Aukera, akatsa, esperientzia

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2014ko ots. 25a, 12:24

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hurrengoa.

Bizitzak bigarren aukerak ematen dituela probestuz, zuzenbidea ikasten hasi nintzen duela bi urte eta erdi, burubelarri, esango dut, zeren eta duela urte batzuk EHUn matrikulatu banintzen ere, klase eta azterketetara ez nintzen azaldu ere egin. Garai hartan, bizitzak eman didan aukerarik ederrenaz gozatzea lehenetsi nuen, ardurak alde batera utziz. Damutzen ez naizen aukera, damutzeak, ezer aldatuko ez lukeen arren.
 
Eta urte batzuk atzeraxeago joanda, selektibitatea egin ostean, ziurrenik formakuntza mailan gehiegi eskaini ez zidan hautaketa bat egin nuen, baina bizitzaren beste zenbait arlotan, eta bereziki harremanen eta elkarbizitzaren esparruetan, egin nezakeen onena. Gasteizera, Jarduera Fisiko eta Kirol Lizentziatura egitera, joan nintzen. 
 
28 urterekin, hori behar den perspektibaz balora dezakedala argi daukat, baina 18 urteko ikasle batek hautaketa egiten duenean, ikus al dezake horrelakorik? Ni behintzat ez nintzen gauza. Medikuntza eta Zuzenbidea nire aukeretan zeuden arren, ez nintzen gauza bietako inork eskaini ziezadakeena aurreikusteko. Kirola gustukoago nuen, eta gainera, errazagoa zen, eta Gasteizen.
 
Hala eta guztiz, etxetik kanpo bizitzeak, akademikoki (neuretzat) baliorik ez duen arren, derrigorra behar luke edozein ikaslerentzat. Jakina, ekonomiaren menpekotasunak aukera hori itxita uzten die hainbat eta hainbati, nere ustez, benetako injustizia dena. Aukeraketa egiteko garaian, batzuek lanbide heziketa hautatzen dute, beste batzuk unibertsitatea, eta beste batzuk lanera zuzenean hastea. Baina niretzat, inor ez da gai, adin horretarako heldutasun ulertezin bat ez badu, edo benetako barne grina, aukeraketa horrek suposatzen dizkion ondorioak ulertzeko, goizegi da norbere bizitzaren nondik norakoak, etorkizuna, marrazten hasteko.
 
Askotan pentsatu izan dut bikoteak ere antzerako egoeran egoten direla hainbatetan, hau da, behin hautatu eta dagoenari eutsiz, bestetarako aukerarik egongo ez delakoan edo, jarraitu, iraun, mantendu. Ikasketak amaitu eta lana lortu duenak ere, nahiz benetan bera asebetetzen ez duen egoera batean aurkitu, jarraitu egingo du, bizitzeko baliabideak hortik lortzen baititu, aldatzea oso zaila baita. Dena hasierako hautura laburbildu daiteke, eta hautu horrek eskatzen dituen hausnarketak eta balorazioak behar bezala egiteko gaitasuna eta kontzientzia esperientziak ematen du. Honela, bidean zehar topa daitezkeen arazoen aurrean jarraitu edo merezi ez duen egoera batekin moztea, zer komeni den, balora daiteke. 18 urterekin, zaila.

Esperientziaren balorea

Nire kasuan, argi dut, egoerak aldatzeko inoiz ez dela berandu, edo behintzat aldatzen saiatzeko. Era berean zortea dudala bigarren aukera baldintza egokietan garatzeko, eta hori guztiei ez zaiela gertatzen, bizitzaren gorabeherak direla medio. Baina bereziki, argi dut bizitako esperientziak behar den ikuspuntutik baloratzeak, geure egoerarekin kritikoak izateak eta akatsetatik ikasteak irakasten duela norbera zein den eta zer nahi duen, hanka sartzeko aukerak gutxituz.