hainbat kokagune egokitzea, ) argi dago egun hutsik dagoen eraikin honen oinarria herriko Kultur taldeekin eta herrritarrekin eraikiko dela. Eta bide honetan garrantzi berezia izango du  Kultur Mahaiak  egin asmo duen diagnosiak. Partehartze proiektu batean murgildurik eta aurrera begirako lanak finkatu asmoz, herritarrrekin eta taldeekin Azpeitiko kultura bere osotasunean aztertu eta dignosi bat egitea da helburua. Eta noski, diagnosi honetan elementu garrantzitsu bat Soreasu izango da. Proiektu honetan, Udala bidai lagun izango da, denon hartean eraiki nahi bada biderik egokiena eta eraginkorrena hau dela deritzogu. Gure hautua hori da. Hala egin genuen Sanagustinen eta hala egingo dugu Soreasun ere. Era berean, Soreasu Alde Zaharraren biziberritzean elementu garrantzitsua izan daitekeela sinetsita gaude, eta beraz, tamainako irtenbidea eman behar zaio Soreasuri. Herritarrekin eta herritarren beharren arabera.

Argi dago batzuk jada hauteskunde kanpaina hasi dutela. Guk, herritarrekin, zubiak erakiz, elkarlanean jarraituko dugu. Edo saiatuko gara bederen.