Arazoak hamaika

Imanol Amianok 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

11ren 11n –hamaika ikustekoak gara, bai, baina ez da Onceren iragarkia–, HABEren idatzizko azterketaren emaitzak argitaratu ziren; batzuk haserre, gainditu ez dutenek izan zuten kejie eta destitxie; beste batzuk, sufrikario ez makala pasatuta asko, zoratzen, GAI irakurrita pantailan. Euskaraldia amaitu berri, abenduaren lehenengo asteburu honetan izan dugu ahobizien gaitasuna neurtzekoa; santotomasetan, baserritar mozorrotuta, titulu lortu berria ospatzen ari direnak ikusiko ditugu, baina, belarriak prest ala ez, berriro entzungo ditugu "nolatan ez gai azpeitiarra izanda?" bezalakoak, talopean.

Euskalduntasuna –euskaraduntasuna, alegia– neurtzearen beharra ezbaian jartzen dutenei galdetu beharko diegu hain gorrotagarri diren azterketa eta titulurik gabe zer espero dezakegun. Pista bat: hemendik aurrera udaltzainei ez zaie euskararen erabilerarik ­–zer erabilerarik, ezagutzarik!– eskatuko, diskriminatuak izan ez daitezen. Hori bai, 1,65 metro baino gutxiagoko mutilek eta 1,60 azpitiko neskek ez dute munipa izateko eskubiderik izango. Ez binarioek, auskalo.

Hamaika ikustekoak ginen, bai, hamaikaren hamaikatik aurrera, Pantailaldian: nik Berririk ez mendebaldeko frontean (Im Westen nichts Neues) ikusi nuen, alemanezko jatorrizko bertsioan –ukrainarrez eta portugaldar brasileiroan badagoen arren–, euskarazko azpitituluekin (Netflixen, ez Hamaika Telebistan). Alemaniar soldadu gazte baten ibilerak kontatzen ditu Lehen Mundu Gerran ­–kontuz, spoilerra dator–, 1918ko hamaikagarren hilabetearen 11n, 11:00etan, armistizioa indarrean sartzearekin batera hiltzen duten arte. Hamaika ikustekoa nintzen, baina, onar dezadan, bakarra izan da.

Egun gutxi batzuk geroago, "im Osten gutes Neues" izan genituen; mendebala bailitzan, hautsak harrotu dituen sorioneku haizetea ekialdeko frontean; duela 2.000 urteko eskualdian ez bezala, albiste onik ez dugu, ordea, gaur egungo euskararen frontean: Euskaraldiaren bezperan emandako erabilera datuen zaplaztekoak etsipena sortu dute, akuilua izan beharko luketenean, baina ez gurean, non inguruko fronte guztietan ez bezala, %80tik gorakoa omen baita kaleko erabilera. Bai ote?

Bueno, honaino txapa. Apotropaikoa omen Irulegiko eskua; hots, eguzki loreak bezala, etxeko atarian iltzatuta, barrukoak babesten dituen edo kanpoko gaitza uxatzen duen objektu sinbolikoa; Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko herriek erabiltzen zuten Fatimarena bezalakoa. Baskonikoz edo euskarabigoz, zorioneko eskuak atera gaitzala gaitzetik, (h)amen. Hamaika ikustekoak izango gara eta.