Zertaz idatzi?

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2014ko uzt. 14a, 14:35

Normalean hil osoan zehar joaten naiz idatzi nahi dudana pentsatzen. Ideia ugari izaten ditut buruan bueltaka, zurrunbilo moduko bat, azken egunean botaka balitz bezala ateratzen zaidana. Nahiz eta presioa eta estresa ez diren bidelagun onak, ezin dut ukatu ezinbesteko ditudala ideia festa hori Word dokumentu batean gorpuzteko. Ekainetan, ordea, azterketek eta lagunekin eginiko oporraldiak eragin didaten deskonexioagatik, ez dut ezer ere pentsatu. Uste dut bikain etorri zaidala, gainera. Sekulako sentsazioa da eguneroko bizitzaz ahaztea, denboraldi labur batez bada ere. Ez uste?

Lerro hauek idazten hasteak garuna martxan jarri didala uste dut. Oporraldian bizi izandako zenbait momentuz oroitzen naiz, lagunartean eginiko barreez, Poloniako garagardoak lagunduriko barru husteez eta itzultzeko eguna iritsi zenean izan genuen hanka artekoaz. Denbora gutxiegi pasatzen dugu lagunekin. Edo, pasatzen duguna ez dugu behar bezala erabiltzen? Kontua da eguneroko bizitzak, errutinak, ohiturek, betebeharrek eta abarrek geure buruaren baitan ixten gaituztela, arazoak, zalantzak edo esperientziak partekatzeko espaziorik gabe utziz.
 
Horrela, konturatu ere egin gabe, benetan inporta duten gauzak alde batera uzten joaten gara. Bidaian zehar konturatu naiz zein erraz galtzen diren konfiantzak lagun arteko harremanetan. Bizitzak norbere bidera garamatza, eta bide hori zeharkatzen goazen heinean, betiko lagunengandik aldenduz goaz. Nahiz eta jende multzo handiak harremana mantendu, harreman horiek eusten dituzten sokak gero eta ahulagoak dira, edo sinpleagoak, eta horretaz konturatzeak tristura handia ematen du. Aldi berean, egia da beste harreman batzuk eraikitzen goazela, askotan ustekabean, nahi gabe. 
 
Halere, ez dut gehiegi dramatizatu nahi. Ziurrenik urteak ez dira alferrik pasatzen, eta gauza hauen kontzientzia hartzeak ere poz ematen du. Bereziki, lagun artean egotean aldamenekoari arreta gehiago jartzeko beharraz ohartzen naiz orain. Nola bizi garen, gure gorabeherak, ahuleziak eta bizipenak elkarbanatzea baino sentsazio ederragorik ez dakit dagoen. Arazoen aurrean entzun eta laguntza emateko prest dagoen jendea izatea, arazoen aurrean aholkua eskatzera etortzea edota besterik gabe, lanean zer moduz dabilen kontatzea, sinplea bezain bikaina. Eta egia da lagunek ez dutela hutsik egiten, behar ditugunean beti agertzen direla.
 
Baina esan dudan bezala egunerokoak lapurtzen dizkigu une horietako asko. Errutinak azalekoak diren gaiak aterarazten ditu mahai gainera, eta geureetaz baino nahiago izaten dugu besteen gorabeherez hitzegitea. Trukean, parrandetako euforia edota bajoi momentuak dira gehienetan egunerokoan barrutik jaten gaituzten kontuak ateratzeko espazioak. Zergatik?
 
Bikaina izan da sei eguneko oporraldian bizi izan dudana, sokak indartu dizkigu, eta ez dut gezurrik esango, garagardoak bere papera jokatu du (nasdrovia!!). Egunerokoarekiko ezberdintasuna, egunean 24 orduz elkarrekin egoteko aukera izan da. Jarraikortasuna, denbora librea eta hitz egiteko gogoa. Askatasuna, haustura eta eginbeharrik eza. Guztion buruetan antzerako gauzak daude, eta elkarbanatzeko espazioak behar ditugu. Errutina puta horrek, bizitza jaten digu. Harremanak zaindu egin behar direla erakutsi didate etxean, baina orain ari naiz horrek esan nahi duenaz konturatzen. Kaka zaharra, zahartzen ari naiz.
 
Uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.