Zortzimilakora iritsi, eta Benantxio Iruretaren galdera: "Orain hemen zer egiten da?"

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2013ko urr. 11a, 09:15

Gaur 25 urte igo zen Benantxio Irureta zena Yalung Kangeko tontorrera (8.505 metro). Bihar haren aldeko omenaldia izango da Aizarnan, maiatzean hil zen, Aneton istripua izanda. Honatx 1988ko igoera hartaz Lagun Onak Mendi Bazkunaren eta Uztarriaren liburuetako bi pasarte.

1988, Yalung Kang; Benantxio Iruretaren kontakizuna (Lagun Onak Mendi Bazkunaren 50. urteurreneko liburutik hartutako pasartea, 1996)

Azpeitiko multzo batek Himalayara egiten zuen bigarren espedizioa izan zen Yalung Kang-eko (8.505 metro) hura, eta Lagun Onak Mendi Bazkuneak orain arte gehien lagundu duena. Nik neuk ilusio handiz hartu nuen harantz joateko deia. Egia esan, ez nituen ia batere ezagutzen espedizioko kideak. Gehien, Joxe Takolo. Besteak, bistaz bai baina tratu aldetik ezer ere ez. Hala ere, hori ez zen oztopo izan.

Gerturatze martxa gogorra baina kategorikoa izan zen. Luzea, euritsua, baina oso ederra. Kanpamendu nagusira heltzen 22 egun pasatu genituen. Igoal erreka bat pasatu behar eta zubirik ez. Eta handik pasatu egin behar espedizio kideok eta beste 85 porteadoreek. Geuk egin behar izan genituen zubiak-eta.

Kanpamendu nagusia 5.500 metrora zegoen. Iritsi bezain laster, buruko mina sentitzen hasi nintzen. Botaka eta guzti egin nuen, ondoezik nengoelako. Atzera berriz behera jaitsi nintzen, Pello Aranbururekin batera. 500 bat metro behera jaitsi ginen, errekuperatzera, leku harritsu batera. Morala hanka azpian nuen. Nik, gainera, Himalayara joaten nintzen lehen aldia nuen eta erridikulu pertsonalaren beldur nengoen. Osatu nintzen, ordea, eta III. kanpamendua ezartzean, jadanik parte hartu nuen.

IV. kanpamendura (7.800) Josu Bereziartua Kunfu, Josu Arrieta, Javier Maiz Mahatsa eta lauok joan ginen, baita bi sherpa (Puri eta Purba) ere. Goizeko ordubatak edo ordu biak aldera gauzak prestatzen hasi ginen: ura, gosaria... Luzeagoa joan zen hura, luzeagoa! Pixka bat urduri ere bageunden. Halako batean, behintzat, moldatu ginen gora abiatzeko. Urriaren 11ko goizeko bostak ziren. Gaur egun entzuten diren orduekin, nahikoa berandu da ordu hori, baina guk orduan normala ikusten genuen.

Gorako erasoan, berezko selekzioa egin zen, gogo eta indar gehien zutenak joan baikinen gailurrerantz: kunfu eta biok. Josu Arrietak gaua gaizki pasatu zuela-eta, gora ez zihoala zioen. Mahatsa, berriz, gaizki zegoen. Purik eta Purbak, aldiz, esan zuten metro gehiegi zeudela goraino eta haiek ere IV. kanpamenduan geratzen zirela. Goizeko bostak aldera irten genuen, gora, Kunfuk eta biok. Hotz egiten zuela gogoratzen naiz: kanpin barruan, zero azpitik 22. Poliki-poliki atera ginen. Irten eta ordu laurden batera-edo, Kunfuk esan zidan botak min ematen ziola, galtzerdia gaizki jantzita zuelako edo. Eskularruak kendu zituen, orduan. Bota jantzi, gero berriz eskularruak, baina eskuak izoztuta zituela zioen. “Ni kanpinera noak, eskuak berotzera”, esan zidan. “Eta nik zer egin behar diat?”, nik. “Hik jarraitu gora; gero harrapatuko haut”, erantzun zidan. Eta nik goraka segitu nuen. Halako batean, goian eguzkia jotzen hasi zen. Eta eguzkia berotzen hasi zenean, derrepente harrikozkorrak goitik behera erortzen. Baita izotz puskak ere. Asko, gainera. Ni ez ninduten jo. Beherago zetorren Kunfu bai ordea. 8.150 metrora-edo zeuden orduan. Hala ere, zorte ona eduki zuen.

