Konponbide garaia da. Jazarpen gehiagorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Gernikako Akordioa | Argazkia
2012-06-23 12:48


Datorren asteartean, hilak 26, Aritz Arzallus azpeitiarra, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dutela eta, Gernikako Akordioa sinatu genuen eragileok, gure kezka eta haserrea agertu nahi ditugu.

Kezka, beste behin ere, euskal herritar bat eskubide zibil eta politikoen aldeko lana egiteagatik, euskal preso politikoen eskubideen defentsan kasu honetan, epaitua izango delako. Euskal preso politikoei elkartasuna adieraziz, pankarta bat jartzeagatik, urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa eskatzen dizkiote. Berriz ere, iraganeko errezeta zaharrekin datoz garai berrietara. Errepresioaren gurpil eroan tematuta jarraitzen du espainiar Estatuak oraindik, etekin politikoa lortzeko.

Kezkak horrek haserrea berarekin darama ordea, eta gure haserrea, konpromiso bihurtzen da. Ez gaudelako, ez kasu hau eta ez antzekorik, onartzeko prest. Halako injustizien aurrean, ezin gara besoak gurutzaturik gelditu. Jazarpen dinamika honekin amaitzea denon esku dago. Herri presioak eta eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko elkarlanak, Euskal Herria bake eta normalizazio politikora darama, ilegalizazio politikaren fasea ere gainditze bidean jarriz. Bide beretik, guztion elkarlanak, norbanakoen aurkako jazarpenarekin amaitzera eraman behar gaitu eta eramango gaitu.

Egoera hau izanik, Gernikako Akordioa sinatu dugun eragileok, dei egiten diegu Azpeitiko herritarrei, datorren asteartean, ekainak 26, arratsaldeko 19:00etan Azpeitiko Enparantza Nagusian “Konponbide garaia da. Jazarpen gehiagorik ez” lemapean egingo den kontzentrazioan parte hartzera.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | 2012-06-25 : 10:35

Azpeitiko Gaztetxetik ere bihar egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei. Elkartasuna adierazteagatik epaituko dute eta guztioi dagokigu egoera hori salatzea. Gazte zein zahar, badakin/k, bihar (astearte) 19:00etan plazan. Aupa Artza! Animo!

Erabiltzailearen aurpegia Herrira | 2012-06-25 : 11:38

AZPEITIKO HERRIRA HERRI BILGUNEAK ERE BABESA ESKAINTZEN DIO

Otsailean, Herrira mugimendua sortu zenetik, euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko erronka geure egin genuen. Orduztik ona, Euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatuz, hamaika izan dira antolatu ditugun ekimen eta mobilizazioak. Bide honetan, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial aunitzek eta jendartearen gehiengo zabalak bat egin du egun euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenko neurriak desagerraraztearen alde. Izan ere, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna, bizi osorako zigorraren desaktibazioa eta Euskal presoak Euskal Herrian batzeko eskakizunak babes zabala jaso du, bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere.

Herritar desberdin asko batu gara lan honetan. Euskal presoen eskubideen alde aldarria egiteagatik, presoak Euskal Herriratzea eskatzeagatik, Aritz Arzallus herritarra epaitua izango da astearte honetan. Gaurkoan, gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu ohar honen bitartez.

Bizi dugun itxaropen garai honetan, bakea eta konponbidea eraikitzen lagunduko duen egoera berria behar dugu: pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izatea. Beharrizan horren trabarik handiena espetxe politika da oraindik orain, ehunaka pertsonen giza eskubideak baztertzen dituelako, esklusioa eta mendekua bilatzen dituelako eta sufrimenduaren soka luzatzen ari delako.

Espetxe politika aldatzea gobernuen esku dagoen arren, Euskal gizarteak dugu gobernuak urratsak ematera mugiaraziko dituen giltza. Norabide honetan, deia luzatzen dizuegu herritar guztiei, aurrerantzean ere euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde ekimenak antolatu eta bertan parte hartzera.

Erabiltzailearen aurpegia Elkartasun Kantu Lehiaketako Taldeak | 2012-06-25 : 12:51

Udaberrian burutu zen Kantu Lehiaketan parte hartu genuen 10 musika taldek, Aritz Arzallus herriko musikariak bihar Audientzia Nazionalean izango duen epaiketaren aurrean honakoa adierazi nahi dugu:

- Aritz Arzallusi gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu.
- Epaiketa hau salatu nahi dugu, presoen eskubideen aldeko aldarria epaitzea ez dugulako inola ere onartzen.
- Bihar, "Konponbide garaia da, Jazarpen gehiagorik ez" lemapean 19:00tan azpeitiko plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera dei egiten dugu. Kontzentrazioan Elkartasun Kantu Lehiaketako abestiekin osatutako diska jarrita egongo da.

Oharra sinatzen duten musika taldeak:
Aldexok, Belar txarrak, Egurra ta Kitto, The Friday´s Crew, Inpernuko Hauspue, Kasik, Old Bridge, Sardin Zaharrak, Segabathor eta Skandalue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa