Nire leihotik

Orain, hemen gaudelako

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Salegi 2024ko urt. 26a, 09:00
(Argazkia: Haizea Salegi)

Haizea Salegik 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da hau.

Bi mila eta hogeita hiru, bi mila eta hogeita lau,
urte bateko aldea, egun batetik bestera gertatzen da abenduaren 31n.
Ospatzeko hainbeste, hamabi ezkilen denboran,
mahatsa ahoan eta kanpai hotsa belarrietan,
"urte berri on!" oihukatu eta besarkadak eta musuak oparitu.

Urte zaharrari uzten dizkiogu pasatutako momentu aldapatsuak, berriari eskatzeko indartuko gaituzten bultzadak. Baina ez nuke esango ohitura horrek ezer asko balio digunik, bizitako guztiak bizkarrean pilatzen ditugulako inkontzienteki.

Iraganak estutzen eta etorkizunak beldurtzen gaitu, oraindik leku seguru bakarra oraina dugula ulertzeko gai ez garelako. Denbora ihesi doa eta ez da itzultzen, bizitza beste plan batzuk egiten ditugun bitartean gertatzen den magia hori delako.