Piramidea

Erabiltzailearen aurpegia e 2014ko mar. 20a, 11:13

El Bolsón-en nenbilen, Argentinan, artisau azokaren inguruan. Azokatik pixka bat aparte, beste postu batek erakarri zuen nire arreta: txapitola berri samarra zen, hainbat motatako iturriak-eta erakusgai zituena, eta enpresa baten izena zuen gainean. Bi gizon zeuden, irribarrez, eta bertara gonbidatu ninduten. "Uretan gaixotasun, birus, eta zikinkeria asko egon ohi da, eta gure produktuekin ura garbiagoa da, osasuntsuagoa".

Kanpokoa nintzela, eta arazteko tresnarik erosiko ez nuela ikusi zutenean, beste produktu bat eskaini zidaten: "gure enpresa liderra da sektorean, enpresaren parte izan zaitezke, nahi baduzu. Ederra da nagusirik ez izatea, zeuk zeure denbora antolatzea. Gainera, beste lan bat baduzu, ez duzu lan hori utzi beharrik. Soldata gehigarri bat atera dezakezu, eta uraren arazoa mundu guztian dagoenez, gure produktuak mundu osoan sal daitezke, eta baita zure herrian ere. Pentsatu, emaidazu zure e-maila, eta egongo gara kontaktuan". Baina ez zen hor amaitzen kontua. "Horrez gain, zuk zeuk beste zenbait lagun gonbidatu ditzakezu gure produktuak banatzera, eta horrela, haiek saltzen dutenetik ere onura ekonomikoa jaso dezakezu". Eta produktuen katalogoak eman zizkidaten, negozio-aukera izan daitekeela zioen beste diptiko bat, eta beraiekin kontaktuan jartzeko telefonoa. 
 
Eta gogoratu nuen ziklikoki gure artera etortzen direla horrelako 'negozioak', jendearen dirua, eta jendea, harrapatzen dutenak. Hasieran dirudi negozio ona dela, baina azkenean, piramidearen goiko aldera joaten da dirua, eta behe aldera etsipena eta haserrea.
 
Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.