Mendekua

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2014ko aza. 17a, 13:44

Gogorra zela entzuna nuen, baina ez nuen uste Lasa eta Zabala filmak horrelako amorrazioa eragingo zidanik. Kritika zinematografikorik egiteko asmorik gabe, filmak eragin zizkidan gogoetak partekatzeko asmoa da dudana.

Bederatzi urte nituela hainbeste aldiz entzun nituen izen-abizen haiek berriro entzun ostean, orduko gertakariak hain ondo oroitzeak inpresionatu ninduen hasteko. Filmak erakusten duena, bai ETAren jardun indartsua zein GALen sorreraren zergatia, Galindoren ezpainetan jarritako ohorearen mendeetako diskurtso hilezkorrean, mendekuaren definizioa iruditu zitzaidan. Ezin izan nion zenbait galdera egiteari utzi: edozein estatuk dituen baliabideak izanik, eta bere burua demokratikotzat duen estatu batek, nola babestu dezake GALen sorrera bezalako basakeria bat? Nola liteke tamaina horretako arazo politiko baten aurrean, arazoaren muinari heltzea baino, ojo por ojo ekitea nahiago izatea?

Ez dakit gaur egun perspektiba egoki batetik balora daitezkeen bi aldeetako gertakari latzak, gertakariek testuinguru jakinetan izan ohi dutelako zentzua. Baina argi ikusten dut ideia batzuen bueltan gizakiok noraino irits gaitezkeen, eta ezin dut ekidin garai hartako espainiar gobernuak, aginduak ematen zituenak, eta horrenbesteko amorrazioz basatiki bi gazte haiek torturatu eta akabatu zituztenek benetako nazka ematen didatela aitortzea. Nazka, mugaraino eramanda.

Zauritutako piztiarena

Baina orduan pentsatzen dut, haiek bezalakoa nintzatekeela lehen unean datorzkidan inpultsuei eutsiko ez eta berdina egingo banie. Haiek bazekiten inork ez zuela jakingo eta, jakinda ere, babestuak izango zirela, filman argi ikusten den bezalaxe. Hainbat aldiz penstatu dugun "inor enteratuko ez balitz garbituko al huen" testuingurua, gordin. Hala ere, garbi ikusten da guztiok ez garela gai ondokoari egoera horretan ere horrelakoak egiteko; etorkizuneko sarien kontsolazioan pentsatzen ez duenak, edo Bayo Leal bezain trastornatuta ez dagoenak, ezin duela beste aukera batzuk daudenean aukerarik txarrena egitearen zama ondo eraman.

Hor dago koxka, beste aukerarik baden edo ez arazoen konponbiderako. Hainbeste baliabide eta aukera izanik, espainiar estatuak hartu zuen bidea bere ohorea salbatu nahi duen zauritutako piztiarena izan zela ez dago dudarik. El imperio donde no se pone el sol, una, grande y libre, eta antzerako esaldiek gordetzen duten pentsamendua: niri ez potroak ukitu, nik agintzen diat, nahi dudan moduan. Onartezina inondik ere, agintearentzat arazoa suposatzen duten pertsona edo pentsakerak ezabatzeko hautua egitea, arazoari konponbide ahalik eta egokiena bilatzeko aukerari begiratu ere egin gabe.

Hori ez da zuzenbidezko estatu demokratiko baten jokabidea. Gezurti, faxista, odolzale, hiltzaile eta guretzat belarririk eta begirik ez duen jendillaje honekin, nola nahiko dugu ba gustura bizi? Hizkuntza eta ohitura, ideia eta pentsamendu, antolaketa eta jokamolde ezberdinak dituen oro paretik kendu besterik nahi ez badute... esango didazue zein den gure lekua kobazulo horretan. Mendekuaz elikatzen diren kanibal artean.

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.