Tonbola

Erabiltzailearen aurpegia e 2014ko ira. 5a, 13:22

Irakaslea naiz, eta askotan galdetzen diot neure buruari zer ote den ikasleei geratuko zaiena, denbora pasatzen denean zerekin gogoratuko ote diren. Neu zertaz gogoratzen naizen jarri naiz pentsatzen. 

Egia esan, klase konkretu batean esan nuena gogoratzen dut, fisikaz tutik jakin gabe aurreko biei kopiatuta atera nuen bederatzikoa ere bai. Ez dut ikasitakorik gogoan, eta askotan ez gara jabetzen ikasi dugunaz ere –ingelesez nik uste baino askoz gehiago nekiela gerora konturatu nintzen, metroan bakarrik geratu nintzenean–. Marokora egin genuen ikasbidaia bai, gogoratzen dut, baina ez naiz irakasleekin gogoratzen. Gogoratzen ditut zein izan diren nire irakasleak, ikaskideak zein izan ziren ere bai –bakarren batzuk ahaztu ere egin ditut– baina ez ditut irakasleak eskolak ematen gogoratzen.
 
Hala ere, klase bat, klase bakarra ia, gogoratzen dut. Esklabetan izan zen. Gelan, baten bat (edo batzuk) Marisol kantariaren "la vida es una tómbola, tóm, tóm, tómbola, de luz y de color" kantatzen ari zen, klasetik klaserako tartean. Filosofia klasea zen hurrengoa, eta han agertu zen Jexux Txanpaña, klasea ematera. Bere bizarra igurtzi, eta irribarre batekin esan zuen: "Tonbola, e?". Eta ordu osoa egon zen esaldi horren inguruan hausnarketak egiten.
 
Gu oso gustura egon ginen, ustez filosofia-klasea galdu genuelako, eta bera gusturago, behingoagatik Kant, Descartes eta horiek denek idatzi zutena aitatu beharrean, benetako filosofia-klasea eman zuelako.
 
Eta momentu harekin gogoratu naiz, oraindik orain, gaixotasun azkar batek Txanpaña eraman duenean. Bai, "la vida es una tómbola".
 
Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.