Jone Etxeberria: "Kontrol publikoa galduz gero, inork ez ditu herritar eta herri gisa izan ditzakegun beharrak kontuan hartuko"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2014ko urr. 21a, 14:56

Bihar, asteazkena, Kutxabanken egoeraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Jone Etxeberria eta Joxe Mari Galarraga Kutxako batzarreko kideek Badugu alternatiba: Kutxabank publiko eta soziala. EH Bilduk antolatu du hitzaldia Kutxa eta Kutxabank-en izaera publiko eta soziala bermatzeko EH Bilduk landu duen proposamena azaltzeko. 19:00etan izango da, Sanagustin kulturgunean. Jone Etxeberria elkarrizketatu dugu.

Azken hilabeteetan zer ari da gertatzen Kutxabanken?

Kutxabank osatzen duten hiru aurrezki kutxei kontrol publiko eta soziala kendu nahi diete EAJk, PPk, PSE-EEk eta CCOOk. BBKko eta Vitaleko ordezkari publiko eta sozialak pasa den ekainean bidali zituzten etxera, aurretik aipatutako alderdi horiek aukeratutako hamabost pertsona izendatzeko. Lehen, BBKko eta Vitaleko Batzar Orokorra eta Administrazio Kontseilua osatzen zuten pertsonak erakunde publikoetako (udalak, foru aldundiak eta batzar nagusiak) ordezkariak ziren, hau da, erakunde publiko horiek aukeratzen, kentzen edo aldatzen zituzten. Ekainean izendatu zituzten patronoak, aldiz, ez dira inoren ordezkari, behin aukeratuak direnean nahi dutena egin dezakete, inori ez diote egiten dutenaren berri eman behar eta inork ezin ditu aldatu. Guztia eurek erabakitzen dute. Beraz, herritarron aurrezkiekin duela mende bat baino gehiago sortu ziren aurrezki kutxak euren interes hutsak defendatuko dituzten pertsonek kudeatuko dituzte.

Ostiralean izango da Batzarrean zer gertatuko da?

Urriaren 24ko Batzar Orokorra Kutxaren historia osoko azken batzarra izango dela aurreikusten dugu. Batzarrean EH Bilduk du gehiengoa 35 ordezkarirekin, baina gainerako ordezkari ia guztiak (PNV, PP, PSE, CCOO eta Pixkanaka) batera bozkatuko dute Xabier Iturbe Kutxako presidenteak kontrol pribaturako egin duen proposamenaren alde. Ez dute zirrikiturik utziko, orain arte egin duten bezala. Botoak lotuta, ondo lotuta, dituzte. Hor ikusten da hainbat alderdiren eta sindikaturen hipokresia galanta: eredu ekonomikoa dagoenean jokoan beti patroiaren alde egiten dute. Euren eskemetan ezin da zalantza izpirik sartu, badakite-eta euren erabakien aurka (pribatizazioa, etxegabetzeak, hemengo enpresentzat mailegu eza, Corte Ingles bezalako enpresen berfinantzazioak, Espainiako Banco Malo delakoan 1.000 milioitik gora sartzea itzulketarik gabe, CajaSur erosi eta hura salbatzeko 1.500 milioi erabiltzea...) gizartean zalantzaren bat sortzea lortzen badugu, gezurrean oinarritutako gaztelu hori guztia gainera eroriko zaiela eta herritarrok justizia eskatuko dugula. Hala ere, ostiraleko batzarrera Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena eramango dugu eztabaidatzeko, eurek nahi ez badute ere.

Zer eragin izan dezake kontrol pribatuak dakarren guztiak herritarrongan?

Izugarria. Egungo sistema kapitalistan, edozein herriren ekonomian finantza-sistemak berebiziko papera du. Azken finean, langileek eta herri sektoreek sortutako aberastasunetik eragindako aurrezkiak kudeatzen ditu finantza-sistemak, hau da, gu guztion aurrezkiak. Banku edota kutxa bateko kudeatzaileek aurrezki horiek non inbertituko dituzten edo nori mailegatuko zaizkion erabakitzen dute, eta zein baldintzetan egingo diren mailegu horiek ere bai. Bankuaren helburua bakarra dirua metatzea bada, banku horrek egingo dituen inbertsio guztiak helburu hori betetzera bideratuko dira eta, beraz, etxegabetzeak, preferenteak, komisioak edota ia legez kanpo egon daitezkeen hainbat prozedura erabiliko ditu aurrezleen dirua lortzeko bidean. Aurrezki kutxak, aldiz, bere garaian funtzio sozial bat betetzeko sortu ziren: langileon aurrezkiak langileon beharrak asetzera bideratzeko. Langileen eta herri sektoreen beharrak zeintzuk dira? Lana, etxebizitza, osasuna, hezkuntza... Horietan inbertitzen zuten funtzio soziala zuten aurrezki kutxek, ez ordea, bankuek. EAEko hiru aurrezki kutxek kontrol publikoa galduz gero, Kutxak kontrol publikoa galtzen badu, ez da inolako desberdintasunik egongo Kutxabank eta Santander edo Caixabanken artean, eta inork ez ditu herritar eta herri gisa izan ditzakegun finantza beharrak kontutan izango.

Urriaren 22an, EH Bilduk proposatutako alternatiba azalduko duzue bihar Sanagustinen. Oraindik posible al da Kutxabanken izaera publiko eta sozialari eustea?

Kutxabank salbatzeko aukera bakarra horixe da, bere izaera publiko eta soziala berreskuratzea. Hori egin ezean, eta Kutxabankeko presidente eta EAJkoa den Mario Fernandezek nahi bezala, Espainiako finantza-sistemaren championsa soilik badu helburu, herri gisa pairatuko dugun porrot handiena izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenaren bidez, kontrol publiko eta sozialari eutsiko genioke, ez soilik Kutxan, baita BBKn eta Vitalen ere. Eurek estali nahi badute ere, bide hori hautatzea borondate politikoaren baitakoa da. Baina legala den bide hori urratzeko, herri honen etorkizunaren alde egin behar da, herri honen autonomia bultzatu behar da, finantza-oligarkia handien aurrean herritarron interesak defendatu behar dira, baina EAJ, PP eta PSE-EE justu kontrako norabidean doaz, neurri neoliberal basatiak onartuz eta aplikatuz. Horren aurrean, EH Bilduk Gipuzkoako hainbat herritan hitzaldiak ematea erabaki du, eskuartean dugun informazio guztia herritarrekin partekatzeko, egoeraren jabe egiteko eta egin beharreko bidea batera egin ahal izateko.