Halako batean, gailurrera heldu nintzen. Eguerdiko ordu batak aldera, goizeko bostetan abiatuta. 1988ko urriak 11 zen. Ez nintzen denbora asko egon, bost minutu-edo. Argazki batzuk atera nituen (Everesti, Lhotseri, Kanchenjungari, motxilari ere bai...). Sasoi aldetik oso ondo nengoen, banekien zer egiten nuen, ez nuen burua galdua. Eguraldi ona zegoen, baina hotz egiten zuen. Gailurrean ez zegoen ezer ere, neuk ere ez nuen ezer utzi, ikurrina Kunfuk baitzeukan. Kanpamendu nagusitik, katalejo handiekin, han ikusi omen ninduten tontorrean sukaldariak eta Rosa Maria Seguesek.

Bost minutuz goian egon ondoren, behera atzera berriz. IV kanpamendura heltzeko ordu erdi bat falta zitzaidala, Puri eta Purba etorri zitzaizkidan laguntzera. IV.era arratsaldeko lauak aldera iritsi nintzen. Takolo eta Mahatsa han zeuden. Kunfu eta Josu behera joanak ziren. Hurrengo goizean, traste guztiak hartu, eta nola edo hala iluntzean kanpamendu nagusiraino jaitsi ginen. Egun bateko atsedena hartu ostean, Takolo eta biok I. kanpamendura igo ginen, trasteak hartzera, baina hura kostatu igotzea! Psikologikoa izango zen ziurrenik.

Behin nik gailurra egin nuenean, espedizioak ez zuen ezta pentsatu ere egin beste saio batean. Eta segituan etxerako bidea hartu genuen.

Yalung Kang’88: “Benantxio, ez noak gora” ('Joxe Takolo' Uztarriaren liburuxka biografikotik hartutako pasartea, 2001)

1988an antolatu zen Azpeititik hurrengo irteera Himalayara: Yalung Kang-era (8.505 metro), Josu Bereziartua eta Pako Iriarte buru zirela. Joxe Takolo taldean zen. Javier Maiz Mahatsa, Pello Aranburu, Josu Arrieta, Benantxio Irureta eta Rosa Mari Segues ere bai.

“Takolo ez zen estratega bat –dio Bereziartuak–, baina bestela izugarria zen, eta hori ikusi nuen Annapurna IIn. Takolok zeukan umiltasun hura, lanerako gogo hura, goizetan mendira irteterakoan aurpegian nabaritzen zitzaion ilusio hura, guretzat txinparta zen. Gainera, taldeari segurtasuna ematen zion gizona zen, bermea baita adin horretako gizon bat, betidanik mendian ibili den bat taldean izatea”. 1988ko espedizioan 46 urte zituen Joxek.

Orduan, gainera, Benantxiok urriaren 11n tontorra egin ostean, Takolo bera gailurretik gertu egon zen. Baina ez zen ausartu 7.800 metrora zegoen azken kanpamendutik gora egiten. Benantxio Irureta: “Gailurrera iritsi nintzen, ‘orain hemen zer egiten da?’ galdetu nuen neure artean –lehen zortzimilakoa bainuen–, hamar bat minutuz han egon argazki batzuk ateratzen eta beherako bidea hartu nuen. Azkeneko kanpamendura ailegatzeko hamar bat minutu falta zirela Joxe Takolo hurbildu zitzaidan, eta egundoko besarkada eman zidan. Hango kanpin dendan afaldu genuen Puri eta Purba sherpek, Mahatsak eta bostok, eta Joxeri esaten nion animatzeko, abiatzeko hurrengo goizean gora, aukera guztiak zituela tontorra egiteko, zailtasunik ez zegoela, elurra baldintza onetan zegoela eta eguraldi ona iragarria. Saiatzekotan bakarrik joan beharra zuen, baina Joxe hemengo eta Pirinioetako mendietan beti bakarrik ibilitakoa zen, gauza aldrebesagoak egindakoa ere bai Pirinioetan, eta, beraz, seguru nengoen saiatuko zela. Hurrengo egunean oso garaiz jaiki zen, goizeko hirurak alderako, trasteak prestatu zituen, baina denbora aurrera zihoan eta ez zen abiatzen... Ni esnatu egin nintzen eta neure artean ‘irten beharko dik ba, irten beharko dik ba’, esaten nuen. Goizeko bostak aldera esaldi bakar batekin sententzia bota zuen: ‘Benantxio, ez noak gora’. Zer esan ez nekiela geratu nintzen. Zakuan sartu zen, lo pixka bat egin genuen, gosaldu gero, traste den-denak hartu eta behera jaitsi ginen, beheko kanpamenduraino, 5.300 metrora”.

Benantxio Iruretak inoiz ez du jakin izan zergatik ez zen Joxe Takolo gora abiatu 1988ko urriaren 12 hartan. “Beheko kanpamendutik bueltan hamar egun pasatu genituen oinez, ni ia beti Joxerekin joan nintzen, baina ez nion galdetu zergatik ez zen gora joan. Joxek ere ez zidan ezer esan”.