Han eta hemen

Euskara sinplifikatu?

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2024ko urt. 7a, 12:00
'Euskara orain. Eraginkortasuna helburu' liburuaren azala. (Alberdania)

Hiromi Yoshidak 2023ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskara orain. Eraginkortasuna helburu izeneko liburuaren egileek honako eztabaida hau sortu nahi dute: euskara sinplifikatu behar den, hizkuntza eraginkorra izateko. Liburuaren koordinatzaileak elkarrizketa batean honakoa dio: "Ingelesa antzina oso hizkuntza konplikatua zen, baina egun hainbeste sinplifikatu denez, hizkuntza eraginkorra bihurtu da". Kontuan hartzekoak badira, baina: 1- Ingelesa bere kasa sinplifikatu da, ez inoren ahaleginen ondorioz. 2- Sinplifikatu dena bere gramatika da, eta beste elementuekin zer pasatu zen ere jakin egin behar da.

Galdera honakoa da: euskalgintzan dabiltzanek euskara sinplifikatzeko lana egin beharko ote lukete? Euskara zaila delako aitzakiaz ikasi nahi ez dutenentzat ikasteko errazago bihurtzeko? Ez zait iruditzen. Euskara ere hizkuntza naturala da, eta bere burua sinplifikatzeko bidea berak har lezake prozesu natural gisa. Gainera, hainbat euskalkitan (ahozko euskaran), aditz laguntzaileak eta abar hein batean (edo nahiko) sinplifikatuta daude, inor horretan saiatu gabe. Hori euskara bizirik dagoenaren seinale da, eta sinplifikatu edo ez euskarak berak erabakiko du.