Erabakia

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2014ko urr. 13a, 12:32

Hemen gara berriro ere. Irailean zeharreko gertakariak ugariak izanagatik, iritzi artikulu hau idazten hasi naizenean, buruan dudana Eskozia eta erabakitze eskubidearen inguruan idaztea da.

Irailaren 18an, Eskoziako herriak bere etorkizun politiko eta soziala zein izango zen erabakitzeko aukera historikoa izan zuen, herri edo nazio orok duen oinarrizko eskubidea, edozein jardun politikoren aurrekaria den eskubidea. David Cameron berak ere, esan zuen: "Erresuma Batua maite dudan arren, ni demokrata naiz eta ezin diot galdeketari ezezkoa eman".
 
Zeren eta galdera horren atzean dagoenak, Eskoziako herriak bere burua nola egituratu nahi duen, zein forma eta sistema politiko, instituzio eta zerga sistema, elkarren arteko harremanak edota kode penal nahi dituen barnebiltzen ditu.
 
Independentzia eta autogobernua ez dira hautu politiko onak edo txarrak, bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu. Garrantzitsuena, kasuan kasuko herritarrek eurak parte diren estatuarekin eta bere funtzionamenduarekin duten afinitatea, identifikazio maila da, estatuko herritar sentitzen diren ala ez eta ohitura eta usadioak bere egiten dituzten edo ez.

Ezetz esateko ere, gai

Eskoziako galdeketaren emaitzek argi erakutsi duten bezala, eskoziar herria bi zatitan egina dago sentimentu horiei dagokienez, eta Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoak direnek gehiengoa osatzen dute. Hautu independentistari jarri zaizkion traba eta zailtasunak –komunikabideen jarrera unionista, adibidez– kontuan hartu edo ez, eskoziarren etorkizuna eskoziarrei erabakitzeko eskubidea ematea lortu da. Nahiz eta independentziarik ez duen lortu, herriak hitz egin du, eta erabaki. Neuk nahiago nukeen Eskoziak independentzia lortu balu, baina ni ez naiz eskoziarra, eta haiek bezalaxe, emaitza errespetatu egin behar, eurek erabaki baitute parte-hartze masiboz.
 
Eskoziak erabaki du, aukera izan duelako. Azken finean, gai izan dira ezetz esateko ere; hemen, nik ez dakit zergatik, ukatzen zaiguna. Zer ote dugu Euskal Herrian, espainiarrei hainbeste interesatzen zaiena? Beren burua demokratatzat duten eta behin eta berriz hori gogorarazten digutenek, zein interes dute gure esku ez uzteko gure etorkizuna erabakitzea? Edo, besterik gabe, Errege Katolikoengandik jasotako heziketa inperialista ematen da euren eskoletan?
 
Herriei euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzea, herritarron eguneroko harremanetan islatzen da, Frommen "askatasunari beldurra" ideia indartuz, aske erabaki eta ekiteari beldurra; seme-alabei nahi dutena egiten uzten ez dieten gurasoak bezala, edo bikotekideari harremana amaitzen uzten ez diona bezala, edo homosexuala izateagatik laguna baztertuko duena bezala, edo atzerritarrak gure aberastasuna lapurtzera datozela dioena bezala. Herri askea izan nahi badugu, aske sentiaraziko gaituen ingurunea nolakoa izan nahi dugun hautatzeko gai izan behar dugu. Guk hautatuko dugu, aske izan edo menpeko.