Han eta hemen

'Euskaldun'

(Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Denok dakigun bezala, "euskarak egiten gaitu euskaldun" esaldia gaztelaniara gaizki itzulita legoke "el euskera nos hace vascos" esanez gero, euskaldun eta vasco ez direlako gauza bera. Euskaldun hitzak "euskara duena" adierazten omen du; beraz, "euskaraz mintzo dena", gaztelaniaz, vascoparlante litzateke. Baina, nire ustez, euskaldun hitzak beste zerbait ere badu, hau da, vascoparlante hitzak adierazten ez duen beste zerbait, beste zerbait hori zer den garbi esaten ez dakidan arren.

Adibidez, norbait euskaldunen artean oso tipikoa den zerbait egiten ikusten dugunean (hizkuntzarekin zerikusirik ez duen zerbait, hala nola izugarrizko eskuzabaltasuna erakusten), zera esaten dugu askotan: "Hori oso euskalduna da!". Ondorioa: euskaldun egiten zaituen lehenengo gauza euskara da (horretan ez dago dudarik), baina beste zerbait gehiago ere badago. Hori ikergai semantiko oso interesgarria da, baina aldi berean, zaila ere bai. Eta atzo nire ikasle batzuei (denak japoniar hiztun natiboak eta beren burua japoniartzat dutenak) honako hau galdetu nien: "Zuen iritziz zer da japoniar egiten gaituena?". Eta inor ez zen gai izan galdera horri garbi erantzuteko. Ezta ni ere.