Gaur 10 urteko lau irudi

Gaur hamar urte (2003ko otsailaren 20an) garai honetantxe, goizeko ordubatak aldera ekin zion Espainiako Justiziak, ehunka armekin, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioari. Gurean ere kontatu izan dugu dexente gaiaz: 'Egunkaria: erantzuna Azpeitian' (http://uztarria.com/azpeitia/liburuak/09cprentsa_kopia/04/index_html), edo 'Izana da, ez izena' (http://uztarria.com/media/pdf/147.pdf, 34-35. orrialdeak), edo 'Martxelorekin autoan 2003ko otsailaren 26an' (http://uztarria.com/komunitatea/EnekoitzEsnaola/1350405281), edo 'Oraindik ere ari du' (http://berria.info/albisteak/75863/oraindik_ere_ari_du_estitxu_elduaien_egunkaria_ko_kazetari_ohia.htm). Baina tira, hemen beste aleren batzuk, sobera ez daudelakoan.

1. argazkia / Egunkaria-ren ordezko eta halabeharrezko 1. Egunero-ren pauta orria da, 2003ko otsailaren 20koa, 21eko periodikora begira egindakoa. Gauean, Egunero inprimategira bidali ostean, beste zeregin batera joan aurretik gorde egin nuen. Aurretik, otsailaren 20ko goiz partean, Egunkaria itxita zela, batzuk Andoaindik Tolosara joan ginen, hurrengo egunerako ere egunkaria ateratzeko, eta pauta honetan zehaztu genuen mamia: 16 orrialde, bakoitzean zer, entrega ordua, publizitatea... Erredakzioan kazetaren egitura marrazteko eta zehazteko erabiltzen den tresna da pauta. Hemen doa, beraz, plazara 2003ko otsailaren 20ko pauta, 'ezkutalekutik' aterata.

2. argazkia / Otsailaren 20ko pauta hura egin aurreko zirriborroa da. Tolosara heldu eta berehala egin genuena pare bat lagunok. Pauta egin ondoren, poltsikoan sartu nuen zirriborroa. Hori ere, plazara hamar urtera.

3. argazkia / Ia ederra egin genuen! Iritsi zen, presioak presio eta nerbioak nerbio, 1. Egunero inprimategira bidaltzeko ordua, eta erredakzioan itxiera lanetan ginen lagunok txiripaz ohartu ginen mantxetan ez zegoela preziorik jarrita. Kontua da Egunero-k Tolosaldean Egunero-ren maketak erabili zituela Egunkaria-ren itxieraren ondoren, baina Tolosaldeko egunkariak ez zeukan preziorik, ez zelako egunero saltzen —bestelako banaketa zeukan, orain Hitza-k duen bezalakoa—. Azken-azkeneko unean jarri genion 1. Egunero-ri 0,80 euroko prezioa —argazkiko azala ordukoa da, inpresoratik botatzean gordetakoa—. 2003ko otsailaren 21eko tirada 50.000 alekoa izan zen, errekorra; imajinatu kiosko denetan-eta zer saltsa sortuko zen ez bagenio prezioa jarri.

4. argazkia / 2003ko otsailaren 20ko argazkia da: Tolosaldean Egunero-ren erredakzioan 1. Egunero historikoa egiten, Egunkaria itxi zuten egunean.